Dokumentuaren akzioak
“Oso gurea den zerbait sentitzen dugu”
Unanuko Inauteriak
1. Noiz ospatzen dituzue inauteriak Unanun?
Unanuko inauteriak hurrengo igande eta asteartean ospatuko ditugu, bi egun horietan aterako gara. Igandean gazteagoak izaten dira parte hartzen dutenak eta asteartean helduagoei lekua egiten zaie, Horixe da bi egunetan ezberdintzen dena, jendearen adina. Herri txikia izanda, duela urte batzuk asteartean eta igandean ateratzen garenak berberak gara, baina aurten gazte batzuk badaude eta agian beraiei lekua eginen diegu.
2. Nola ospatzen dituzue inauteriak?
Arratsaldeko 16:00ak inguruan janzteko Unanuko Kontzejuan biltzen gara eta ordu erdi ala ordu bat geroago Mamoxarro ala Muttuz mozorratuta kalera joaten gara. 19:00ak bitarte Unanuko aldapetan gora eta behera aritzen gara, ilundu arte behintzat bai, eta 18:00etan auzatea egoten da elizako ate ondoan, txistorra, gazta, ardoa eta piper opilekin. Iluntzen duenean, etxez etxe eskean joaten gara trikitixarekin eta gero elkartean afaria egiten dugu. Garai batean, arrautzak eta patatak ematen zizkiguten afaria prestatzeko, baina gaur egun dirua ematen da. Igandean, Mamoxarroz eta Muttuz mozorratu garenon afaria egiten dugu eta asteartean, inauterietako egun handia ospatzeko herri afaria egiten dugu elkartean.
3. Zeintzuk dira Unanuko Inauterietako pertsonaiak?
Berez bi pertsonaia dauzkagu Unanun, Mamoxarroa eta hau garrantzitsuena izanen litzateke eta Muttua. Biek funtzio desberdinak dituztela esan dezakegu. Muttuak ez du panpaxillarik eramaten, hortaz, ez du soinurik ateratzen mugitzen denean eta horregatik deitzen diogu Muttua pertsonaia honi. Panpaxillak zintzilik eramaten ditugun kaskabiloak dira eta mugitzen denean soinua ateratzen du. Mamoxarroek berriz, panpaxillak zintzilik daramatzate eta beraz, soinuak nondik dabiltzan zelatatzen ditu. Muttuak etxeetara sartu egiten dira Mamoxarroei lagundu eta jendea non ezkutatzen den esateko.
4. Zenbat urte ditu Unanuko Inauteriak?
Herriko zaharrenek hori ez dakite. Frankismo garaian inauteriak debekatuta egon zirenean Unanun ez ziren gelditu. Suposatzen dut gaur egungo askatasun eta normaltasunarekin ez zirela ospatuko, baina Unanun behintzat ez da etenik egon. Ahal den bitartean hemen jarraituko dugu.
5. Zer irudikatzen dute Unanuko pertsonaiek?
Uztarekin erlazionatuta egon daitekeela entzun dut. Garai batean uztak garrantzi handia zuen, orain ez bezala, ez denontzat behintzat eta izurriteak uxatzeko funtzioa omen zuten. Hori da entzun dudana, baina hainbeste urte eta gero zaila da ziurtasun handiz jakitea.
6. Zer jantzi erabiltzen dituzue mozorratzeko?
Mamoxarroa zuriz janzten da, kamiseta zuria eta hanka luzeko galtzontziloak daramatzate soinean. Gerriko gorria ala beltza, panpaxillak, bi zapi, bata buruan eta bestea lepoan, kareta eta txapelak. Muttua berriz emakumez janzten da, andreen gonak erabiltzen ditu mozorratzeko, bi zapi, txapela eta kareta ere bai, baina panpaxillak ez ditu jartzen, horregatik deitzen diogu Muttua. Arropa batzuk etxetik ekartzen dira, beste batzuk Kontzejuan gordetzen dira. Garai batean panpaxillak etxeetan gordetzen ziren eta mozorratu baino lehen goizean panpaxillen bila joaten zen etxez etxe. Guretzat hots hori goiz goizetik entzutea izugarria izaten zen, orain ohitura hori galdu egin da.
7. Karetek balio izugarria dute, badakizu zenbat urte dituzten?
Karetek urte pila dituzte, herriko zaharrenek ere ez dakite zehazki zenbat izanen dituzten. Kareta zaharrenek ehun urtetik gora izanen dituzte ziur. Batzuk galdu egin ziren eta kareta berriak egin ziren ondoren. Zahar zaharrenek bistan dago urte asko dituztela. Burnizkoak dira, txapa finekoak, eta bakoitzak margo ezberdinak dauzka. Garai batean egin ziren kareta berrien margoak nahiko antzekoak dira, baina zaharrenak ez. Kareta zaharren kasuan adibidez, adarrak zituzten lehenago baina urteekin gordetzen, eta erabiltzen hautsi egin ziren. Noizbait haien jatorria jakinen zuten baina egun ez dakigu, urte asko pasa dira eta.
8. Asko mozorratzen al zarete?
8-12 pertsona inguru ateratzen gara normalean. Igandean gehiago izaten gara, festa eguna da eta jendeari hobeki datorkio. Sartzen diren gazteak igandean ateratzen dira baina asteartean ez, lehen esan dizudan moduan. Asteartean 6 gutxienez urtero elkartzen gara, beti urtearen arabera, beste batzuetan gehiago egoten gara.
9. Karetak oso ospetsuak dira baina makilak ere bai, zer motatako makilak erabiltzen dituzue?
Urritza erabiltzen dugu. Beti erabili izan dira mota honetakoak, bertan basoan horrelako asko dauzkagu eta ohitura berarekin jarraitzen dugu. Urtero Unanuko basora joan eta makila berriak prestatzen ditugu. Inauterietan hautsi egiten dira, beraz, urtero berriak egin behar. Normalean makial nahiko finak hartzen ditugu.
10. Zergatik mantendu dira hainbeste urtez inauteriak Unanun?
Karetak adibidez hainbeste urtez mantentzea, horrek zerbait esan nahi du, honekin aurrera jarraitzeko gogoa ematen dizu. Unanu herri txikia da, bakarrik festak eta inauteriak dauzkagu eta herriko jendearentzat inauteriak festa haundia dira, ia herriko festak baino askoz ere gehiago. Lanean dagoen jendeak batzuetan jai hartzen du inauterietan herrian egon ahal izateko. Oso gurea den zerbait sentitzen dugu.
11. Non gordetzen dituzue karetak, panpaxillak, jantziak?
Kareta zaharrekin kontu handia izaten saiatzen gara. Kontzejuaren ondoan aldatzen gara, eta berehala giltzapean gordetzen ditugu balio handikoak direlako guretzat. Unanutik azken aldiz Olazti eta Altsasuko Nafarroa Oinezera atera genituen, eta ardura handiz ibili ginen berriz ere herrira bueltatzeko. Horrelako karetak galtzea herriarentzat sekulako galera izanen litzateke horregatik oso ongi zaintzen ditugu.
Dokumentuaren akzioak