Buruzagi-makila, dantza gidatzen duen aginte-ikurra
Txistuaren gonbidapenari erantzunez makila altxa du buruzagiak, dantzarako deia da, eta horrela dantzan hasi da taldea ere. Dantzari taldearen buru, gidari denak ez du beti jantziak bereizten, baina tresna bereizgarriena darama eskuan: buruzagi-makila. Buruzagiaren eskuan doan objektu hori ez da kolpeka erabiltzen beste makila eta uztaiak bezala, baina ez da apaingarri hutsa ere. Agintearen, gidaritzaren sinboloa da. Keinu batekin dantzaren norabidea aldatu dezake, taldea abiatu edo geldiarazi ohi du.
Euskal dantzan, buruzagi-makila ez da soilik tresna koreografikoa; botere sinbolikoaren irudikapena ere bada. Gaur egun alkateek edo bestelako agintariek erabiltzen dituzten aginte-makilen antzera, dantzari buruzagien makilek ere taldea, eta hedaduraz komunitatea, gidatzeko ardura irudikatzen dute. Tresna sinboliko bat da finean, bere baitan biltzen dituena gidaritza, autoritatea, erritmoa edo komunitatearen batasuna.
Dantzaren gidaria
Gipuzkoako dantzetan bereziki ezaguna da kapitainaren edo buruzagiaren makila. Brokel-dantzaren zikloan, buruzagiak bola bat muturrean daukan makila darama eskuan, eta haren keinuek markatzen dute dantzaren garapena. Buruzagi-makila eskuetan daramalako ezagun da nor den kapitaina: taldearen gidaria da, eta haren inguruan antolatzen da koreografia osoa; hasierak eta bukaerak markatzen ditu bereziki.
Makilaren formak hainbat aldaera izan ditu eta ditu. Muturrean bola eta makila koloretako xingolaz apainduta izatea ohikoa da. Badira, edo izan dira, hosto edo animalia itxurako apaindurak dituzten buruzagi-makilak ere. Zenbait kulturetan, zaldi formako makilak ere erabili izan dira erritu dantzatuetan. Ezpatak, lantzak, pikak eta bestelako tresnak ere ageri dira dantzari kapitainen eskuetan.
Badira estandarte eta bandera formakoak ere:
Boladun makila
Muturrean bola duten makilak danborradetako danbor nagusiek erabiltzen dituztenen parekoak dira. Izan ere, tradizio militarretik jasotako irudiak dira hein batean. Aginte-makilek ejerzitoen iruditerian hartu zuten forma ezagunenetako da berau.

Donostiako danborrada bezalako ospakizunetan ere, danbor nagusiaren aginte-makila desfilearen eta erritmoaren erdigune bihurtzen da. Mugimenduk egiten ditu airean, baina funtzioa ez da estetikoa bakarrik: taldearen gidaritza, batasuna eta koordinazioa bilatzen ditu, orkestra zuzendariak hagatxoa darabilen funtzio berarekin.
XVIII. mendeko saloietako dantzaldietan, tradizio militarra eta dantza lotuta zeuden neurrian ageri ziren makilarekin ekitaldia zuzentzen zutenak. Dantzaldia zuzentzen zuenak makila erabiltzen zuen dantzaren figurak eta mugimenduak gidatzeko, bai eta ordena matentzeko ere. Zenbait tokitan bastonero deitzen zioten. Richard Ford-ek Gasteizen 1846an ikusitako zortzi dantzarik osatutako taldearen buruan aipatzen du: "A Bastonero, or leader of the band [...] directed de rustic ballet".
Dantzaren gidari, makilari eta ordenaren zaintzaile
Juan Antonio Zamakolak ere dantzaldietako ezinbesteko figuratzat jo zuen makilaria edo bastoneroa: "Maestro de ceremonias o bastonero, esto es, como organizador del baile." eta bere funtzio erritmoa ere zehaztu zuen: "se le llama bastonero por dirigir con su bastón los dictados rítmicos de cada baile". Lan zailtzat zuen Zamakolak bastoneroarena: "El encargo mas rudo y mas dificil de desempeñar en un bayle es el de Bastonero", izan ere dantzaren ezagutza sakona eta dantzarien ezaugarriak ezagutu behar baitzituen. Zenbait makilarik oinak ez ezik, makila bera dantzatzen trebetasun handia garatzera iritsi dira. Nafarroa Behereko segizioetako makilariak ditugu horren erakusgarri nabarmen.
Zehazki kontra-dantzetan aritzen ziren bastoneroaz idatzi zuen Zamakolak 1796ko Elementos de la ciencia contradanzaria lanean, izan ere, kontra-dantzetan ohikoa zen gidariak figurak agintzea eta dantzariek horiek dantzatzea, gaur egun dantza-jauzietan egin ohi den moduan.
Bestalde, ordena eta txukuntasuna mantentzeko ardura ere izaten zuen Bastonero horrek, eta hor Otsagabiako boboa edo Arabako katximorroaren "moduak" ageri zaizkigu: "que al baylarin ó baylarina que se desmandase le sacudiese un garrotazo que le rompiese un par de costillas". Hain zuzen, dantzaldiaren ordena mantentzea eta bereziki moralitatearen zaintza bihurtuko da bastoneroen funtzio nagusia zenbait garai eta tokitan. Madrilen XIX. mendeko bastoneroek dantzaldietan ordena eta emakumeen ohorea zaintzeko ardura izaten zuten. Lotuta izan litezke figura horiek, Arabako Guardia eta Eltziegoko dantzarien gidariek, katximorroek, zenbaitetan bastonero izendapena ere jaso izan baitute.