Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ballak eta plazerak Bide segurua

Dokumentuaren akzioak

Bide segurua

2025/10/01 17:20
Bide segurua

Jesus Irizar "Txutxin", Oñatiko dantza-maisua Debabarrenako dantzariekin Oñatiko korpus dantzak egiteko prest Astelena frontoian, 2001. urtean.

Gaurko gure adinetik atzera begiratuta, berrogei urte baino gehiago dira Txutxin Irizar aurrenekoz ezagutu genuenetik. Orduan sasoian Eibarko Amalur taldeko lokalean, Jose Mari Iraola eta biak aurkezten zaizkit orain Oñatiko arku-dantza erakustera etorrita. Biak ere irakasle zorrotzak. Biekin ere, berrogeita urte beranduago, berba batzuek egiteko beti gustora asko.

Oñatiko dantzak kaligrafia dotorea dira. Delako entsaio haietan arku-dantzako pausua, jiroa eta saltua adi, gustora ikasten genituen. Ordura artekoen aldean, desberdinak, finak iruditzen zitzaizkigun, beharbada. Eta saltua batez ere, saltua egiten zitzaigun bereziena.

-Atzetik etara! Atzetik etara! –muriska egin eta eskuineko hanka atzean lagatzetik urratsari jarraipena emateko agintzen zigun Txutxinek. Berak zehazten zizkigun anplitudeak eta neurriak. Adi ikasten genuela esan dut. Beharko adi, gero! Mila saltu behar izanez gero, mila eragingo zizkigun bestela! Eta bera aurren dala, zalditxoaren traza hartuta. Txutxin.

Gerora, orduan berak zeuzkanak baino hamabost bat urte gehiago izango genituen Argia taldearen Besta Berri izeneko ikuskizunean nik azkenekoz gona eta apaingarri gorriak soineratu nituenean. Ez naiz ni dantzan liluragarri, erraz egiten duten horietakoa izan, ez; errepikek egin naute izan naizen dantzaria. Horrexegatik hurrean, Txutxinekin ikasitako letran eta moldean konfidantzaz, seguru jardun izan dut. Eta zuzena da hori guztia eskaini zizunari esker oneko oroitzapena aitortzea.

Txutxin-en filme gordearen proiekzioa 2024
Jesus Irizar "Txutxin" hil ondotik, berak gordeta zuen Oñatiko Korpus dantzen filmazio baten proiekzioa Eibarren seme-alabak eta dantzari-lagunak tartean. Erdian, alkandora berdearekin Jose Mari Iraola dantzari soraluzetar eibartartua eta bere ondoan Miren Sarasketa eibartar dantzaria, biak Txutxin-en dantzari-lagun minak.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ballak eta plazerak

Ballak eta plazerak

Ortzadar-en diska zahar bateko Pelegri aidia aurkeztu zaigu akordura. "Adio ballak (ball-ak, baileak, dantzak) eta plazerak" dio une batean. Ballak eta plazerak. Eta pentsatu dugu dantzak ekarri dizkigun poztasun, lan, buruko minak, irakaspenak, pozak edo dena delakoak kontatu, idatzi egin behar genituzkeela edo idatz genitzakeela. Izenburu orokorra: Ballak eta plazerak.