Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ballak eta plazerak Oregi Zahar etxekoen mugarriak

Dokumentuaren akzioak

Oregi Zahar etxekoen mugarriak

2025/12/03 11:55
Oregi Zahar etxekoen mugarriak

Koko-dantzak Oregi Zahar-en, 2025-02-22. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa

Eibarko eremuetako Aginaga auzotik gora egizu, Arando baserrietara bidean, eta bi herriren eta bi probintziaren arteko mugarri bat Oregi Zahar etxeko sukaldean ezartzen omen da. Anek azaldu digu: halakoetan suak erakutsi ohi du etxea nongotzat joko den. Gaurko kasuan, sukaldeak Eibar aldera ematen duenez, Oregi Zahar Eibarkotzat kontatzen da, nahiz eta, beharbada, Markinaranzko lur gehiago izango duen, jakizu.

Aurten, 2025eko otsailean, Oregi Zahar-en sartu gara atzera. Baserriaren lehen aipamena 1498koa da, eta errespetuz baina kontent asko iritsi gara, bertako senar-emazteek umil baina abegikor eta eskuzabal hartu izan baikaituzte lehengoetan ere. Atean jo, apur batean itxoin eta beste batzuetan moduan, Jesusa atera zaigu. Senarra makal samar ei dago eta bazkalostean siestara sartu ei da. Bera ere bajatuta aurkitu dugu. Hezurretako mina, diosku. Ezagutu genion umoretik, ai! Gurean Maialenek daki eta berak dauka sentikortasuna horrelakoetan. Ez, etxekoandrea ez dago baltseo soil baten mugimenduetarako, baina besoetatik helduta, berezko senetik sortzen zaion bulkada dantzaren konpas bere-berean darabil.

Eskorga batean porru eta, uste dut, tipula sorta eder batzuek laga dizkigute. Hau etxiau luze gorde daixala.

Idazten ari naizen iluntzean 2025eko uztailak 22 egun dauzka eta goizean, egunkarian, Oregi Zaharreko Juan Jose Agirregomezkortaren hilberria irakurri dut. 94 urte. Mugarriak era askotakoak izan ohi dira.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ballak eta plazerak

Ballak eta plazerak

Ortzadar-en diska zahar bateko Pelegri aidia aurkeztu zaigu akordura. "Adio ballak (ball-ak, baileak, dantzak) eta plazerak" dio une batean. Ballak eta plazerak. Eta pentsatu dugu dantzak ekarri dizkigun poztasun, lan, buruko minak, irakaspenak, pozak edo dena delakoak kontatu, idatzi egin behar genituzkeela edo idatz genitzakeela. Izenburu orokorra: Ballak eta plazerak.