Norenak dira dantzak? Peru eta Bolivia aurrez aurre
Nori dagokio dantza baten jatorria aldarrikatzea? Estatu batek izan al dezake kultura-adierazpen baten gaineko jabetza? Eta noiz bihurtzen da partekatutako ondarea edo herri-ondarea kultura-apropiazio? Ondare immaterialaren inguruko galdera horiek hainbat lekutan agertu izan dira, eta horren adibideetako bat da Diablada, Morenada eta Llamerada dantzen harira Bolivia eta Peruren artean piztutako auzia.
Bi herrialdeek dantza horien jatorria aldarrikatu izan dute. Boliviak Oruro inguruan kokatzen du sorrera; Peruk, berriz, Altiplanoa historian zehar partekatutako espazio kulturala izan dela defendatzen du, eta Puno eskualdeko tradizioa aldarrikatzen du. UNESCOren ondare immaterialaren izendapenen inguruko desadostasunek eta bi estatuen ondare-politikek agerian utzi dute eztabaida ez dela jatorri historikoari buruzkoa bakarrik.
Identitatea eta kultura-politikak
Kasuak mahai gainean jarri du ondare immaterialaren inguruko galdera nagusietako bat: izan al dezake dantza batek jabe bakarra? Beste galdera bat ere plantea daiteke: Izan al dezake dantza batek jabea?
Dantzak, musikak edo errituak belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren kultura-adierazpen biziak dira, etengabe aldatzen eta egokitzen direnak. Horregatik, askotan zaila da gaur egungo estatuen mugen arabera haien jatorria modu esklusiboan zehaztea.
Halako eztabaidetan historia baino gehiago dago jokoan. Ondare immaterialak identitate kolektiboarekin, memoriarekin eta nazio-eraikuntzarekin lotura estua du, eta, ondorioz, kultura-politiken parte ere bada. Dantza baten jatorria aitortzeak nazio baten irudiarekin, edo nazioarteko aitortzarekin ere badu zerikusia. Horregatik, Boliviak "plagio kulturala" salatu duen bitartean, Peruk bere dantzen benetakotasuna defendatzeko historialarien eta dokumentazioaren babesa bilatu du.
Muga politikoak eta kultura bizia
Diablada, Morenada eta Llameradaren auzia ondare immaterialaren inguruko eztabaida zabalago baten adibide da. Ikertzaile askok gogorarazi dute gaur egungo Bolivia, Peru eta Txile hartzen dituen Andeetako eremua mendeetan zehar espazio kultural bateratua izan dela, eta bertako komunitateek errituak, musika eta dantzak partekatu dituztela estatuen mugak ezarri aurretik.
Horregatik, ondare immaterialaren inguruko galdera nagusia ez da soilik dantza bat non sortu zen. Gero eta gehiago, eztabaidaren muina da nola aitortu jatorria, nola kontatu haren historia eta nola uztartu hori guztia gaur egun hainbat komunitatek bizirik mantentzen duten ondare partekatuarekin.