Dokumentuaren akzioak
Mikel Zamalloa hil da, Galdakaoko Andra Mariko musikari eta ikertzailea
Mikel Zamalloa Asua (1957-2022) musikari eta folklore ikertzaile galdakaoztarra hil da 65 urterekin. Galdakaoko Andra Mari dantzari taldean ibilbide oparoa egindakoa, hainbat musika tresna jotzen trebea, Euskal Herrian folklore bilketan eta ikerketan lan handia egindakoa eta hango eta hemengo musikariekin jotzeko gaitasun handikoa izan da Mikel Zamalloa.
Andra Mari dantzari taldeak euskal folklorea ikertu eta biltzeko egindako lanean parte-hartze zuzena izan du Mikel Zamalloak. Testigantza eta dokumentuez gain, musika biltzeko aparteko gaitasuna zuen, eta tokian tokiko musikari eta dantzariekin haien hizkeran egiteko trebetasuna zuen, Zuberoan xiberotarrez adibidez.
Jon Zamalloa "Txistu" anaiarekin partekatu zuen Andra Marin euskal folklorearekiko pasioa eta musikarako trebetasuna Mikelek. Jon anaia gazte hil zen, 56 urterekin, eta Mikel ere gazte zendu da, 65ekin. Txistua, txirula, klarinete, alboka... hainbat musika tresna menderatzen zituen. Ikerketa, bilketa eta musikari lanez gain, dibulgaziorako gaitasun handia izan du Mikel Zamalloak, bilketa eta ikerketa lanen emaitza zabalduz eta komunikatuz, bai Arratiako folkloreaz, Auritzeko ingurutxoaz ala Altsasuko inauteriaz.
Dokumentuaren akzioak