Dokumentuaren akzioak
Ezpata-dantza eta Muriska Ipuskoaren 1000 urteurrenean

1000 urte dira ezagutzen den Ipuscua izenaren lehen aipamenetik eta 1025etik gaurdaino dirauen Gipuzkoaren komunitatea ospatzeko Diputazioak antolatutako ekitaldien artean saio hirukoitza egingo du Argiak ekainaren 28an. Eguerdian hainbat dantzari gipuzkoarrek osatutako tropelarekin Donostiako Parte Zaharrean ezpata-dantza egingo dute. Saio nagusia Plaza Berrian izango da, ezpata-dantza, brokel-dantzaren zikloko zenbait zati eta soka-dantzarekin. Segidan publikoari irekitako dantzaldia eskainiko dute Argiako musikariek. Iluntzean, Muriska drama kroeografikoa emango dute San Telmo Museoko elizan, Argiak 70eko hamarkadan entseguak egiten zituen toki berean.
Ipuscua 1000 ekimenaren baitan egingo dira emanaldiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Argiaren zuzendaritzapean, hainbat dantzari taldetako dantzari eta musikariak arituko dira emanaldi hauetan, besteak beste, Argia (Donostia), Duguna (Iruñea), Kezka (Eibar), Elai-alai (Portugalete), Gure-kai (Deba), Haritz (Elgoibar), Antiguotarrak (Antigua), Astigar (Astigarraga) eta Arkaitz (Añorga).
Ezpata-dantza eta dantzaldia Donostiako Parte Zaharrean
Ekainaren 28ko eguerdian ezpata-dantza egingo dute zenbait taldetako ordezkariekin. Añorgako Dantzariek abuztuaren 15ean egin ohi duten ibilbidea oinarritzat hartuta, portutik abiatuko da ezpata-dantzarien tropela. Parte Zaharreko auzune nagusietan egingo dute geldialdi bana, hurrenez hurren, Andre Maria eta San Bizente elizetan. Plaza Berrian egingo da saio nagusia, eta ezpata-dantzaz gain, Brokel-dantzaren zikloko zenbait dantza eta soka-dantza egingo dira. Soka-dantzaren amaieran parte hartu nahi duen orori irekitako dantzaldia egingo da plazan bertan. Gaur egun hainbat tokitan egiten diren dantzaldietako ohiko errepertorioa egingo da: jauziak, fandango eta arin-arinak, etab.
Muriska: saio bikoitza San Telmo Museoan
San Telmo Museoko eliza izango da iluntzeko saioaren agertokia. Muriska drama koreografikoa emango dute 70etik gora dantzarik eta 15 bat musikarik. Juan Antonio Urbeltzek koreografia eta Marian Arregiren musika-moldaketekin, pastoralen egituran kontatzen den istorio hau 1989an estreinatu zuen Argiak. 1992an zati gehiagorekin osatu zen, Alakiketan ikuskizunean eta 2014an Besta Berri ikuskizunean eman zen berriz, Frantzian Confoleneseko Nazioarteko Jaialdian emateko.
Zenbait taldetako kideek osatuko dute dantzari eta musikarien taldea: Argia (Donostia), Duguna (Iruñea), Kezka (Eibar), Elai-alai (Portugalete), Gure-kai (Deba), Haritz (Elgoibar), Antiguotarrak (Antigua), Astigar (Astigarraga), Arkaitz (Añorga).
Bi saio egingo dira, 19:30ean eta 20:30ean, eta sarrerak doakoak dira eta San Telmo Museoaren webgunean eskatuta, bertan hartu behar dira.
Ezpata-dantza, soka-dantza eta dantzaldia
- Data: Ekainak 28, larunbata, eguerdian.
- Donostiako Parte zaharrean.
- Ezpata-dantza: Andre Maria, San Bizente eta Plaza Berrian.
- Soka-dantza eta dantzaldi irekia Plaza Berrian.
Muriska
- Data: Ekainak 28, larunbata.
- Ordua: 19:30 eta 20:30
- Tokia: San Telmo Museoaren eliza
- Sarrerak: San Telmo Museoaren webgunean.
Dokumentuaren akzioak