Suinagan totem
Sasoi baten Ander Fernandez dantzari indartsuaren hitz egiteko gazte-argotak grazia handia eragiten zigun. Anderri ikasi genion totem hitzaren deformazio, kalanbur edota bigarren adiera bat: “estaba toten, to tenso”. Koko-dantzetako totem edo ikur gogorrenetako bat Suinaga etxeko andrakumea izan dugu.
Suinaga etxekoa omen zen emakumeek aurrenekoz bozkatu ahal izan zuten 1933ko azaroaren 5eko Indalezio Ojangurenen argazki ezaguneko iladan ageri den bigarrena: Josefa Suinaga, argazkian buruko zapi iluna daukana. Zergatia ez dakit, baina barru-barrutik Josefaren ondorengoa irudikatu nahi izan dut Suinagako gure koko-dantzetako andrazkoa.
Dalako etxekoandrea emakume handia ikusi izan dut urte hauetan, eta beti atera izan zaigu etxean jantzita zebilen moduan, jertse lodi batekin igual eta amantala soinean. Berak bakarrik bete izan du etxeko ataria.
Aurten ere etxe aurreko aldapan behera ekin diogunerako, etxekoandrea etxeko atarian aulki edo banketa batean eserita egon da. Ikusteko gogoa neukan. Arrimatu gara, mamarruon zakua ez dut aurpegitik erretiratu eta agur-berba batzuek egin dizkiodanean, hantxe, bazter batean, bi makulu ikusi dizkiot. Bi makulu eta poltsa bat geure jardunaren trukean emateko generoarekin. Animosa egon da. Eserita mantendu da, baina bizi-bizi agindu digu hurrengoan ere joateko; bizi bagara –horrelaxe– joateko, joateko. Lau urtetik behin entzuten den disko bateko kantu gozoaren antzera nahi genuke Suinagako etxekoandrea hantxe present.