Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Manexaren gida: 11 gomendio Maskaradetan ez galtzeko

Dokumentuaren akzioak

Manexaren gida: 11 gomendio Maskaradetan ez galtzeko

Manexaren gida: 11 gomendio Maskaradetan ez galtzeko

Maskaradak Zalgizen, 2014. Argazkia: Iñaki Zugasti CC-BY-SA

1- Onartu dezagun: manexak gara behe laino artean

Maskaradak Larraine 2010 3615 700pZuberotarrentzat mundua bitan banatzen da: xiberotarrak eta manexak. Haiek eta zu! Eta zuri manex izatea tokatu zaizu! Onartu zure nortasuna, manexa izatea jaiotzetiko bekatua da, ez düzü sekula Altzürükü-ren ü guztietan ü ahoskatzen asmatuko, ez duzu inoiz braletik jaustea xiberotarrek bezala dantzatzea lortuko, eta ez duzu inoiz Kabana Handiaren pherediküa ulertuko! Baina lasai, xiberotarrek barre egiten dutenean zuk ere barre eginez disimulatzen ikasiko duzu. Onartu dezagun, manexak gara xiberotarren lurraldean.

2- Gogoratzeko ohar mentala: herri txiki bat da Zuberoa

18.000 biztanle ditu Zuberoak. Alegia, Hernanik edo Bermeok bezala. Antzeko biztanle konpuruko herriak dira adibidez Tolosa, Ermua edo Amorebieta-Etxano. Maule-Lextarre hiriburuak 3.000 biztanle ditu, alegia Oion, Eskoriatza edo Lesakaren tamaina dauka. Eta herriek 200, 400 edo asko jota 800 biztanle dituzte. Barkoxe, herri handienetakoa da Zuberoan, eta 775 biztanle ditu, Asteasu, Urdiain edo Kanpezuk bezala. 300 biztanle dituen herri batean, maskaradak antolatzeak herriko ia-gazte guztiak inplikatzea dakar. Eta horien artean dantzari onak, kantariak eta antzerkilariak izan behar dira. Eta 14 astez, astebururo, herriz herri ibiliko dira ikusgarri hori eman eta eman, gainontzeko gazteekin eta ez horren gazteekin bizipenak partekatuz. 

Iñaki Zugastik aurtengo lehen maskaradan ateratako argazkia

Besteak-beste, zuberotarren arteko harremanak lotu eta indartzeko bide dira maskaradak, beraz. Eta giro horretan, hara agertzen gara manexok, autobusetik jaitsi eta argazki edo/eta bideo kamera eskuan, japoniarrak nola, klik eta rec! Bistan da gida baten beharra dugula!

Autobusa bera hartu aitzin gogoratu manexok, Muskildi, Urdiñarbe, Maule, Atharratze eta Barkoxez gain, badira herri gehiago Zuberoan. Eta horietako batzuetan maskaradak ere badira aurten: Zalgizen, Ainharben, Altzürükün, Eskiulan, Idauze-Mendin, Arrokiagan, Alozen, Hokin, Altzain, Gamere-Zihigan eta Irurin kasu. Sarri herri txikietako maskarada hauek dira xarma handien dutenak.

3- Ez fidatu mundua onen eta txarren artean banatzeko ohituraz

Buhameak urdiñarbeBai, lehen aldiz gurekin datorren lagunari esplikatuko diogu maskaradetan bi talde daudela: gorriak eta beltzak, alegia, onak eta txarrak. Baina bai? Ziur gaude horretaz? Zenbait ikertzaileren (Roslyn Frank, Urbeltz,..) iritziz maskaradak bi taldetan banatzen dira: txarrak eta txarragoak! Gorriak dantzari bikainak eta dotoretzat ditugu, eta beltzak zabarrak eta bortitzak. Baina nola da posible Pastoraletan gaiztoak direnak, gorriak, turkoak, maskaradetan onak izatea? Ba ikertzaile horien ustez maskaradetako gorriek gizakientzat arriskutsua, txarra dena sinbolizatzen dutelako, eta beltzez berriz oraindik okerrago dena, izurritea bera.

4- Orain duzu ene maitea, Xiberoko tenorea

Denbora erlatiboa dela azaldu ziguten aspaldi. Ez dakigu xuxen teoria hori formulatzerakoan, Maskaradak hartu ote zituzten oinarri. Litekeena da.

Mixel Etxekoparren esanetan, Zuberoan 2 ekitaldi mota bakarrik hasten dira tenorez, ttanko: ehorzketak eta pastoralak. Eta Maskaradak, beraz ez dira horietarik. Hartara, gure manex-herriko abiapuntutik oilarrak kantatu aitzin abiatu eta Maskaradak emanen diren herrira goizean-goizik heldu eta karriketan inor ikusten ez baduzue, traaaankil!!

Goizean 9:30 - 10:00ak aldexean hasten dira barrikadak eta 4, 5, 6 izaten dira goiz guztian zehar, herriko xoko ezberdinetan. Beraz, ez dugu eguzkia jalgi orduko zertan heldu. Herrira iritsi eta saia gaitezen xirula eta txintxil hotsek gida gaitzaten.

Arratsaldeko jokoa 15:30-16:00ak aldera hasten ohi da, baina dependitzen du. Zenbat luzatu diren goizeko barrikadak eta non bazkaldu duten maskaradakariek. Zenbaitetan maskaradak hartzen dituen herriko jendearen etxeetan bazkaltzen dute eta horrek bazkalburua luza dezake (batez ere, buhame eta kauterek haien predikuetan zer aipatuko duten kuxkuxeatu nahi izaten badute anfitrioiek). Maskaradak arizale guztiak plazara heldu gabe has daitezke, beraz, edo arizale guztiekin, baina beranduxeago ere bai.

Arratsaldeko jokoak 2 ordu t'erdi luzeko iraupena izaten du, beraz, gerta liteke 19:00ak ere izatea, bukatu orduko. Bueltarako hitzordua lehenago egina badugu, komeni da ez lehen lerroetan esertzea eta zalaparta handirik egin gabe, diskretuki, abiatzea autobuseruntz.

5- Urdiñarbe, Larraine edo Santa Grazin, ikusi bezala egin!

Norbere bizitzan aplikatzeko moduko aholkua, baina maskaradetarako egokitua. Zure manextasuna ez dadila manexkeri izan. Komenigarria da oharkabean pasatzea, errespetuz eta bereziki, beltzeriaren jomuga izan nahi ez baduzu. Eta hala ere, horrek ez dizu onik ateratzea bermatuko. Oharkabean pasatzeko zenbait aholku, beraz:

  • Barrikada bakoitzean jan-edana eskaintzen dute bertakoek. Maskaradariek haien jarduna bukatu eta lehenbizi haien jateko txanda izanen da. Ondotik lagun atseginen batek hurbilduko digu azpila eta botila.

Maskaradariak lehenbizi!

  • Dantzarien barrikada bakoitza txalotzeko ohitura dute bertakoek, baita Xorrotxen koblak adi entzutekoa ere. Berdin egin dezakegu.
  • Goizean zehar, baita arratsaldean ere, ikusleen artean bi lagun -platzainak- pasako dira sosa biltzen eta trukean, papoan koloredun xingola batzuk ezartzen. Maskaradetarako "sarrera" gisa uler genezake ordainketa. Manexok, xiberotarren kontrara, sarritan dirurik eman ez eta ematen dugularik, txanpon xixtrin batzuk besterik ez ditugu ematen. Eskuzabalak izan gaitezen beraz (batez ere barrikadetako tortilla erdiak jan baditugu!)

Horra xiberotarsa eskuzabal bat!

  • Arratsaldeko saioan Bralia dantzatzen dute. Bralia soka-dantza bat da eta maskaradariek publikoko jendea gonbidatzen dute dantzara. Lehen, maskaradak gizonek bakarrik emanak zirenean neskak ateratzen zituzten dantzara. Nolabaiteko korteiatze errituala zen. Orain arizaleak neska-mutil izaten dira. Gonbidatuak ere neska eta mutil, edo neskak bakarrik, maskaraden antolatzaileen arabera. Beraz, Bralia dantzatzeko gonbitea ohoretzat hartu eta dantza dezagun!

Kabana eta gonbidatuak Bralia dantzatzen

  • Lepotik zintzilik daramatzagun argazki eta bideokamara kopurua zuzenki proportzionala da kauter edo buhameren baten susto bat hartzeko ditugun aukerekin. Gorde distantziak eta ez gaitezen izan "space invader".

 

6- Ikuskizunari adina erreparatu batzar zeremonialari

Maskaradak Larraine 2010 3850 700pXiberotarrendako batzar bat dira maskaradak. Astebururo herri ezberdin bat bisitatzen dute maskarada emaleek. Harrera egiten duen herriko dantzariek bisitarien aitzinetik dantzatzen dute barrikadetan. Geldialdi bakoitzean jan-edari mahaiak jartzen dituzte eta dantzaren ondotik solasteko denboratxoa izaten dute batzuk eta bestek. Eguerdi aldera, plazara heltzean, jauziak ematen dituzte denek elkarrekin, eta ondotik antzezleak bazkaltzera joaten dira, askotan herritarren etxeetara. Arratsaldeko saioan Bralia dantzatzen dute, esan bezala, kohesio zentzu handia duen dantza. Bistan da maskaradek herria batzeko duten indarra. Eta ezin aipatzeke utzi, maskaraden ondoko arizaleen eta herrikoen arteko parranda! Baina hortaz manexak ez gara normalean enteratzen, ordurako Oxkaxen gora ari baikara autobusean!

7- Xiberoko eüskara düzü

Maule 2007 maskaradak 4Nire inguruan nabaritu izan dudan sindromea da hauxe: Iruñetik goizeko 8etan atera eta Xiberora 10etan heldu. 3 ordu barrikada. Bazkaria. Arratsaldeko 4rak aldera arratsaldeko saioa ikusten hasi eta 7etan bukatu. Autobusera igo. Etxerako bidea hartu eta: ulertu duzue zerbait? Ez!  Maskaradaren grazia handienetakoa dialektikoa da. Pheredikuetan (diskurtsoetan) dago mamia. Txorrotxek beren kobletan, eta kauterek eta buhameek diskurtsoetan ironia, sarkasmoa eta kritika zorrotzak jaurtitzen dituzte ziri eta trufa artean. Herrian urtean zehar izan diren gora-beheretaz informatzen dira eta horiek erabiltzen dituzte herritarrei barrea eragiteko. Horretarako larunbat oroz biltzen da buhame-kauter-taldea hurrengo eguneko Kabanaren predikua, dagokion herriari moldatzeko. Kabanaren predikua ezberdina da igandetik-igandera, beraz.

Kautera eta Buhameen diskurtsoetan tenisean bezala senti daiteke bat, batera eta bestera begira, pilota pasatzen ikusten, baina ezer ez ulertzen. Zuberoako euskararekin ez dago ohituta manexa, baina belarria egin ahala hizkuntza bera, euskara(!) dela ohartzen gara. Hori bai, erne Kerestuekin, horiek Biarnesa, gaztelera eta euskara nahasten baitituzte, beren jatorriaren erakusgarri. 

Hala eta guztiz ere, predikuak ezin jarraituz aurkitzen badugu gure burua, saia gaitezen marmarrari eusten. Agian ondoan gertatu zaizkigun lagunak solasa jarraitu ahal izateko eginahal betean ari baitaitezke —Batez ere haiek ere manexak badira. Begi ertzetako ximurrei kasu eman!—, eta gainera, Kabanaren azote-kaldu bat errezibitzeko boletoak erosten ariko gara!

8- Ofizioak ezagutu

Ofizioak deitzen zaio arratsaldeko saioari, izan ere maskaradan parte hartzen duten ofizio bakoitzak bere antzerki-dantza saioa egiten du, bere ofizioa ardatz duen antzerki-erritual bat eskainiz. Txorrotxek dute ofizio bakoitza kantuz aurkezteko ardura, plazari itzulika, eta ofizioen artean tarkekatzen dira dantzarien emanaldiak. Hona hemen azalpen eskematiko orokor bat (maskaradak ez baitira berdin-berdinak urtero):

  • Marexalen ofizioa. Marexalak ferratzaileak dira. Zamalzaina ferratu behar dute. Lehenengo hanka bat ferratzen diote, eta orduan zamaltzaina herrenka ibiliko da. Bi hankak ferratu ondotik, jauzi harrigarriak egingo ditu. 
  • Khestuen ofizioa. Zikiritzaileak dira kerestuak. Beraien egitekoa zamaltzaina zikiratzea da. Nagusiak morroiari agintzen dio lana, baina honek ez du lortzen, eta beraz, Pitxuri egiten dio enkargua (Hou Pitxu, houuu!!!). Pitxuk kantiniersa harrapatzen du zamaltzaina beharrean, eta burua gonapean sartzerakoan ohartzen da hor ez dagoela zer zikiraturik. Azkenean kerestu morroiak zikiratzen du Zamalzaina.
  • Xorrotxen ofizioa. Txorrotxek Jaunaren ezpata zorroztu behar dute. Morroiak ez du jaunaren ezpata zorroztea lortzen. Pitxu kontratatu eta hau saiatzen da, baina alperrik, eta azkenean morroiak egiten du lana, eta nagusiarekin batera kantatuz bukatzen dute ofizioa. 
  • Buhameen ofizioa.  Buhameak Ijito moztaileak dira, hegoaldean "motsailak" moduan ezagutuak, lanbidez zaldien ilea mozten zutenak. Ezpata-dantza bat ematen dute eta Buhame Jaunak bere manamentüak edo perediküa (hitzaldia) egiten du. Buhame jaunak ijitoen erregetzat du bere burua. Nomadak dira eta mundu osoan bidaiatu ondoren iritsi dira Zuberoara, eta beraz, pasatu dituen lurraldeetan ikusitako kontuak esaten ditu.
  • Kauteren ofizioa. Kauterak ijitoak dira baita ere, baina kalderash (kaldereroak) taldekoak. Pertza eta lapiko konpontzaileak beraz. Beraien dantza berezia egiten dute eta Kabana Handiak bere predikua egiten du. Jaunak enkargatzen dien pertza konpontzea, eta hori eginik, ordaineko dirua bota eta dirua  hartzeko zalapartan Pitxu hilik suertatzen da. Kabanak bere testamentua irakurtzen du. Bedeziak (medikuak) ebakuntza larria egin eta Pitxu berpizten egiten du.

 Marexalak Zamaltzain ferratzen

9- Godalet-dantza, mito hori

Godalet-dantza da manexondako (eta batez ere dantzari manexondako) xiberotar dantzarik miresgarriena, liluragarriena, txundigarriena, estonagarriena... Ah ze abilidadea dantzari xiberotarrek dutena godaletaren gainera jauzi egiteko! Eta ahalik eta aldi gehien edalontzira igo orduan eta hobe! Arazo bat bada, ordea!!! Pentsa dezakegunaren kontra, xiberotar dantzarien ehuneko handiena ez da basoan igotzen, mito bat da hori, kasik! Igotzekotan, zamaltzaina igotzen da, edo kantiniersa, gonak godaleta ikustea trabatzen dienez, horrek bai baduelako meriturik. Bestela ez gaitezen engaina, basora igotzea errex xamarra baita! efektista, baina errexa. Xiberotarrendako Godalet-dantzaren benetako zailtasuna da edalontziaren inguruan egin beharreko urratsak basotik ahalik eta hurbilen egitea.

Ofizio-joko horien artean egiten dituzte dantza ezberdinak. Batez ere aitzindariek, eta dantza batzuk beste arizale batzuek ere bai. Branlean maskaradari guztiek parte hartzen dute eta ikusleen artetik ere jendea sartzen dute sokara. Azken jauzietan ikusleak ere gonbidatzen dituzte beraiekin dantza egitera. Egiten dituzten dantzetako batzuk, hona:

  • Barrikada haustea. Goizean egindako bera egiten dute arratsaldeko ofizioen emanaldi hasieran. Plazari itzulia egin eta ondoren, gorriek banan-banan (edo talde txikietan) dantzatzen dute. Beltzek beren estiloko sarrera egin, eta azkenik txorrotxek kantuekin borobiltzen dute barrikadaren haustea.

  • Arg. Iñaki ZugastiGabota. Aitzindariek egiten duten dantza da, gehienetan borobilean, baina lerro irekian ere bai.

  • Bralea. Soka-dantza da, hiru zati ditu: bralea, karakoiltzia eta braletik jaustea. Soka-dantza egiteko maskaradari gehienak eta ikusleak sartzen dituzte sokan. Dantzarientzat unerik ikusgarriena Braletik jaustea da. Hor, dantzariak plazari itzulia emanez dantzatzen dute, eta hor egiten dituzte pausu ikusgarri, zail eta berezienak.

  • Godalet-dantza

  • Dantza-jauziak. Aitzina Pika eta Moneinak ohikoenak dira, baina beste jauzi batzuk ere egiten dituzte. Moneinak luzea da eta urratsak kantatzen dituzte gehienetan. Aitzina Pika jauzi motza da, beraz, ez dituzte urratsak esaten gehienetan, eta normalki urrats hauekin dantzatu ohi da: aitzina pika (4 aldiz), xinple lauetan, zeina (2), ezker-eskuin, ezker eta hiru, eskuin. 

10- Non eseri ongi pentsatu...

Argazkia: Oier AraolazaArratsaldeko saioa ikusteko bankuekin osatu ohi dute plaza. Askotan, detallerik ez galtzeko ilusioz, lehen lerroan esertzeko tentaldia izaten dugu manexok. Oker! Bankuz osatutako lehen lerro horrek definitzen duen muga da kauter eta buhameen habitat naturala eta bertan eseritako ikusleak haien biktima potentzialak. Hala, gertatu izan da 100 bat kiloko buhame batek ikusle baten gainera salto egitea 20 metroko lasterkaldiaren ondotik edo buhamez eta kauterez osatutako jende-meta baten azpian bukatu izana ikusleren batek. Pitxu berpizten ari direnean airean botatako abere tripa, zango eta gainerako zerrikeriak gainera erortzeko papeleta asko izanen ditugu lehen lerro horretan.

11- Berriz manex-herrira!

Pitxu berpizten delarik, jendea aulkietatik zutitu ohi da, zangoak luzatzeko seguraski. Hor batzuk autobuserako bidea hartzeko tentaldia izanen dute, baina oraindik maskaradari guztiok elkarrekin ematen duten kantua entzutea faltako zaigu (haien herriari eskainia normalean). Urte osoa xiberoko dantzak ensaiatzen eta ensaiatzen eta bukaeran izanen ditugu gure manex manerak erakusteko parada: denendako irekiak diren Moneinak eta Aintzina-pika dantzatuz finitzen dira Maskaradak.

Bukaerako kanta (Iñaki Zugastiren argazkia)

Jakingarria da ere, hiru ordu inguruko ikusgarriaren ondotik, sabelak orruka dituzuenondako, taloak saltzen ohi dituztela Xiberoko Ikastoletako gurasoek. Gosea ase gehi ikastolak lagundu, bueltako autobusa hartu baino lehen, bada akabera hoberik?

Dokumentuaren akzioak

2014/02/19 10:07
Biziki ona, Aritz! Manexondako erabilgarria izanen da, doike
2014/02/19 10:31
Maskadarak ikustera noan aldiro ikasten dut zerbait berria. Baina itzela da prestatu duzun gida Aritz!
2014/02/19 11:51
Ona! Artista bat zara, eta egi borobilak!
2014/02/19 16:07
Oso ederra, Aritz! Mila esker gida polit honengatik! Ikasleekin lantzeko ere balio dezakeen materiala sortu duzu.
2014/02/21 11:04
Mila esker denoi! Zuek irakurtzen, nik idazten gozatu dudanaren erdia gozatu baduzue, ni pozik! :-)
2014/02/22 00:45
Hori da hori arrazoi borobilak botatzea, bejondaizula Aritz. Saiatu naiz Eskiulara egiteko asmoa dugun ibilaldian guzti hoiek kontuan izaten. Mila esker.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.