Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Joana Artza Oilarra; argiaren eta mugaren animalia

Dokumentuaren akzioak

Oilarra; argiaren eta mugaren animalia

2026/05/28 08:50
Oilarra; argiaren eta mugaren animalia

Oilarra kabalkadan, 2022-08-19, Itsasu. Argazkia: Emilio Xabier Dueñas

Gaua oraindik ilun dagoenean entzun da oilarraren kukurrukua. Urrutitik, baina argi: badator eguna, argia. Isiltasuna apurtu eta pixkanaka argiak lekua hartuko du.

Euskal Herriko eta Europako erritu-sisteman muga-izaerako sinboloa da oilarra: gauaren eta egunaren artean, iluntasunaren eta argiaren artean, kaosaren eta ordenaren artean kokatzen da. Bere kukurrukuak egunsentia iragartzen du, eta horrekin batera gauaren amaiera eta munduaren berrantolaketa sinbolikoa. Izan ere, oilarra maiz ageri da gaueko izaki beldurgarrien, sorginen edo deabruaren kontrako sinbolo gisa. Herri-sinesmen askotan, oilarrak kantatzen duenean amaitzen da gaueko indarren boterea: sorginek ihes egin behar dute, hildakoen edo espirituen presentzia desagertu egiten da, eta mundua berriz “ordenatzen” hasten da.

Hainbat testuingurutan agertzen da oilarra: Korpus jaietan, inauterietan, maiatzeko errituetan... Baina oilarra ez da inoiz esanahi bakarreko figura izan: zaintza, harrokeria, sexualitatea, ernealdia eta babesaren sinboloa da aldi berean. Patri Urkizuk oilarraren sinboloak Europa Ekialdean eta Mendebaldean izan dituen esanahi eta transmisioei begiratu izan die. Jaso izan du eguzkiaren, berpizkundearen, justiziaren eta mirariaren ikur gisa ageri dela, bereziki Santiago bideko erromesaren mirariaren bidez Portugalen, Frantzian eta Europako tradizioetan errotu den sinbolo moduan.

Korpus jaietan

Besta Berri edo Corpus Christi errituetan, egutegian eguzkiak nagusitasuna hartzen duen unean, festako segizioen buru eramaten diren oilarrei, argiaren iragarle zentzua ikusi izan zaio. Bere kukurrukuak gauaren amaiera markatzen du, eta horrek bat egiten du Korpusaren oinarrizko logikarekin: argiaren, ordenaren eta Kristoren gorputzaren presentzia ospatzearekin.

Besta Berri Lekorne
Besta Berri, oilarrak, Lekorne. Argazkia. Pierre Latasa

Lapurdiko eta Nafarroa Behereko Besta Berriko prozesioetan “Oilarrak” izenez ezagutzen dira oilarrak daramatzaten dantzariak. Zapurrak, sarjentak edo banderariekin batera, aire militarra duen konpartsa erritual baten parte dira, eta beraiek dira martxa ireki eta prozesioaren erritmoa markatzen dutenak.

Besta Berri Bidarrai
Besta Berri, oilarrak, Bidarrai. Argazkia. Xipri Alberbideren liburutik

Korpusaren muinean Eukaristiaren ospakizuna dago, eta prozesioek herria espazio sakratu bihurtzen dute. Kaleak ez dira soilik igarobideak, baizik eta ordena erritualaren agertoki: hierarkia, komunitatea eta gorputz kolektiboa ikusgarri egiten dira. Testuinguru horretan,oilarra zaintza, ordena eta ernealdiaren sinbolo gisa ulertzen du zenbaitek, iluntasunaren gaineko garaipenaren irudi; argiaren irudi.

Besta Berri Makea
Besta Berri, oilarrak, Makea. Argazkia. Xipri Alberbideren liburutik

Besta Berri Makea
Besta Berri, oilarrak, Makea. Argazkia. Xipri Alberbideren liburutik

Besta Berri Lekorne
Besta Berri, lehenak oilarrak, Lekorne, 1936. Argazkia: Basque Eclair

Kristautasunaren tradizioan, oilarra San Pedroren ukapenarekin lotzen da: kukurrukuak kontzientziaren esnatzea adierazten du. Hortik dator elizetako dorreetako haize-orratzetan oilarra jartzearen ohitura ere: orientazio eta babes sinbolikoa, goitik komunitatea zaintzen duen irudia.

Haize-orratza
Oilar itxurako haize-orratza.

Garai bertsuan, Ameskoako maiatzeko zuhaitza ipintzen duten oilarraren irudia beste adierazpen esanguratsua da. Zuhaitzaren puntan jartzen da oilarra, ezpatak gurutzean eta zintaz eta kanpaiz apaindutako zapia lagun dituela. Elementu horiek ez dira dekorazio soila: komunitatearen egitura sinbolikoa erakusten dute. Hortik antolatzen da lurraren banaketa ere (ez dakigu oraindik hala egiten duten edo garai bateko ohituraren arrastoa den): zerealak alde batean eta gainerako laboreak bestean, urtero txandakatuz.

Ameskoa zuhaitza oilarra
Mahiatzeko zuhaitzaren puntan ipintzeko oilarra, Ameskoa. Irudia: Eusko Ikaskuntza

Ameskoa zuhaitza oilarra
Mahiatzeko zuhaitzaren puntan oilarra, Ameskoa. Irudia: Eusko Ikaskuntza

Inauteri eta Carnestolendas-etan

Inauterietan oilarra beste muturrean kokatzen da: kaosaren, gorputzaren eta desordenaren lekuan. Neguaren hasierako eta amaierako zikloan, oilar-jokoak eta animaliarekin lotutako praktikak ageri dira. Bizitza eta heriotza, jolasa eta bortizkeria, erritualki nahasten dira.

Enkarterriko Carnestolendak
Eguen Zuri Arrankudiagan, 1989. Argazkia: Josu Larrinaga Zugadi

Enkarterrietan, Carnestolendas edo “Carrastoliendas” izeneko ohitura berezia ezagutu da. Inauteriak izendatzeko erabiltzen zen termino zaharra da, eta bereziki ikasleen erritu-eskearekin lotzen zen Ostegun Gizenaren inguruan. 6 eta 15 urte bitarteko haur taldeek etxez etxe ibiltzen ziren puska-biltzean, askotan irakaslearen gidaritzapean. 

Carnestolendas
Gordexolako Carnestolendas, 1980. Argazkia: Josu Larrinaga Zugadi

Ohikoa zen oilar bat eramatea, kaiolan, makilan edo saski batean lotuta, eta banderak edo banderatxoak. Kantuen truke, etxeek janaria eta produktuak ematen zituzten: arrautzak, txorizoak, fruitu lehorrak edo gozokiak. Erritu horrek komunitatearen harremanak berraktibatzen zituen, eta haurren bidez ordena soziala antzezten zuen. Carnestolendas honetan oilarra ez da neutroa. Martxo inguruko oilar beltzaren irudi zaharrarekin lotzen da askotan: gaueko indarren, gaitzaren eta beldurraren aurkako babes sinbolikoa.

Ermuko aratusteetan, Egun Zuri egunez Oilarraren Eguna ospatzen da. Kutxa baten gordeta dagoen oilar batengana begiak estalita ailegatzeko ahalegina egiten du jokalariak. Eta Donostiako inauterietan badago konpartsa bat oilar zalditeria erromatarrena.

Oilar zalditeria

Oilarraren heriotza

Zenbait kantu eta errituetan, oilarra bortizkeriaren eta sakrifizioaren irudi erritualarekin ere lotzen da. Legazpiko edo Amasako oilar/oilasko jokoek errituaren beste aurpegi ilunago bat erakusten dute: heriotzaren eta trantsizioaren sinbolismoa. Bi kasuetan, animalia ez da jolaserako objektu neutroa, baizik eta errituaren erdigunean jartzen den biziduna. Euskal Herrian ez ezik, Thierry Truffautek azaltzen du Europako hainbat tokitan oilarra harrikatu, lepoa moztu edo makilaz hiltzen zela. Horren bidez komunitateak urte-ziklo baten amaiera eta berri baten hasiera antzezten zituen. Oilarra, beraz, bizitza eta heriotzaren arteko bitartekari bihurtzen da.

Oilar-jokoa
Oilar-jokoa, Legazpi, 2016. Argazkia: Errikarte Agirre

Legazpin, Korpus zortzigarrenean, Euskal Herria plazan egiten den oilar-jokoan, “ehiztariak” begiak estalita eta ezpata eskuan oilarra bilatu behar du, eta seinale bakar batekin haren gainean marrazkia eginez jokoaren amaiera markatzen da. Baztanen inauteri aurreko ostegunean, Orakunde egunez, ospatu izan da eta Amasan, berriz, San Martin inguruan egiten zen oilasko-jokoa. Begiak estalita oilaskoaren lepoa moztea zen erritualaren gunea. Zestoan eta Aizarnako oilasko-joko eta dantzen testigantzak ere badira.

Amasa oilasko jokoa 2005
Oilasko jokoa, Amasa, 2005-11-10. ARgazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Bi errituek, gaur egun modu sinbolikoagoan edo mugatuagoan, gauza bera iradokitzen dute: iluntasunean egindako ekintza bortitz bat, komunitateak kontrolatutako espazio erritualean. Heriotza ez da soilik amaiera, baizik eta ziklo baten itxiera eta beste baten hasiera irudikatzen duen trantsizio dramatizatua.

Truffautek azaltzen du Europako hainbat herritan oilar-jokoak gazteen antolakuntzarekin lotuta zeudela. Oilarra hiltzen edo irabazten zuenak "gazteriaren errege" bihurtzeko aukera izaten zuen. Horrek erakusten du oilarra ez dela soilik animalia sinboliko bat: komunitatearen barruko lidergoaren, prestigioaren eta helduarorako igarobidearen ikur ere bada. Horrek lotura interesgarria izan dezake Besta Berriko oilarrekin, konpartsaren aurrealdean doazen gazte zaindari horien funtzioarekin.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.