Dokumentuaren akzioak
Film laburrak: Soka, euskal dantzaren urratsetan
Durangoko Azokako Irudienea gunean, Euskal kultur erakundeak ekoiztutako "Soka, euskal dantzaren urratsetan" erakusketa ibiltariarentzako egindako film laburren emanaldia eta aurkezpena egingo da.
- Zergatik dantzatzen duzu ? - Joana Asurmendi (Ateka films - 2015)
- Jalgi - Eki Pagoaga (Aldudarrak Bideo - 2015)
- Dantza flokak - BideoGrafik (2015)
- Margo dantza - Oskar Alegria (2015)
Zergatik dantzatzen duzu?: Galdera orokor honetan oinarrituz, Joana Asurmendi bideogileak dantzari batzuen bizipen intimoak eta irudikapenak bildu ditu Euskal Herrian gaindi. Beren unibertsoak eta ikuspegiak irudi ederrez plazaraziz.
Margo dantza: Jon Maya dantzariaren laguntzari esker, zazpi margo oinen laguntzaz tindatuak izan dira. Arin-arin dantzaren arrastoa, jotaren itxura geometrikoak, aurreskuaren urrats pausatuak, ezpata-dantzaren ondorioak, mutil-dantzaren aztarna zirkularra... Itxura horiek guziak aldatu eta, azken finean, margolan handi batean txertatzen dira. Zer gelditzen da lurrean dantzariak hau ferekatzen duenean eta honen gainetik ibiltzen denean, pintzel baten pare? Zazpi obra horiek zazpi erantzun dira, bai eta zazpi galde berri ere.
Jalgi: Sorkuntza da komunikazio esperimentala. Bakarrik ez girela errateko. Bakarrik girela errateko. Sorkuntza da hizkuntza, literatura, antzerkia, kantua ... dantza. Dantza da gorputzaren bidezko adierazpen mota. Dantza mintzo da bizi eta heriotzaz, grabitateaz. Munduan izaiteko nahi kementsua adierazten du. Dantzak dio: «nintzen, naiz, izango naiz". Dantza da memorioa, kontzientzia, nahikeria. Dantza da arbasoak oroitzeko, espazioa okupatzeko, etorkizunean sinesteko. Dantza da heriotzaren (indibiduala edo kolektiboa) beldurrari aurre egiteko era. Deusezteari erresistentzia.
Dantza flokak: Euskal dantzaren dimentsio estetikoa eta edertasuna agerian utzi nahi duen lan hau Euskal kultur erakundeak ekoiztu "SOKA, euskal dantzaren urratsetan" erakusketa ibiltariarentzako egina izan da.
Argazkia: EKE
Dokumentuaren akzioak