Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Talde Batuakek omenaldia egin dio Luis Mari Agirre ‘Kotzarri’ ezpatadantzari eta aurreskulari ohiari

Dokumentuaren akzioak

Talde Batuakek omenaldia egin dio Luis Mari Agirre ‘Kotzarri’ ezpatadantzari eta aurreskulari ohiari

Komunikabidea
Anboto
Tokia
Abadiño
Mota
Albistea
Data
2023/11/04
Lotura
Anboto
Urteurreneko talde argazkia, Abadiñoko probalekuan. (Argazkia: Pedro San Roman)

Abadiñoko Talde Batuak dantza taldeak urteurren jaia ospatu du gaur Zelaietan: 50+3. Bost talde batu dira guztira. Goizean ez dute eguraldia lagun izan eta aldaketa txiki bat egin behar izan dute egitarauan.

Probalekutik kalejiran irtetekoak ziren, 12:00etan, eta herri osoa zeharkatu  ondoren San Trokaz plazan dantza egitea zen euren asmoa, baina, azkenean, atertu ez duenez, probalekuan bertan izan da dantza saioa. Ekitaldiaren ondoren, 120 bat lagun batu dira herri bazkarian, probalekuan.

Arratsaldean umeen jolasak eta puzgarriak izan dituzte herriko frontoian, 17:00etan, eta 18:00etan taberna ibiltaria kalerik kale ibili da herriko taberna inguruak eta kaleak girotzen.

Atzo, azaroak 3, Korrontzi musika taldeak kontzertua eman zuen probalekuan. Antolatzaileen esanetan, aurtengo urteurrena azken orduan prestaturikoa izan da. Orain hiru urte ezin izan zuten 50.a ospatu, eta ez zuten “txanda-pasan utzi gura, besterik barik”. Esan dutenez, “ilusio” handia dute hurrengoagaz martxan hasteko, 55.agaz. “Urte bi barru belaunaldi guztietako dantzariak batzen ahaleginduko gara”, gaineratu dute.

Omenaldia Luis Mari Agirre ‘Kotzarri’-ri

Talde Batuakek herriko semea den Luis Mari Agirre ‘Kotzarri’ ezpatadantzari eta aurreskulari ohiari omenaldia egiteko aprobetxatu du 50+3 urteurren hau, Abadiñoko taldean izan duen ibilbideagaitik eta bere dedikazioagaitik.

“Agirreren ama Eulogia ere aurreskulari fina zen eta Luis Mari semeak bere pausoei jarraitu zien”, nabarmendu dute omenaldi ekitaldian. “8-10 urte zituenerako, Luis Mari hasita zegoen herriko dantzari taldean, entseguetan. Baina gazte denboran talderik barik geratu ziren herrian, batzuek soldadutzara joan behar izan zutelako, eta beste batzuek ikasketak egitera”, gaineratu dute.

Agirre Talde Batuaken sortzaileetarikoa da eta aurreskulari legez herririk herri ibili zen. Hainbat txapelketatan parte hartu zuen.

Gaurko omenaldia sorpresaz hartu du, berak ezer ere ez zekien eta. “Ez nuen honelakorik itxaroten eta sorpresaz harrapatu nau. Baina oso eskertuta dago”,esan du, hunkituta, probalekuan mikrofonoa eskuan hartuta. Ezpatadantzari eta aurreskulari zeneko denborak ere ekarri ditu gogora: “Orduan ohore handia zen aukeratua izatea eta dantzan egin ahal izatea. Hori bai, dantzan ondo egin ezik, jai zegoen. Itzelean bizi izan dut beti ezpatadantza, barru-barrutik, eta gaztetan oilo-haragia ere ipintzen zitzaidan dantzan egiten nuenean. Gogoan dut anaiagaz batera egiten nuela dantzan etxean, Mendiolan, guk geuk eginiko makilekin eta txilinekin”.

Luis Mari Agirre 'Kotzarri' txistularien taldeagaz. (Argazkia: Pedro San Roman)

Dokumentuaren akzioak