Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Oñati 1925: aurreskua eta Korpus dantzak

Dokumentuaren akzioak

Oñati 1925: aurreskua eta Korpus dantzak

2015/06/01 11:34

Oñatiko dantza irudi zoragarriak ikus daitezke honako bideo honetan. 1925. urteko irudiak dira eta aurresku edo soka-dantza ageri da lehenengo eta Korpus dantzak ondoren. Asteburu honetan euskal festa egutegiko ekitaldi aberats eta ederrenetako bat ospatuko da Oñatin, Corpus Christia, eta girotzen joateko Oñatiko dantza irudi eder hauekin gozatzera gonbidatzen zaituztegu.

Herritar talde bat soka-dantzan ageri da lehen irudietan. Nabarmentzekoa da aurresku eta atzeskuek dantzan erakusten duten gorputzaren kolokazioa -besoak gerrian jarrita-, urrats sistema soil baina askea, eta espazioaren erabilera. Oilar borroka edo desafioan batera dantzatzen dituzten urratsak nork berea dantzatzen dituzten momentuekin tartekatzen dituzte.

1:30ean ageri den pasartean, hainbat soka-dantzatan ohikoa den unea ikus daiteke, soka-dantza bukaeran, aurreskuak eta atzeskuak azken aurreskua sokaren beste muturrean dagoenari dantzatzen dion unea, desafio gurutzatua esaten zaiona. Zatitxo bat era horretan dantzatu ondoren elkar bilatzen dute aurresku eta atzeskuak eta aurrez aurre, benetako desafioa bihurtuz dantzatzen dute pasarte labur bezain gogoangarrian.

Korpus dantzak ageri dira 1:50etik aurrera. Lehen irudietan banakoa edo launakoaren azken zatia ageri da. Ondoren, 2:10ean, arku-dantza ageri dira dantzatzen. Gazte eta helduz osatutako taldea da. Arkuekin egiten dituzte zubi edo jaleoa ere ederki ikusten da.

Korpus dantzarien aurreskua ageri da azkenik. Hasierako desafioan aurreskua eta atzeskua aurrera begira hasten dira dantzan, gaur egun egiten duten moduan, baina akaso espazioan mugimendu zabalagoak eginez. Ondoren aurreskuak agurra dantzatzen dio emakume gonbidatuari, eta gero berriz ere aurreskua eta atzeskua batera ageri dira dantzan, elkarren ondoan dantzan, baina bakoitza bere aldera desplazamendu zabalak eginez.

Kalejira eta zubien (4:30) ondoren fandango eta arin-arin-a dantzatzen ageri dira. Borobilean daude, korpus dantzariak alde batean eta emakumeak bestean, eta aipatzekoa da borobilean egiten dituzten desplazamendu zabalak.

Festa eta kalejira irudiak dira azken pasartean (4:53) ageri direnak. Garai batean nagusia izan zen eta gaur egun ia-galduta dagoen kalejira dantzatzeko ohitura ikus daiteke bertan.

Laurdengutxi erabiltzaileak Youtuben sareratutako irudiak dira Oñatiko 1925eko hauek. Asteburuan Oñatin izango den Korpus jaiak orain 90 urte nolakoak ziren ezagutzeko aukera. Aurreskua eta Korpus dantzak, Oñati, 1925.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean
Deskargatu

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.