Dokumentuaren akzioak
Kepa Artetxe, Galdakaoko dantza-maisua hil da

Kepa Artetxe Altuna (1939-2025), Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko dantzari eta dantza-maisua hil da 86 urterekin. Jaiotzez galdakoztarra, Arratiako gurasoak izan zituen Kepak eta hain zuzen, Arratiako jotak deitu izan den dantza-moldearen erreferente nagusia izan da, Euskal Herri osoan eta nazioartean hainbatetan erakutsi duena bere bihotzeko Andra Mari taldearen eskutik.
Andra Mari dantza taldearen sortzaileetakoa izan zen Kepa eta bertan aritu da ikerketan, bilketan, dantzan eta transmisioan bizitza osoa. Euskal dantzaren erreferente nabarmenekin ikasi eta ezagutu zituen euskal dantzen xehetasunak, Jeanpier Errekalt, Jean Mixel Bedaxagar, Francisco Beruete, Fasio, Leon, Txilibrin, Bartolo Lasa, Alejandro Aldekoa… eta beste hainbat.
Dantza jaso eta eman
Txiki-txikitatik jaso izan du dantza; ia dantzan jaio eta ia dantzan hil da. Galdakaoko Elexalde auzoa jaioa da, eta umetatik ama eta bere ahizpak dantzan ezagutu zituen Elexaldeko erromeriatan. Gero, nerabezaroan, Accion Catolica-ren bueltan hasi zen dantzak ikasten. Herriko pare bat gazte Bilboko Santutxu auzora joaten ziren Gaztedi dantza taldera eta ondoren han ikasitakoa galdakoztarrei erakusten zieten. Eta dantza klase horietatik sortuko zen pixka bat beranduxeago Andra Mari dantza taldea, 1955ean, hain zuzen ere.
Taldea erreferente izan da Euskal Herrian, dantzen ikerketan eta bilketan lan handia egin izan dute. Bereziki garrantzia eman izan diote tokian tokiko dantza moldeei eta horiek behar den bezala jasotzeari. Gero, ondorengoei transmititu eta bizirik gordetzeko helburuarekin. Euskal Herriko dantza-maisu handiekin ikasi du Artetxek eta berak ere hamaika ikastaro eskaini ditu han eta hemen.
Andra Mari dantza taldean transmisio lan handia egindakoa da eta etxean ere egin du lan hori. Familia dantzaria sortu du eta etxekoei ere erakutsi die dantzarekiko izan duen maitasun eta zorroztasuna. Etxe barruan asko dantzatu izan dutela kontatu izan du, baina baita etxetik kanpo ere; askotan ikusi izan dugu alaba Soiartzerekin plazan dantzan.
Oso goiz hasi zen dantzan eta ia abarketak jantzita esan digu agur. 80 urteak gainean zituela ere, plazan dantzan aritu da Artetxe bere ezaugarri izan diren bizitasuna eta distira galdu gabe.
Dokumentuaren akzioak