Dokumentuaren akzioak
“Sustraiak galdu gabe adarrak noraino iristen diren ikusi nahi dugu”
Kalean aurkezteko lan bat prestatzen ari zarete. Zergatik kalean eta zergatik kortsarioak?
Dantza konpainiak ibilbide laburra duen arren, aspalditik genuen gogoa dantza kalera ateratzeko. Garaiak ez dira onenak jendea antzokietara eta leku itxietara eramateko. Dantza kalera atera behar dela iruditzen zaigu, eta kalean egiteko emanaldi bat sortzeko gogoa genuen. Horretan genbiltzala, proposamenak aztertzen, handik eta hemendik Euskal Herriko kostaldeko bizitzari buruzko informazioa jaso genuen, eta harritu gintuen asko kortsarioen gaiak. Euskal Herriko kostaldean ere indar handia izan zuen fenomenoa izan zen. Bai Pasaiakoa eta baita Donostiakoa ere kortsario portu oso handiak izan ziren XV. mendetik XVIII. mendera arte.
Beraz, oraingoan, historia izango da dantzarako aitzakia.
Bai. Oso interesgarria iruditu zitzaigun gaia. Hemen asko hitz egin da arrantzari buruz eta kostaldeko bizimoduaz, baina hor bazen beste ekonomia jarduera bat, itsaslapurrena, kortsarioek edo piratek bultzatutakoa. Kortsario zebiltzanak Koroaren baimena zuten guda garaian etsaien ontzi bat aurkitzen zutenean abordatzeko eta zituzten produktuak edota itsasontzia bera lapurtzeko. Iruditu zitzaigun interesgarria nabarmentzea ez dela bakarrik Kariben gertatzen zen kontua, eta bidelapurrak baziren bezala itsaslapurrak ere bazirela. Horretaz ere hitz egin nahi genuen, memoria freskatu, gure historiaren pasarte bat gogora ekartzeko.
Lanaren atariko aurkeztu duzuen bideoa, Itsaslapurrak, Albaolaren Kultur Faktorian grabatu duzue, San Juan galeoiaren erreplika eraikitzen ari diren ontziolan.
Albaolaren proiektua oso egokia da guretzat. Baleontzia eraiki bitartean, bestelako kultur jarduerak egiten dira han, itsas antzokia deitzen duten tailerrean, eta agertoki oso egokia iruditu zitzaigun gure lana pixkanaka zabaltzen hasteko. Gure asmoa da udan lana plazaratzea eta guk ere probak egiten hasi nahi genuen, ikusten has zedila zertan ari ginen. Haiekin harremanetan jarri ginen, eta esku zabalik hartu gintuzten. Uste dugu oso toki egokia dela; esan bezala, baleen bila joango ziren haiek, arrantzara eta merkataritzara, baina merkataritza eta arrantza horien tartean, askotan itsaslapurretak izango zirelako. Ziurrenik San Juan baleontziak berak jasango zuen horrelako abordatzeren bat. Itsasertzean jarduera ohikoa zen.
Ez da hainbeste denbora igaro Ilargiaren malkoa estreinatu zenutenetik. Lan horrek oraindik ere jarraipena izango du, ezta?
Iazko ekainean estreinatu genuen, eta hurrengo emanaldiak Irunen, Andoainen eta Elorrion izango ditugu [maiatzaren 2an da Irungoa, Amaia kultur zentroan].
Harrerarekin kontent zaudete?
Bai, oso kontentu gaude. Pausoka-pausoka goaz. Zer kontatu nahi dugun aztertzen goaz, zer egin nahi dugun pentsatzen. Bigarren lan hau oso-oso desberdina da gure lehenengotik [Errimak oinetan]. Antzokirako zerbait egin nahi genuen momentu horretan, goxotasunarekin, sentiberatasun handiarekin. Eta harrera oso-oso polita izan da. Lehen piezak arrakasta handia izan du gure ingurukoetan, azken finean Haatiken estilo propioa duelako.
Nolakoa da Haatiken estilo propioa? Zeintzuk dira oinarriak?
Gure kulturan oinarria duen dantza konpainia da Haatik. Gure kultura, gure historia kontatu nahi duen konpainia gara. Gu dantza tradizionalean hazitakoak gara, eta hori ez dugu ahaztu nahi; hori da gure balio erantsi horietako bat. Ez dugu edozein dantza konpainia izan nahi. Modu garaikideagoan, edo gaur egungo formetan kontatuta, baina argi geldi dadila gure kulturari buruz hitz egiten dugula. Gure dantzaren bidez, edo tradizionalki iritsi zaizkigun mugimenduen bidez erakutsi nahi dugu balio handia duela guretzat hemen egiten denak; jaso ditugun eragin horiek guztiak gugan ditugula erakutsi nahi dugu. Azkenean, sustraiak galdu gabe adarrak noraino iristen diren ikusi nahi dugu.
Noraino gustatuko litzaioke iristea Aiert Beobideri Haatik konpainiarekin?
Noraino iritsi, ez dakit. Zaila da dantza konpainia bat noraino irits daitekeen jakitea. Iritsi nahi dugu gure lana zabaltzera, sentitzen duguna erakustera, eta jendeari gure espiritu hori kutsatzera; gurea ez dadila gal. Ikus dadila gure ohiturak-eta hor daudela, eta gauza ezberdinak egiteko, zabaltzeko eta kontatzeko balio dutela. Benetan sentitzen ditugun horiek zabaldu nahi ditugu.
Eta zuk zeuk profesional gisa noraino iritsi nahiko zenuke?
Orain arte nire ibilbide profesionala dantza izan da batez ere. Oraindik ere beste produkzio baterako deitzen badidate dantzari bezala aritzeko gustu handiz joaten naiz. Egia da, dantza egiteaz gain, ikasi eta ikusi ditudan gauza horiekin guztiekin probatzeko gogoa dudala, esperimentatzeko gogoa. Esperimentazio horretan, batzuetan zuri gustatzen zaizunak kanpora begira ez du hainbesteko oihartzunik lortzen, eta beste batzuetan gauza sinple batek izugarrizko oihartzuna du, Errimak oinetan kasurako.
Horixe izan zen zuen lehen lana, eta arrakasta handikoa.
Gu 2001ean hasi ginen taldekideak biltzen eta zer egin nahi genuen aztertzen. Orduan bertan Unai Elizasu bertsolariaren proposamena jaso genuen. Bertsoa eta dantza uztartuko zuen ikuskizuna sortzeko gogoa zuen Elizasuk. Ordurako Ilargiaren malkoa proiektuarekin lanean hasiak ginen, baina bagenekien luze joko zuela, eta Elizasuren proiektuari ekitea erabaki genuen. Berrogei emanalditik gora egin ditugu lehen lanarekin, eta egin dugun emanaldi bakoitza opari bat izan da.
Ikusleek asko eskertu digute egindako lana, originaltasuna... Errimak oinetan ikuslearengana iristeko erreminta eman zigun, indar handia eta azelerazio bat taldeari. Hasi ginenean bost dantzari ginen, eta gaur egun hamar dantzari gara konpainian. Familia handitu egin da, eta orain ideia gehiago ditugu, begirada gehiago.
Dokumentuaren akzioak