Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Altzürüküko maskaradak Mendikotan 1972 urtean

Dokumentuaren akzioak

Altzürüküko maskaradak Mendikotan 1972 urtean

2010/02/18 13:05
Altzürüküko maskaradak Mendikotan 1972 urtean

Argazkiak: CC-BY-SA Javier Garaialde - Guregipuzkoa.net

Lehen ere aipatu dugu dantzan.com-en guregipuzkoa.net webgunea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak jarri duen gunea da, eta bertan argazki fondo harrigarriak sareratzen ari dira erabilera lizentzia irekiarekin. Argazkiak CC-BY-SA (Creative Commons-en lizentzia, berrerabilpenak baimentzen dituen egilea aitortu eta baldintza berdinetan zabaltzeko baldintzarekin) lizentziarekin argitaratzen dituzte. 

Zuberoan, 1972an ospatu ziren maskaradetako argazki sorta eder bat sareratu dute oraingoan. Javier Garayalde kultur-zaleak egindako argazkiak dira. Mendikotan egin zen emanaldia eta Altzürüküko gazteek eman zuten maskarada. Hain zuzen ere, 1972ko martxoaren 19an iritsi ziren Altzürüküko maskaradak Mendikotara eta bertan izan zen Garayalde. Musikarien artean, Pierre Bordazarre Etxahun Iruri txirulari lanetan eta Pierre Ager Garat Arhane atabalari lanetan ageri dira.

Hona Javier Garayaldek egindako argazki horietako batzuk:

Mendikota Maskaradak 1972 - 05
Mendikota, 1971. CC-AT-SA Javier Garaialde - Guregipuzkoa.net
Mendikota Maskaradak 1972 - 04
Altzürüküko maskaradak Mendikotan, 1971. urtean. CC-AT-SA Javier Garaialde - Guregipuzkoa.net
Mendikota Maskaradak 1972 - 02
CC-AT-SA Javier Garaialde - Guregipuzkoa.net
Mendikota Maskaradak 1972 - 01
Altzürüküko maskaradak Mendikotan, 1972. CC-AT-SA Javier Garaialde - Guregipuzkoa.net
Maskarada honi buruzko xehetasun gehiago jakin nahian Marcel Bedaxagarrekin harremanetan jarri gara, eta hainbat datu interesgarri eskaini dizkigu. Hona:

"Ez da düdarik: Altzürükütarrak dira. Denak ezagützen ditüt. Zamalzaina Anttoni Etchebarne Garaibi Etxekolatzekoa da, Txerreroa André (Andde) haren anaia, Gatüzaina Dominika Jaury Arhets, Ensenaria Pettiri Etchebarne Etxekolatz beste bien anaia eta kantiniersa Jakes Jaragoyhen Jagohen. Jauna Claude Prat da eta anderea Martti Jaimes Garaibi Agerekoa (Garaibi Altzürükü eta Urdinarben artean kokatzen den auzoaldi bat da). Hots, idatzik dena oso xüxen da eta zinez bozten niz argazki horien ikustez. Etxahun Iruri eta Garat en ikustez bereziki orhitzapen handiak beitütüt biekin (kultur sailekoak baita besta sailekoak!).
Badakizu hain sarri Altzürükük zütüala xiberoko maskaradak berpiztu 1968 an. Claude Prat argazki hortan den jauna dantzari zen (txerrero) 1968 an. Bena 1972 dantzari horik hobe ziren eta ondotik izan dienak (hor diren Dominique Jaury, Jakes Jaragoyhen, eta Martti Jaimes (enseinari izan da ondotik), gai Battitta Queheille eta Pettiri Jaury nausitzen ziren orduan egiten ziren dantza primaketan (leiaketetan).
Bena denetan aipagarriena da hain sarri argazki batetan agertzen den Kabana (azotiareki): Johanto Apheceix Garaibi Bedekarratzekoa: gük ikusi dügün kautere nagusirik ederrena! Gizon ederra, botz ozena, ezpiritü zorrotza! Harrigarizko jauziak egiten zütian (frontoi gainetik adibidez) zinez zale beitzen ber soinean! Kabana izan zen 1968 an eta 1972 an."
Marcel Bedaxagar

Zuberoan baino lehenago, 1971. urtean, Otsagabian izan zen Javier Garayalde, eta bertako dantzen argazkiak egin zituen. 1971ko irailaren 8an izan zen, Muskildako Ama Birjinaren egunean hain zuzen ere.

Otsagabia 1971 01
Javier Garaialde CC-BY-AT

Otsagabia 1971 02
Javier Garaialde CC-BY-AT

Gureguipuzkoa.net-en aurki dezakezue Javier Garayaldek Mendikotan egindako argazki sorta osoa, eta baita Otsagabian egindako beste hau ere.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.