Dantza tradizionaleko proiektuentzat diru-laguntzak eskaini ditu Dantzaguneak
Sortutakoak Tradizionala 11. deialdia egin du Gipuzkoako Dantzaguneak eta urriaren 2 arte irekita izango da proposamenak aurkezteko epea. 3500€ko bi diru-laguntza eskainiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren dantza-zerbitzuak euskal dantzaren alorrean proiektuak sortu, garatu eta zabaltzeko. Tradiziozko dantzen sormen edota egokitze proiektuak izan daitezke, testuingurua eta ezaugarriak definitzeko ikerketa- edo dokumentatze-lanak, bai eta dantza irakasteko material pedagogikoa sortzeko eta garatzeko proiektuak ere.
Deialdiaren ezaugarriak
Bi motatako proiektuak aurkeztu daitezke Sortutakoak Tradizionala diru-laguntza deialdira. Batetik, sorkuntza edota ikerketa-lanak, zehazki "tokiko dantzen edo tradizioz jasotako euskal dantzen berregite, egokitze edo sormen proiektuak, edota tokiko dantza tradizionalen testuingurua eta ezaugarriak definitzeko ikerketa edo dokumentatze-lanak." Bestalde, euskal dantza irakasteko material pedagogikoa sortzeko eta garatzeko proiektuak ere aurkeztu daitezke. Proiektuak aurkeztu ditzakete taldeek, elkarteek zein norbanakoek.
- Sortutakoak Tradizionala 11 Deialdia (Gipuzkoako Dantzagunea)
Sortutakoak Tradizionalaren emaria
2013. urtean abiatu zenetik hainbat dantza proiektu babestu ditu Gipuzkoako Dantzaguneak Sortutakoako Tradizionala deialdiaren bidez. Hona hemen aurreko deialdietan lagundu diren proiektuen zerrenda.
- Aurtzaka: Beasaingo San Joanetako neskatxen esku-dantza (2013)
- Axeri-dantza elkartea: Andoaingo Axeri-dantzaren inguruan (2014)
- Maritzuli: Miarritzeko San Martin ezpata-dantza (2015)
- Duguna: Iruñeko San Juan bezperako soka-dantza (2016)
- Iruña taldea: Iruñeko San Lorentzoko ingurutxoa (2017)
- Mendi Alde: Otxandioko emakumeen aurreskua (2018)
- Duguna: Iruñeko Sanferminetako trokeo-dantzak (2019)
- Patxi Montero: Euskal herriko plazetarako dantza berriak (2020)
- Iruinkokoa: Iruñeko inauteri euskalduna (2020)
- Jon Olazkuaga: La Pamperruque (2022)
- Aritz Ibañez: Pausoka Dantzan (2022, 2024)