Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Denetarik dugu, dantzetan oso aberatsa baita Nafarroa”

Dokumentuaren akzioak

“Denetarik dugu, dantzetan oso aberatsa baita Nafarroa”

Ortzadar elkarteak 40 urte daramatza dantza tradizionala ikertzen eta sustatzen. 2005ean, Nafarroako Kultur Ondarearen Legea onartu zenean, lan horri testuinguru berria emateko aukera ikusi zuten. Hala abiatu zen Nafarroako Dantza Tradizionalaren Inbentarioa, atlasa ere badakarrena. Besteak beste, Karlos Irujo (Iruñea, 1960) ibili da inbentarioa osatzeko jardunean.
Komunikabidea
Nafarroako Hitza
Mota
Albistea
Data
2015/04/03
Lotura
Nafarroako Hitza

2005ean abiatu zen proiektua, kultur ondarearen legea onartu zenean, baina zuek hamarkada luzeak daramatzazue dantzaren inguruan lanean, ezta?

Momentu jakin batzuetan, gauza ezberdinak elkartu eta berriak sortzen dira. Guk, berez, 40 urte daramatzagu esparru honetan lanean. 2005ean kultur ondarearen legea onartu zuten, eta guk, ostean, bi txosten etnografiko egin genituen; batetik, Ituren, Zubieta eta Lantzeko inauteriak, eta, bestetik, Erronkariko hiru behien zerga kultur ondare gisa har zitzaten. Hortik abiatu genuen egitasmoa. Esku artean zehazki zer dugun jakin behar dugu, eta hortik aurrera, aitortza zerk merezi duen erabaki, edo babes neurriak zehaztu. Hortik abiatu ginen, eta gurera ekarri genuen legeak zioena. Pentsatu genuen diagnostiko bat egin behar genuela, dantzak gurean nola dauden eta denboran nola garatzen diren aztertzeko. Eta horrekin hasteko tresna bat behar genuen. Inbentarioa da tresna hori. Alegia, diagnostikatzea zeintzuk diren Nafarroan ditugun dantzak. Hor daude, besteak beste, dantza berriak, zaharrak, berreskuratuak, birsortuak... Mota askotako dantzak topatu ditugu bidean.

Argitu behar da inbentarioa eta atlasa bi gauza ezberdin direla.

Bai, ez dira gauza bera. Inbentarioa dantzen zerrenda da, zer dagoen identifikatzea. Atlasean, ordea, dantza bakoitzari dagokion fitxa dago. Horren barruan, dantzari buruzko azalpenak aurki daitezke, ezaugarri nagusiak azalduz. Eta horrekin batera, partiturak, bideoak, audioak eta halakoak ere izango dira. Hori ere zabaldu ahalko litzateke. Hain zuzen ere, hori da gure asmoa, jendearekin batera osatzea fitxa horiek.

Egitasmo zabalago baten parte da hau guztia. Nafarroako Dantza Tradizionalaren Behatokiaren parte, hain zuzen ere.

Behatokian jarraipen bat egingo dugu, tradizioa eta dantza nola dagoen aztertzeko. Leku batzuetan helduek egiten dituzte dantzak, beste batzuetan galtzear daude, eta beste leku batzuetan oso osasuntsu daude. Egoera ezberdinak dira. Beraz, behatokiaren funtzioa da diagnostiko hori noizbehinka eguneratzea.

Eta abian da jada egitasmo hori?

Bai, martxan dago. Aurten, jada, hainbat tokitan egon gara, gauzak filmatzen eta halako diagnostiko bat egiten. Noski, gure baliabideak murritzak dira, gu amateurrak baikara eta denbora librean egiten baititugu gauza horiek. Saiatzen gara proiektua leku bakoitzean azaltzen —Leitzan eta Cortesen egon gara, besteak beste—, gure proiektua auzolanaren gisara ikusten dugulako, eta denon artean egin nahi dugulako. Adibidez, orain Aranoko dantzei buruzko fitxa egiten ari gara. Gero haiengana joango gara, eta haiek esango digute zer sartu eta zer ez, bi aldeen arteko elkarlana izan dadin. Izan ere, haien dantzak dira, eta haiek ezagutzen dituzte. Guk sinesten dugu halako proiektu parte hartzaileetan.

Testigantzak oso garrantzitsuak izango dira lan horretan...

Bai, eta gustatuko litzaidake hori azpimarratzea. Tokian tokiko aldizkarietan agertu nahi dugu, jendearengana hurbildu nahi dugulako. Herrietako jendeak badaki zer dantzatzen den herrietan; edo nork dantzatzen duen oso ongi jota edo porrusalda. Testigantza horiek oso garrantzitsuak dira era honetako proiektuetan.

Zer motatako dantzak dauzkagu Nafarroan?

Denetarik. Nafarroa oso aberatsa da dantzetan. Euskal Herria, dantzei dagokionez, hemen bildu daiteke. Gipuzkoan eta Bizkaian bezala, ezpata dantzak ditugu. Ez dira berdinak, baina ezpata dantzak dira. Bestalde, batez ere ingurutxoak ditugu, guk dantza sozialak deitzen ditugunak: jotak, porrusaldak eta halakoak. Horrez gainera: makil dantzak, arku dantzak, zinta dantzak... denetarik daukagu.

Eta nafarrok ezagutzen al ditugu gure dantzak?

Topikoetan eta tipikoetan geratzen gara. Jota ezagutzen dugu, eta dantzatzen da, nahiz eta geroz eta gutxiago dantzatu... Badira dantza ezagunak. Nork ez ditu ezagutzen Otsagabiko edo Lesakako dantzariak? Eta Lantzeko zortzikoa? Baina badira beste asko galtzeko bidean daudenak, eta ezagunak ez direnak.

Eta dantzatzen ditugu?

Badago dantzarako ohitura, baina galtzen ari da. Guk oso erraz sartu izan ditugu polkak, mazurkak edo garai bateko modazko dantzak. Baina oraindik ez gara ausartzen, adibidez, dantza sueltoa sartzera. Dantza suelto modernoa nahi dut esan: rocka, popa eta holakoak. Guk ez ditugu horiek sartu izan, ez garelako ausartu. Eztabaida hori ematen ari da. Nik gogoan dut gure garaian diskotekan dantzaldia beti bukatzen zela jota batekin. Gauza horiek gero eta gutxiago ikusten dira.

Tradizioak, izan ere, eraldatu beharra du, bizirik iraun nahi badu.

Etengabe aldatzen eta birsortzen da tradizioa. Horregatik, guk hasieratik hautua egin genuen tradizioa birsortzeko borondatea daukaten adierazpen berriak inbentarioan sartzeko. Adibidez, Iruñeko ezpata dantza, Duguna taldeak egiten duena, edo Iruñeko kauteroen dantza. Ez dira emanaldi gisara egiten, folklorean sartzeko baizik.

Dokumentuaren akzioak