Joseba Tapiaren 'Larreko eskolatik' liburuaz
Azaroaren amaieran, Joseba Tapiak "Larreko eskolatik. Trikitixarekin gozatzeko apunteak" liburua argitaratu eta aurkeztu zuen. Liburuaren aitzakian, Berria egunkariak Tapiari elkarrizketa argitaratu zuen, eta Dantzan.eus-ek bere Hemerotekan jaso.
Nik gomendatu egin nuen [dantzan] posta-zerrendan, eta liburua irakurtzeko irrikitan nengoela. Durangoko Azokan eskuratu, eta Gabonetan irakurri nuen di-da batean, irakurterraza baita. Orain berretsi nahi dut gomendatzeko moduko liburua iruditzen zaidala. Mamitsua. Oso kritikoa.
Nire ustez ondo ekarria da. Zentzu osoa du dantzan.eus-en argitaratzeak, dantzarekin erabateko lotura duelako. Tapiak marrazten duen egoeraren diagnosia eta hausnarketa kritikoa, dantzaren alorrean pareko identifika dezakegu (ein handi batetan gutxienez). Liburuak "musika" edo "trikitixa" dioenetan, erraz irakur dezaket nik "dantza".
Pasarte ugari azpimarratu ditut liburuan. Guztiak hemen jartzea luze emango luke, baina hasierako bi abiapuntu besterik ez, gero etorriko denaren aurrerapen:
Irakaskuntzaz: "Nola irakasten da? Zer baliabide eskaintzen zaizkio irakasleari?
Zer pedagogia mota aplikatzen dugu? Pozik al daude ikasleak?
Zein ote da (musika eta dantza) eskoletan sartu izanaren emaitza? Eman al du?
Trikitixaz (musikaz): "(garai batetan) Bost axola euskal gazteriari trikitixa bekatua eta kanpokoa izatea, huraxe behar zuten lana ahazteko, gorputza gozatzeko, neskak neska eta mutilak mutil bihurtzeko. Herri xehearen zerbitzuan zegoen trikitilaria. Zinezko folka, folklorizatu gabeko folka egiten zuten gure aurrekoek, larreko (akademizatu gabeko) haiek. Orain, nola esan... Merkatuak, sistemak, abertzaletasunak, etnosalmentak asimilatu egin dute trikitixa, erdaldunek asmaturiko 'triki' hitz berriari zernahi erantsi eta herrigintzan gabiltzalakoan. Folklorizatu egin gaituzte neurri handi batean (...)"
Gaur bizi dugun egoerarako irtenbide majikorik ez du eskaintzen Tapiak. Proposamen eta ideia batzuk bai (dantzaren irakaskuntzarako ere baliagarri izan daitezkeenak). Baina batez ere begirada kritikoa da. Hausnarketa sustatzen du, berriz ere, zer eta nola ari ote garen egiten. Ez da gutxi, eta beti da osasungarri.
Balio berezia, nondik datorren kontuan hartuta: Joseba Tapiak badu ibilbidea eta eskarmentua, bere iritziak arretaz entzuteko bestekoa. Gainera, bere bizipenetik, bere azaletik egiten du hausnarketa.