Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Momotxorroak eta Altsasuko inauteria bera Bizkaiko dantza talde bati esker daude bizirik

Dokumentuaren akzioak

Momotxorroak eta Altsasuko inauteria bera Bizkaiko dantza talde bati esker daude bizirik

2026/01/28 08:50
Momotxorroak eta Altsasuko inauteria bera Bizkaiko dantza talde bati esker daude bizirik

Inauteriak, Altsasu, 2024-02-13. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Bizkaiko dantza talde bati zor dio Altsasuk gaur egun bere inauterien eta herriaren sinbolo nagusi diren momotxorroak berpiztea. 1916koak dira Altsasuko inauterien azken testigantzak, eta 1970eko hamarkadara arte herriko zaharrenek bakarrik gordetzen zituzten haien oroitzapenak. Gaur egun kosta egiten da irudikatzea, baina une hartan altsasuar gehienentzat ezezagunak ziren momotxorroak, idiak eta goldea, sorginak, Juan Tranposoa eta gainerako mozorroak.

60 urtez galduta egon ziren Altsasuko inauteriak, baina 1980ko hamarkadan, Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak galdua zen festaren arrastoari segika ekin zion ikerketa lanari, eta hala berreskuratu zituzten Altsasuko inauteriak; segidan, jaia berezko herriari itzuli zioten. Orain, mende erdi igaro ondoren, inauterien bueltan sortutako harreman hori oinarri hartuta, Altsasu eta Galdakao herriak senidetu egingo dira.

Ahanzturatik birsortua

Ricardo Aldasoro zen Altsasun bertako inauterien arrastoa eta oroitzapena gordetzen zituenetako bat, eta hark egindako aipamen bat Jose Maria Satrustegiren Solsticio de Invierno liburuan jaso zen. Juan Antonio Urbeltz Argia dantzari taldearen zuzendariak aipamen hori irakurri zuenean altxor bat zegoela ikusi zuen, eta Andra Mari dantza taldeari ikertzeko proposamena luzatu zion. Altsasuko inauterien arrastoaren atzetik ikerketa lana egin zuen Andra Marik, eta pixkanaka mozorroak eta bestelako elementuak berregiten joan ziren.

Lan horren ondorioz, 1977ko ekainaren 26an, Sestaoko zezen-plazan aurkeztu zuten lehen aldiz berreskuraketa lana. Egun bereko arratsaldean, Tolosako zezen-plazan egin zuten Altsasuko inauterien beste agerraldi bat. 1981eko irailean, Satur Leoz altsasuarraren gonbidapenez, Altsasun bertan erakutsi zuten lehen aldiz bertakoa zen inauteria. Bost hilabete geroago, 1982ko otsailaren 20an, berriz ere itzularazi zituzten Altsasura inauteriak erakustera. Egun hartako irudiak dira bideo honetan ikus daitezkeenak.

 

Beren herriko inauteria Bizkaiko talde baten eskutik ikustean txundituta geratu ziren Altsasuko herritarrak eta galdakoztarren emanaldi horiek piztu zuten Altsasun momotxorroak eta bere inauteriko mozorro guztiak berpizteko sua. Ondarea bildu, osatu eta jatorrizko herriari itzuli zion Andra Mari dantza taldeak. 2024an Andra Marik ekoitzitako Momotxorroak, kaos baten istorioa dokumentalak historia hori jasotzen du.

Inauteriek batutako herriak

Galdakao eta Altsasu herriek mende erdiz izan duten inauterietan oinarritutako harreman hori senidetze instituzionalaren bidez formalizatuko dute. Ekitaldia datorren larunbatean, urtarrilaren 31n, izango da, 12:30ean, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan. Bertan izango dira Altsasuko inauteriak berreskuratzeko ezinbestekoak izan diren bi elkarteak: Galdakaoko Andra Mari dantza taldea eta Altsasuko Herri Inauteri Batzordea; baita inauteri berezi horietako protagonista diren momotxorroak eta Galdakaoko dantzariak ere, Galdakaoko eta Altsasuko alkateekin batera.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.