Gipuzkoako Dantzagunearen Sortutakoak programetako deialdiak irekita daude azaroaren 22ra arte
Dantza garaikidean, tradizionalean eta sozialean dantza sorkuntza proiektuak diruz-laguntzen dituen programa plazaratu du Gipuzkoako Dantzaguneak. Guztira 21.500 euro banatuko dira Sortutakoak deialdiko zazpi laguntzatan. Azaroaren 22ra arte aurkez daitezke 2019ko Sortutakoak deialdira proiektuak. Gipuzkoako Dantzagunearen programak dantzaren eremuan egindako sorkuntza eta ikerkuntza proiektuak laguntzen ditu. Hiru deialditan bereizten da programa; dantza-proiektu berriei, tradiziozko dantzei eta dantzaren sentsibilizazioari eta dibulgazioari zuzendutako atalak daude.
Aurtengo programan aldaketa batzuk izan dira, batez ere, diru-laguntzen kopuruei dagokienez. Aurreko edizioekin alderatuz, hiru ataletako kopuruak gehitu egin dira. Bestalde, Sortutakoak 15 deialdian lau izango dira aukeratutako proiektuak (aurreko urteetan urte bakoitzean bi edizio egiten ziren, eta horietako bakoitzean bi proiektu aukeratu ohi ziren). Sortutakotakoak Tradizionala 8n, berriz, bi proiektu aukeratuko dira. Aurreko edizioetan bakarra aukeratzen zen, eta sektoreko ezaugarriak aztertuta erabaki da bi urtez behin egitea deialdia.
Sortutakoak 15 deialdia
Gipuzkoan dantza-proiektu berriak sortzeko, garatzeko eta dibulgatzeko deialdia. Bere baitan hartzen ditu diru-laguntza bat, egonaldi bat Dantzagunearen Errenteriako gunean, eta proiektuaren aurkezpena, egile bakoitzak aukeratutako formatuan. Konpainia edo talde egonkorrek, banakako proiektuek eta proiektu zehatz baterako berariaz sortutako taldeek har dezakete parte. Izen-emate orriarekin batera, proiektua azaltzeko dokumentu bat aurkeztuko da. Dantzagunean egonaldia egiteko aukeratutako proiektu bakoitzak 3.500 euroko diru-kopurua jasoko du. Honako irizpideak hartuko dira kontuan aukeraketan: Proiektuaren kalitatea eta bideragarritasuna, egokitasuna, Gipuzkoako testuinguruan duen lotura eta egonaldiko ingurune artistikoarekin duen harremana.
Sortutakoak tradizionala 8 deialdia
Deialdi honetara aurkez daitezke tokian tokiko dantzen edo tradizioz jasotako dantzen berregite, egokitze edo sormen proiektuak. Kontuan hartuko da proiektuetan landutako dantzaren testuingurua eta ezaugarriak definitzeko ikerketa edo dokumentatze-lana. Talde edota elkarte egonkorrek, banakako proiektuek eta proiektu zehatz baterako sortutako taldeek har dezakete parte. Sortutakoak tradizionala 8n aukeratutako proiektuak Gipuzkoako Dantzagunearen egoitzako dantza-aretoetan prestaketa-egonaldi bat egiteko aukera dauka. Proiektu bakoitza aurkezteko memoria xehatu bat aurkeztuko da. Bi proiektu aukeratuko dira, eta bakoitzak 2.000€ jasoko ditu.
Sortutakoak soziala 3 deialdia
Sortzaileen lana sozializatzeko eta publiko orokorraren artean dantzaren gaineko sentsibilizazioa lantzeko deialdia. Konpainia edo talde egonkorrek, banakako proiektuek eta proiektu zehatz baterako berariaz sortutako taldeek har dezakete parte. Deialdiaren helburua da 2020. urtean zehar dantza dibulgatzeko proiektu bat garatzea. Proiektuak baloratzeko irizpideen artean, proiektuek ondorengo lan-ildoak eta helburuak betetzea hartuko da kontuan: Hezkuntzaren eremuan dantza ezagutaraztea; ikuskizunetara publikoa erakartzea, jarraikortasuna eta sormena. Proiektu bat aukeratuko da eta 3.500 euroko diru-laguntza jasoko du.
Informazio gehiago: