Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal dantza baztertu du berriz Etxeparek

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantza baztertu du berriz Etxeparek

2016/05/12 09:40
Euskal dantza baztertu du berriz Etxeparek

Argazkia: dantzan.eus CC BY-SA

Aurten ere euskal dantza taldeei ukatu egin die Etxepare Institutuak nazioartean emanaldiak egiteko eskaintzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko aukera. 2016ko maiatzaren 12an argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) Etxepare Institutuaren deialdia artea, musika eta dantza "euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko diru-laguntzak" emateko. Beste behin, dantzak du diru-laguntza txikiena eta gainera euskal dantza taldeak baztertzen ditu.

Dantza, ahizpa probrea

Deialdiak guztira 226.000 €-ko diru-laguntzak aurreikusten ditu 2016 urterako, baina horietatik 140.000 € (%61,9) musikarako dira, 53.000 € (%23,4) arte plastiko eta ikusizkoetarako, eta dantzarako da zati txikiena, zehazki 33.000 € (%14,6). 

Dantzako baldintza bereziak

Dantzarako diru gutxien aurreikusteaz gain beste sailetan (artea eta musika) ez dauden aparteko baldintza bereziak jasotzen ditu deialdiak. Adibidez: "Nahitaezkoa izango da profesional gisa aritzea dantzan". Eskakizun hau ez da ageri ez musikan ez artean. Dantzan baldintza hau jartzeak helburu argi bat dauka: euskal dantza taldeak deialditik kanpo uztea. Eta zalantzarik bazegoen honi buruz, horra beste puntu hau:

"Ez da diru-laguntzarik emango ondokoetarako:

a) Izaera amateurra duten erakustaldi edo jaialdietarako.

b) Guztira 15 partaide baino gehiago dituzteen taldek egindako biretarako.

c) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako

d) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako."

Euskal dantza baztertzea helburu

Baldintza horiek helburu jakina dute: euskal dantza taldeak deialditik kanpo uztea. Musika eta Artean edozein motatako proposamenak aurkez daitezke. Atzerrian emanaldiak hitzartuta izatea da baldintza bakarra. Dantzan, Etxeparek ez du diru-laguntzarik eman nahi euskal dantza taldeen atzerrian egiten dituzten emanaldiei laguntzeko eta horregatik jarrita ditu baldintza horiek deialdian.

Informazioa: Arte plastiko eta ikusizkoak, musika eta dantza 2016. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko diru-laguntzak emateko prozedura (EHAA)

Dokumentuaren akzioak

2016/05/13 12:26
Egun on,

Etxepare Euskal Institututik argibide batzuk emateko beharra ikusten dugu, ez baita egia Etxeparek euskal dantza baztertzen duenik.

Aurten nazioarteko dantza biretarako diru-laguntzen aurrekontua 29.000 eurotik 33.000 eurora igo dugu. Badakigu oso kopuru xumea dela, baina musikako deialdian urtero 60 nazioarteko bira eskaera egoten diren bezala, dantzakoan 12 bat egoten dira. Iharduera Ekonomikoen Zergan altan egotea eta beraz nazioarteko bira profesionalak izatea bai musikan, bai dantzan, bai antzerkian, bai ikusentzunezkoetan eskatzen dugun betebeharra da; ez dira dantzarako bereziki jarritako baldintzak. Dugun errealitatetik abiatuz, jarduera guztiak laguntzea ezinezkoa zaigu, eta egoera honetan kultur sortzaile profesionalen lana lehenestea erabaki zen bere momentuan. Gainera, musikan eta antzerkian ere jartzen da 15 pertsonako muga, bestela hiruzpalau talde lagunduta aurrekontua amaitu egingo litzateke eta.

Euskal kultura nazioarteratzeko euskal dantza talde tradizionalek eta abesbatzek egiten duten lana ikaragarri baloratzen dugu. Esate baterako, Euskal Dantza Tradizionalari buruzko SOKA erakusketa nazioartekotzeko egitasmoak sustatzen ari gara iparraldeko EKErekin elkarlanean: iaz Boisera eta aurten Pau ingurura eramango dugu erakusketa.

Lehen bagenuen egitasmo ez profesionalei zuzendutako Euskal Kultura Kanpoan Zabaltzeko Deialdi Orokorra. Deialdi hau duela hiru urte desagertu zen Etxepareren aurrekontua %33 murriztu zenean.

Halere, diru-laguntza deialdietatik kanpo geratzen diren proiektuak nola lagun ditzakegun aztertzen ari gara azken hilabeteotan, egoera honi irtenbideren bat emateko helburuz, deialdi hau berreskuratzeko baldintzak ematen diren bitartean.
2016/05/13 13:19
Beraz, "jarduera guztiak laguntzea ezinezkoa" da eta deialdi orokorra "duela hiru urte desagertu zen Etxepareren aurrekontua %33 murriztu zenean". Beraz, euskal dantzaren egoera Etxeparen deialdietan hauxe da: musika zabaltzeko 140.000€, artearentzat 53.000€, dantza garaikidearentzat 33.000€ eta euskal dantzarentzat 0€.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.