Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Leire Otamendi: "Dantza munduan oreka oso gutxitan sentitzen dugu"

Dokumentuaren akzioak

Leire Otamendi: "Dantza munduan oreka oso gutxitan sentitzen dugu"

2020/10/30 08:30
Leire Otamendi: "Dantza munduan oreka oso gutxitan sentitzen dugu"

Leire Otamendi, Gorpuztu laburra, 2020-10-02. Argazkia: Leioako Udala

Eva Guerreroren Doos Colectivok hiru pieza aurkeztuko ditu larunbatean Lasarteko Manuel Lekuona Kultur Etxean. Leire Otamendi (Donostia, 1993) arituko da dantzan, bakarka pieza batean eta Aritz Lopezekin batera bestean. Egoera ikusita, egunean-egunean dabiltzala dio Otamendik. Momentuan, larunbateko emanaldiari begira. Iluntzera arte ari da entseatzen aste honetan. Lanak bukatu eta afal aurretik, gurekin hitz egiteko tartetxoa hartu du.

Donostian hasi zen balleta ikasten umetan Leire Otamendi eta hamalau urterekin Gasteizko Jose Uruñuela kontserbatoriora joan zen klasikoa gehiago lantzera eta jarraian Holandako Rotterdam hiriko Codarts eskolan dantza garaikidean formatu zen. Behin karrera unibertsitario hori amaituta etxera itzuli da eta hainbat konpainietan aritu da kolaborazioak egiten. Egun, Eva Guerreroren Doos Colectivo konpainian dabil Garazi Lopez de Armentia dantzariaren postua betetzen, bera amatasun bajan baitago.

Leire Otamendi Gorpuztu laburra
Leire Otamendi, Gorpuztu laburra, 2020-10-02. Argazkia: Leioako Udala

Larunbatean bi pieza dantzatuko dituzu, baina hiru pieza aurkeztuko ditu Doos Colectivok ezta?
Hori da, bi dantza pieza eta bideo-dantza bat aurkeztuko dira. Lehenengoa Gorpuztu laburra da, nik egiten dudan soloa. Gero Kyra Jean Green sortzailearen The man who travelled nowhere in time lana proiektatuko da eta bukatzeko Guztiaren amaiera eskainiko dugu Aritz Lopezek eta nik.

Gorpuztu eta Guztiaren amaiera lehen aldiz egingo dituzue salan. Ez da berdina izango kalean edo antzokian dantzatzea ezta?
Oso oso ezberdina da. Niri kalean dantzatzetik gehien gustatzen zaidana da jendea gertu izatea. Orain Covidaren kontuarekin ez, baina normalean kalea dantzariengandik gertu kokatzen da, ikusten duzu beraien espresioa, orain ez duguna ikusten, baina kaleak beste xarma bat du. Antzokian, berriz, dantzarako atmosfera sortzea oso erraza da. Argiek asko laguntzen dute, isiltasunak... Uste dut lan batzuei hobeto datorkiela kanpoan eta beste batzuei barruan.

Leire Otamendi Gorpuztu laburra
Leire Otamendi, Gorpuztu laburra, 2020-10-02. Argazkia: Leioako Udala

Gorpuztu orekaren bilatze lana dela esan genezake; pentsatzen dugu bizi dugun egoeran dantzari batentzat oreka bilatzea ez dela horren erraza izango.
Dantza munduan oreka oso gutxitan sentitzen dugu, agian oreka gehiena dantzan gaudenean eta oreka mantendu behar denean sentitzen dugu. Covidaren kontua plus bat izan da, baina gu horrela bizi gara, ez dakigu zer izango den hurrengo hilabetean.

Eta Gorpuztu piezan?
Nik uste dut oreka dela barruko lasaitasuna eta dugun animalia hori ateratzea, eustea, lehertzea... Barruko orekari gehiago begiratu diogu. Lehenengo gauza egin behar izan nuena tai jiko klaseak hartzea izan zen. Eta behin energia hori sentitu eta gero erakutsi zidan pieza Evak.



Eta zer iruditu zaizu tai jia?
Asko gustatu zait egia esan. Oso oso zaila da. Erreza dirudiena askotan zaila da. Ikusten dituzu aiton-amonak hain poliki mugitzen, baina gero hasten zara eta pila bat matiz ditu. Energiaz beteta dago, energia gora, energia behera... Lagundu dit pieza ulertzeko eta mugimenduak nonbaitetik ateratzeko. Behar duzu euskarri bat mugimenduak ateratzeko, bestela beti berdin arituko ginen, gorputza natural doan moduan edo. Orduan, mugimendu espezifikoago bat lortzeko asko lagundu dit.

Guztiaren amaiera lanak, berriz, harremanez dihardu. Momentu hauetan harreman sozialak guztiz mugatuak ditugu, baina nola harremantzen zarete dantzan?
Hasiera batean, lanean hasi ginenean musukoarekin eta distantziak mantenduz ibili ginen, baina azkenean bizikidetza taldeko kide gara eta duoa den bezala mantendu dugu. Beraz, kontaktua badago. Egia da hasiera batean arraroa zela beste pertsona bat ukitzea, baina ohitu gara. Batez ere dantzan oso ohituta gaude bestea ukitzera, sentitzera... beharrezkoa egiten zaigu bikoteam, hirukotean... aritzea.

Zuek bai zortea...
Publikoak esan digu arrotza egiten zaiela nola ukitzen garen, besarkatzen garen. Ni ohitu naiz, baina ulertzen dut jendea harritzea. Agian bortitza izan daiteke, edo polita. Orain pelikula bat ikusten dugunean bezala, ezta?

Piezaren sinopsiak honela dio: "dena hankaz gora jartzen dela sentitzen duzu une horretan, baina hala ere aurrera jarraitzen duzu". Zuk aurrera jarraituta edo begiratuta nola ikusten duzu egoera?
Onena aurrera ez begiratzea da, egunetik egunera gaude. Hasten bagara aurrera begiratzen, hainbeste aukera daude. Hilabete asko daramatzagu etor daitezkeen aukerak pentsatzen, egokitzen... Horrek asko nekatzen du, beraz momentuan larunbatekoan jarri burua eta gero ikusiko dugu, baina aurrera egin behar dugu. Abenduan estreinaldi bat dut aurreikusita eta justu aste honetan hasi naiz dantza prestatzen, ingurukoak harritu egin dira, baina zer egin behar dugu? Gu gelditzen bagara...

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.