Dokumentuaren akzioak
54 zakozarrek ohiturari eutsi diote Lesakan
Astelehenean hainbat karroza ikusi ziren plaza inguruan, euriari aurre eginez
Zakozar nagusiak musika bandaren laguntzaz egin zuten kalejira. Hain zuzen, 27 urtez musika bandarekin tronpeta jotzen aritua den Jabier Zubieta Apeztegia izan zen zakozar moduan debuta egin zuenetako bat, 40 urterekin. Bera bezala, Iñigo Araneta Jauregi, kataluniarra sortzez, guraso bizkaitarrak dituena eta azken hamar bat urteetan Lesakan bizi dena ere.
Musikariek Lesakako Inauteriak pieza jo zuten behin eta berriz eta zakozarrak karrikaz karrika ibili ziren mairuak eta gainerako ikusleak uxatzen. Zakozarrak Zabaleta dorrearen parean, Antoiun, Eskol-Ttikin eta Bittiria karriketan gelditu ziren, atseden hartzera eta monttonkak egitera. Jostunek, zakuen urratuak moldatzeko eta galdutako pizontzien ordez, bertze berriak emateko aprobetxatzen zuten geldialdi horiek.
Behin ibilbidea bukatutakoan, plazan zakuak urratu eta belarrekin jolasean ibili ziren haur eta gaztetxoak.
Inauterietako Astelehena
Igandean Goitarrek Endara, Zala, katazpegi eta Nabaz auzoetan egin zuten bezala, inauterietako astelehenean 30 bat Fraindarrek, bere eskea egin zuten Frain eta Otsango auzoen barna, euriari aurre eginez. Joxemanuel Igoa eta Xalbador Madariaga akordeolarien musika lagun eta erratzen kolpeak akuilu, Arraultze Arraultze eskean ibili ziren umore ederrean. Eguerdi partean plazan hainbat karroza ikusi ziren plazan. Honenbertzez, Lesakako inauteriak akautu dira, nahiz eta asteartearekin ere Fraindar batzuk ibiltzen diren oraindik Izotzaldea eta herrian barna.
Zakozarrek sasoi ederrean egin zuten beraien ibilaldia. Argazkia: Aitor Arotzena
Dokumentuaren akzioak