Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aratuste-domekak dantzan jarriko ditu antzuolarrak

Dokumentuaren akzioak

Aratuste-domekak dantzan jarriko ditu antzuolarrak

Egun horretan ospatuko dituzte Aratusteak Antzuolan, eta dantzak izango dira egitarauaren ardatz nagusia. Umeen dantza, helduena eta Sorgin dantza izango dira, eta bertan izango dira hartza, tximinoa eta hezitzailea ere.
Egilea
Goiatz Arana
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Antzuola
Mota
Albistea
Data
2015/02/09
Lotura
Goiena

Egitaraua

Hamarrak aldera aterako dira kalera: talde bat, Sorgin dantza eginez, hartza, tximinoa eta hezitzailearekin, Kalegoi aldera; beste taldea, Inauteri giroko dantzak eginez, Kalebarren aldera. Txoko batean, salda beroa hartu eta sabela berotzeko elkartuko dira gero eta, ondoren, 12:30ak aldera, guztiek elkarrekin eta dantzari txikiekin batera, jaialdi ikusgarri bat eskainiko dute, Herriko Plazan. Askotariko dantzak egin ostean, Sorgin dantzarekin emango diote amaiera goizeko ekitaldiari.

Aspaldiko ohitura

Antzuolak betidanik izan ditu Inauteriak ospatzeko ohitura eta gogoa. Garbi ez dagoena da Sorgin dantza noiz egin zen bertan lehenengo aldiz: 1922 urte inguruan dantzatu zuen dantza talde batek, eta dantzari horiei 25-30 urte gehiago zituen Nikomedes Letek irakatsi zien dantza hori; beraz, 1885 inguruan, dantzatzen zen Antzuolan Sorgin dantza. Eta dantza horrekin batera, beste hiru pertsonaia ere bereziak izaten ziren Inauterietan: hartza, tximinoa eta hezitzailea. 

Oinarin dantza taldeak berreskuratu zuen Sorgin dantza 1990ean, eta hurrengo urtean atera ziren hartza, tximinoa eta hezitzailea. Hartza eta hezitzailea ikus daitezke Euskal Herriko beste herri batzuetan ere, baina tximinoa ez da beste inon ateratzen. Hemengo ikerlariek ez dute aztarnarik aurkitzen tximinoaren gainean, eta diote tximinoak sasoi bateko txerrena (deabrua) ordezkatu zuela XX. mende hasieran. Ez dago argi, era berean, hartz horrek zerikusirik duen 1867an Laskurain baserri ondoan hil zutenarekin. Hartz hori izan zen, hori bai, Gipuzkoan hil zuten azkena.

Garai hartan, Aratuste-domekan, goizean atera eta baserriz baserri ibiltzen ziren txanpon edo sari bila; eta eguerdi aldera, kalera itzuli, eta bazkaldu egiten zuten, arratsaldean jarraitzeko. Gaur egun, dantzariak ez dira ateratzen eskean, auzorik auzo.

Dantzarako zaletasuna

Antzuolarren dantza zaletasuna 1576an agertzen da lehenengo aldiz parrokiako eta udaletxeko liburuetan. Urte horretan, Kalagorriko —Calahorra— kanonigo batek debekatu egin zuen hilerrian danbolina jo eta dantzan egitea.

Eta beste ohitura batzuen tartean, dantza batzuk ere gorde ditu Antzuolako herriak. Horiek, nahiz eta euren ondare berezia ez izan, ezberdintasun dezente dute Gipuzkoako dantzekin alderatuz gero.
Makila Txikiak, Uztai edo Arku dantza, Makila Haundiak eta Zinta dantza dira aipaturiko dantzak.

http://goiena.tok-md.com/photologue/photos/SorginDantza.jpg

Antzuolako Herriko Plazan, Sorgin dantza dantzatzen.

Dokumentuaren akzioak