Dokumentuaren akzioak
Euskal dantza tradizionala baztertu du berriz (2017) Etxeparek
33.000 € aurreikusi ditu aurten ere Etxepare Institutuak dantza nazioartean zabaltzeko, baina euskal dantza tradizionalaren aurkako bazterketarekin jarraitzen du. "Ez da diru-laguntzarik emango ondokoetarako: a) Izaera amateurra duten erakustaldi edo jaialdietarako. b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako. c) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako."
2017ko ekainaren 9an argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) Etxepare Institutuaren deialdia artea, musika eta dantza "euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko diru-laguntzak" emateko. Aurten ere, dantzak du diru-laguntza txikiena eta gainera euskal dantza taldeak baztertzen ditu.
Dantzak diru gutxien eta baldintza gehien
Deialdiak guztira 216.000 €-ko diru-laguntzak aurreikusten ditu 2017 urterako, baina horietatik 130.000 € (%60,78) musikarako dira, 53.000 € (%24,53) arte plastiko eta ikusizkoetarako, eta dantzarako da zati txikiena, zehazki 33.000 € (%15,27). Dantzara diru kopuru gutxien bideratzeaz aparte, hasieran aipatutako dantzari lotutako aparteko baldintza bereziak jasotzen ditu deialdiak. Baldintza hauekin, euskal dantza taldeak deialditik kanpo gelditzen dira, amateurrak baitira eta kalea baitute dantzarako eremu nagusi.
Iaz ere gertatu zen bazterketa hau, eta Etxepare Institututik honako erantzuna utzi zuten dantzan.eus-en, deialdiaren eta Etxepare Institutuaren sustapen lanaren inguruan argibideak emanez. Iazkoarekin alderatuz, aurtengo nobedadea da 15 partaidez baino gehiagoz osatutako taldeak baztertzeko ezarrita zegoen muga ezabatu dela.
Informazioa: Etxepare institutuaren euskal kulturaren hedapenerako diru-laguntzak.
Dokumentuaren akzioak