Dantza argazki ederrak GureGipuzkoa.net-en
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak argazki sorta zabal bat sarean jarri du erabilera lizentzia irekiarekin, eta gainera herritarrek beren argazkiak bertan gordetzeko aukera eskainiz. Tartean, dantza argazki zahar sorta ederra aurki daiteke.
GureGipuzkoa.net zerbitzu berrian Gipuzkoako Foru Aldundiak argazki bilduma ederra jarri du denon eskura. Argazkiek Creative Commons Aitortu - Partekatu baimenarekin argitaratu dituzte, eta Erabilpen Kultural Libreetarako Baimenduta daudela adierazten da bertan.
XX. mende hasierako hainbat argazki eder bildu dituzte webgune horretara eta tartean badira dantza argazki ederrak ere. Indalecio Ojanguren argazkilari eibartarraren fondoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dago eta honen hainbat argazki interesgarri ikus daitezke bertan. Ez ikusi bakarrik, berrerabili ere bai aipatutako lizentziari esker, eta baita argazkiak tamaina desberdinetako eta kalitate on xamarretan jaisteko aukera dagoelako.
Hona adibide batzuk.
Erromeria Elgoibarren. 1956ko San Pedro Eguna Elgoibarren, eta San Pedro ermitaren aurrean erromerian ageri dira dantzariak txistulariaren soinura.

cc-by-sa Indalecio Ojanguren
Erromeria Ixuan. XX. mende hasierako erromeria bat. "Oholtza" gainean trikitilaria eta bi panderojole, eta behean bikoteak dantzan.

cc-by-sa Indalecio Ojanguren
Amuña Eibarren. Manuel Txapartegi "Amuña" aurreskulari zarauztarra Eibarko Untzaga Plazan, 1920ko hamarkadan, San Juan jaietan egiten ziren aurresku txapelketa batean parte hartzen.

cc-by-sa Indalecio Ojanguren
Uztai-handi. Gipuzkoako uztai handien dantza egiten dantzari talde bat. Ez tokia ez data ez dira ezagunak, beraz, inork ezagutuz gero argibide garrantzitsua litzateke.
cc-by-sa Indalecio Ojanguren
Kaxarranka. Debako plazaren itxura du tokiak, San Roke jaietako zezenketetarako prestatzen diren h armailekin, baina konfirmatu gabe dago. Erne ezkerreko etxean, goiko leihotik zintzilik dagoen banderarekin: esbastika bat da.
cc-by-sa Indalecio Ojanguren
Aurreskua Garain. 1933. urtea. Soka-dantza edo erregelak dantzatzen ari dira eta aurreskuak eta atzeskuak banango zaharra dantzatzen diote plazaratu duten emakumeari.
cc-by-sa Indalecio Ojanguren
Ohorezko aurreskua Bergaran. 1930, Eusko Ikaskuntzaren Kongresua Bergaran. Agintarien soka-dantza.
cc-by-sa Indalecio Ojanguren
Horiek dira GureGipuzkoa.net webgune berrian ikus daitezkeen argazkietako batzuk. Bilduma aberatsa da eta merezi du tarte bat hartzea bertan murgiltzeko.