Dantzak osasunean dakartzan onurak erakusten hasi dira hedabideak

2021/01/18
Dantzak osasunean dakartzan onurak erakusten hasi dira hedabideak

Pixkanaka dantzak osasunari egiten dion ekarpenari arreta eskaintzen hasi dira komunikabideak. Horren adibide da Iker Tubiak Berrian egin duen Dantza eta osasuna eskutik helduta erreportajea. Nazioartean dantza eta osasunarekin lotutako hainbat ikerketa ari dira egiten azken urteetan, eta Osasunaren Mundu Erakundeak ere eskatu du gobernuen eta osasun sektoreen arteko lankidetza hobetzeko estrategiak eta politikak garatzea.

Maialen Araolaza fisioterapeutak, adibidez, euskal dantzak zahartzaroan dituen onurak azaleratu ditu bere doktore tesian. Oinez ibiltzen diren adineko 22 emakumeri eta dantzatzen diren 22 emakumeri hainbat neurketa egin dizkiete. Horrela, ikusi du dantzaren onura: “arreta eta oreka lantzen direnez egokia da zahartzaroko narriaduraren prebenitzeko”. Jose Luis Trejo neurobiologoak dio dantzak neurrizko jarduera fisikoa, giza harremana eta dibertsioa biltzen dituela, beraz, “sedentarismoaren kontrako jarduerarik egokiena dela”.

Adituen azalpenez gain, Mari Cruz Ugarteren eta Juan Pedro Aramendiaren esperientziak jaso ditu Tubiak. Lehenengoa, duela bi urte hasi zen helduen dantza ikastaroetan; eta bigarrena, dantzaria gaztetatik, adinean aurrera joanda ere dantzak harrapatuta dauka.

Erreportajea: "Dantza eta osasuna eskutik helduta" (Iker Tubia, Berria, 2021-01-13)