Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zer da nafar sentitzea 10.000 kilometrora jaiota?

Dokumentuaren akzioak

Zer da nafar sentitzea 10.000 kilometrora jaiota?

Egilea
Aitor Agirrezabal
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2023/10/19
Lotura
Naiz

zaskun Barberrek zuzendutako “Nafar haziak” dokumentala aurkeztuko dute gaur, Iruñean. Bertan, Ortzadar Euskal Folklore taldeak Argentinako Nafar Etxeetara egindako bidaia baten bidez «nafar sentimendua» definitzen saiatuko dira, hangoen hitzetatik abiatuta. «Haiekin enpatizatu nahi izan dugu. Nola egiten duten beren hain urrun dagoen kultura bat». Ikusten duenari «klik bat egingo dio buruan», iragarri du Barberrek.

Buenos Aires, Rosario, Bolivar eta Mendozako Nafar Etxeak bisitatu zituzten.
Buenos Aires, Rosario, Bolivar eta Mendozako Nafar Etxeak bisitatu zituzten. (Arkaitz ZUDAIRE | ORTZADAR)

 

Gaur estreinatuko da, Iruñeko Golem aretoan, “Nafar haziak” dokumentala, Iruñeko Ortzadar taldeak ekoitzi eta Argentinan 2022an filmatutakoa. «Posible al da urruneko kultura bat besarkatzea eta zeure egitea?»; dokumentala galdera honi erantzuna ematen saiatzen da.

Ortzadarreko kide izandako Izaskun Barberrek zuzendu du lana, Rut Etxarterekin batera, eta Argentinan, 10.000 kilometrora bizita, «nafar sentimendua» zer den aztertu nahi izan dute. Barberrek, GARArekin hizketan, ez du asko jakitera eman nahi izan, baina «bakoitzak ondorio bat» atera dezakeela uste du. «Askok ez dute esperoko herrialde urrun batean nafar sentimendua horrela bizitzea eta klik bat egingo die buruan».

Hego Amerikako herrialdera bidaiatu izan du folklore taldeak, nafar kultura zabaltzeko asmoz; lehen aldiz 1994an egin zuen “Ortzadarreko aita” eta dokumentaleko protagonistetako bat den Terentxo Arana txistulariaren eskutik. Gero, krisi ekonomikoarekin, eten egin ziren bidaiok, baina azken urteetan berreskuratu egin dituzte. Buenos Aires, Rosario, Bolivar eta Mendozan dauden lau Nafar Etxeak bisitatu zituzten eta eurekin eraman zituzten dantza, musika eta gastronomia tailerrak ere.

Filmean Ortzadarrek han egin dituen tailer eta ikuskizunak ikus daitezke, baina lanaren «ideia nagusia harremanak eta nortasuna dira», nabarmendu du Barberrek.

Eta denetatik topatu dute. «Haiekin enpatizatu nahi izan dugu. Hangoak izanda nola egiten duten beren hain urrun dagoen kultura bat. Badaude nafar hazirik izan gabe nafar sentitzen direnak ere».

MENDE ERDI

«Badaude nafar etxe pila», gehitu du Ander Zudaire Ortzadarreko kideak. «Ez genuen espero nafar bizipen hori topatzea. sanferminak ospatzen dituzte, dantzak, txistua jo... Hainbat kanta dituzte guk ezagutzen ez genituenak eta haientzako garrantzitsuak direnak».

2022koa ez zen izan Argentinara eginiko lehen bidaia Nafarroako kultura sustatzeko hainbat ikastaro, hitzaldi eta jarduera egiteko. Halako azken bidaia 2018ko otsailean egin zen, eta han izan zen Zudaire ere. Orduan lau dantzari eta Ortzadarreko musikari bat izan ziren Rosarion.

2024an mende erdi beteko du Ortzadar elkarteak; 1974. urtean jaio zen, euskal folklorea eta kultura tradizionala aztertu, ikertu eta zabaltzeko helburuarekin. 2018ko otsaileko topaketaren ondorioz, taldeko zenbait kide bost hilabetez ibili ziren Argentina osoan barrena, nafar eta euskal etxeak bisitatuz. Azken bidaia horretan sortu zen Argentinara dantzari talde oso batekin bidaiatzeko ideia, fanfarrearekin batera. Argentinatik ere gerturatu ziren Iruñeko sanferminetaraino, eta bertan hasi ziren gaur ikusi ahal izango den dokumentalari forma ematen.

Dokumentuaren akzioak