Soka erakusketa eta dantza-ekitaldiak Dantzan Biharrianen

2019/10/25
Soka erakusketa eta dantza-ekitaldiak Dantzan Biharrianen

Urriaren 31tik aurrera irekita izango ditu ateak Soka erakusketak Eibarren. Biharrian Dantzan egoitzan izango dugu Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketa multimedia. Erakusketarekin batera zenbait jarduera antolatu dira, bisita gidatu bat Oier Araolazarekin, bisita dantzatu bat Patxi Labordarekin eta dantza eta sorkuntzaren inguruko gogoeta saio bat Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregirekin.

Biharrian Dantzan, Eibar.

Bisita-gidatuak eta jarduerak

  • Azaroak 4, astelehena, 19:30ean
Soka erakusketaren irekiera ekitaldia eta bisita-gidatua Oier Araolazaren (Kezka dantza taldea eta Dantzan) eskutik.
  • Azaroak 21, osteguna, 19:30ean
Soka erakusketara bisita-dantzatua Patxi Labordarekin (Aiko taldea eta Bilbao Musika).
  • Abenduak 12, osteguna, 19:30ean
Sorkuntzaren Soka, euskal dantza, tradizioa eta sorkuntzaren inguruko gogoeta saioa Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregirekin (Argia eta Ikerfolk).

 

Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketa, Euskal Kultur Erakundea (eke.eus). Argazkia: Johan Morin.

Erakusketaren xehetasunak

"Soka, Euskal Dantzaren Urratsetan"  izeneko erakusketa multimedia honek 150 metro karratutan euskal dantzari begirada zabal eta sakona eskaintzen dio 400 bat ilustrazio (artxibo bideoak, elkarrizketa zatiak, soinu zatiak eta artxibo irudiak), zazpi bideo sorkuntza original, 14 ukipen-pantaila, formatu handiko 7 HD telebista, 6 koadro digital, 15 ordenagailu eta 9 irakurgailuren bitartez, eta lau hizkuntzatan: euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez. 

Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketa, Euskal Kultur Erakundea (eke.eus). Argazkia: Johan Morin.

Erakusketa Euskal Kulturaren Erakundeak (EKE) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak produzitu dute eta Biarritzen, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Maulen, Baionan, Zarautzen, Getxon, Bordelen eta Pauen izan da besteak beste ikusle arrakasta handiz leku guztietan. Egoitza nagusia Eibarren duen Dantzan elkarteak ere parte hartu zuen erakusketaren edukien prestaketan eta orain Gipuzkoako Diputazioaren laguntzarekin Dantzanen egoitza berrian, Biharrian-en ikusi ahal izango da erakusketa sei astez. 

Datak, ordutegiak eta kokapena

Erakusketa: Soka, euskal dantzaren urratsetan

Datak: 2019ko urriaren 31tik abenduaren 15era
Ordutegiak:

  • Astelehenetik ostiralera 9:00etatik 20:00etara
  • Larunbat, igande eta jai-egunetan 11:00-13:00 eta 17:00-20:00 bitartean

Tokia: Biharrian Dantzan, Ubitxa 16-18 behea. 20600 Eibar

Kontaktua: 943 53 04 40 dantzari@dantzan.com