Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ballak eta plazerak Hartu-emanak

Dokumentuaren akzioak

Hartu-emanak

Hartu-emanak

Mertxe, Larraitz, Ainara eta Andra Mariko kideak, Altsasuko eta Galdakaoren senidetze ekitaldian, 2026-02-01.

Egun, 2026ko zezeilaren 4an, Santa Ageda bezperako kopla ederrak abestuko dituzte Galdakaoko Andra Mari taldeko gizonezkoek eta, estreinakoz, ez dute Kepa Artetxe —ezta Josean Sagasti— hezur-haragiz kantatu edo, gutxienez, entzuteko izango. Lelengo hasite gura genduke etxeko jauna notadu.

Hutsuneen nolabaiteko kontrapisu gisa, gaur bertan irakurri dut Altsasuko eta Galdakaoko ordezkari politikoek senidetze-lotura bat itxi dutelako berria. Beste hainbati legez, Kepa Artetxeri ere zor zaion kulturatik eratorritako harreman aberasgarria da. Sarri kontatu ohi da: Urbeltzek aipaturik, 1976an Andra Mariko taldekideek Altsasura hurbildu dira. Bertako inauteria ezagutzera iritsi zirenei galdetuta —XX. mende hasieratik galduta baitzegoen— erritoa, segizioa eta jaia berrosatzea lortuko dute. Emaitza 1978an Altsasun erakutsi eta 1982an altsasuarrek eurek plazaraturik, atzera errotu ahal izango dute. Bizidun. Gaur arte.

Inauteriak baino lehentxoago, Santa Ageda berriro. Nik egundo entzun ditudan santaeske-kopla finenetako batzuek Andra Mariko neskek eman ohi dituzte. You tuben aurkituko dituzu. Azkueren eta A. Donostiaren kantutegietan agiri denez, Altsasun bildu ziren: Etxe hontako andria, giltza handian jabia. Giltza handia hartu ezkero, eguzu limosenia, demandatzen dute. Aipatutako senidetze-ekitaldiko argazkian, Mertxe, hantxe ikusi zaitut Arrate gainetik. Jaun zerukuak paga dezala berorren borondatia. Zuen etxe horretan eskuzabal isuri izan den borondate noble, ugaria.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ballak eta plazerak

Ballak eta plazerak

Ortzadar-en diska zahar bateko Pelegri aidia aurkeztu zaigu akordura. "Adio ballak (ball-ak, baileak, dantzak) eta plazerak" dio une batean. Ballak eta plazerak. Eta pentsatu dugu dantzak ekarri dizkigun poztasun, lan, buruko minak, irakaspenak, pozak edo dena delakoak kontatu, idatzi egin behar genituzkeela edo idatz genitzakeela. Izenburu orokorra: Ballak eta plazerak.