Esaerak dioen bezala, “Dantza egiten duen herria ez omen da inoiz hiltzen”. Horregatik, gaurtik maiatzaren 13ra arte, Hernani kolorez, musikaz eta bizitzaz borborka egongo da San Joan Konpartsak antolatzen duen Dantzari Asteari esker. Aurtengoa 25. edizioa izango da.
Egitarauari dagokionez, gaur 18.00etatik aurrera erromeria egongo da Plaza Berrian Jeiki Hadi taldearekin.
Bihar izango da egun handia, Euskal Herri osoko euskal dantza tradizionaleko taldeak Hernanira etorriko baitira kalejira erraldoi bat egitera. Guztira, zazpi euskal herrietako 28 konpainia arituko dira dan-tzan. 10.45etik kalejira egingo dute herriko kale eta auzoetan barrena eta 13.15ean guztiak Gudarien plazan elkartuko dira denak batera dantzatzeko. Txalapartarien, bertsolarien eta irrintzilarien laguntza izango dute. Eguna amaitzeko, bazkaria egingo dute Atsegindegin eta ondoren erromeria egongo da.
Datorren astean, maiatzaren 8tik 12ra, Biteri kultur etxean Errenteriako Iraultza dantza taldeak antolatutako XVIII. mendeko euskal jantzien erakusketa ikusgai egongo da arratsaldeetan, 17.00etatik aurrera. Gainera, taldeko Ramón Garciak, erakusketari buruzko hitzaldia eskainiko du hilaren 11n, 19.00etan.
Amaitzeko, hilaren 13an dantzari txikien eguna izango da. Gipuzkoako bost taldek eta Lapurdiko batek parte hartuko dute. 17.00etan kalejira egingo dute herriko erdiguneko kaleetatik eta amaitzeko guztiek arin-arin eta fandangoak eskainiko dituzte. Txalapartari eta bertsolarien emanaldia ere izango da.