Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Aiziritze 1989 Lapurtar-motxak

Dokumentuaren akzioak

Aiziritze 1989 Lapurtar-motxak

2015/05/21 10:25

Lapurtar-motxak jauzia dantzatzen eta markatzen ikus dezakegu Mañe Elgart dantza-maisua irudi hauetan. IX zatiz osatutako jauzi ezaguna dugu, Lapurdi, Nafarroa-Beherea, Zuberoa eta Biarno aldean dantzatua. Hasierako eta hirugarren pasarteen errepikapen kopuruaz gain bada beste desberdintasunik bailaratik bailarara markatzeko erari dagokionez, nahiz eta neurrietan alderik izan ez.

Sagasetak Guilcherren ekarpena gogora ekartzen digu bere Luzaideko ddantzak lan mardulean eta doinuek denboran bizirauteko duten ahalmenaz ohartarazten. Guilcherrek jaso legez, jauziaren lehengo lau atalak Julie izeneko frantses komedia batetik heldu omen zaizkigu. 1772an antzeztu omen zen arrakasta handiz.

Dantzakerari dagokionez, azken pasartean nahasten bada ere, hamaika jauzi dantzatutakoa dela nabari zaio dantzariari. Pika guztiak bueltan ematen ditu ixtean orpoa oinbularrean sartuaz eta hiruko segidak berriz atzerako joerarekin.

Azken pasarteko nahasketa medio, ez da erraza jakiten ezagutzen direnetatik zein den dantzariak markatuko zukeen bertsioa, baina zehazki jakin ezin arren, jarraian jasotzen ditugun urratsek osatuko lukete irudiotan ikusi ahal dugun lapurtar-motxak jauziaren bertsioa:

  • Biga-luze eta ebats X4
  • Pika-xinple-biga-luze eta ebats X2
  • Xinple eta hiru-eskuin X4
  • Pika-ützül eta hiru-eskuin X4
  • Biga-xinple-biga-akaba X2
  • Pika-xinple-eskuin-ezker-eskuin-ezker-ützül eta hiru X2
  • Aitzina pika X4
  • Xinple lauetan
  • Ezker-eskuin-hiru ezker-akaba-ezker-eskuin-ezker-hiru eskuin-xinple-eskuin eta fini!

Azken pasarterako beste aukera honako hau litzateke:

  • Ezker-eskuin-hiru ezker-ützül eta hiru X2*
    *Segida guztia bi aldiz errepikatzen da. Bukaeran akaba eta fini!


Claude Iruretagoienak 1989ko neguan grabatu zituen irudiok Aiziritzen, zenbait egun geroago emango zen kabalkadaren aitzakian batutako dantzari beterano taldearen bazkalondoan. Aiko taldeak Urraska: Dantza Jauziak-Sagasetaren bidetik diska-liburuan argitara eman zituen irudiok 2010ean. Orain liburu-diska-dvd horretako edukiak bere webgunean sareratzen hasi da Aiko Taldea, eta bideoak ere bertan argitaratuko ditu.

Irudiak: Claude Iruretagoiena / Maritzuli. Aiziritze, Lapurtar-motxak 1989-01-15.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean
Deskargatu

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.