Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Rodrigo Cuevas

Dokumentuaren akzioak

Rodrigo Cuevas

Egilea
Ula Iruretagoiena
Komunikabidea
Argia
Mota
Iritzia
Data
2023/09/22
Lotura
Argia

Musika jarraitzailea bazara, Rodrigo Cuevas ezaguna izango zaizu. Gure lurretan gonbidatua izan da, Bilboko Aste Nagusian, Iruñeko Enmusikadas eta Oreretan bukatu berri den Atlantikaldian, eta Erromeriak bira kantatu eta dantzatu dio bere fan talde zabalari. Rodrigo Cuevasek musika folklorikoaren berrikuspenarekin lurraldetasun ekintza handia burutzen du eskenatokitik eskenatokira eta horregatik ekarri nahi dut hizketaldi honetara.

Lehenik, bere lan musikala hizkuntza txikien aldeko kantu bat da, Asturiaseko hizkuntza darabilelako, erdararekin nahasian egoki ikusten duenean. Eta gurera etortzean, “euskara de carretera”-z hitz egin zion publikoari, eta “nork dio euskara zaila dela?” gaineratu zuenean Rodrigok daukan etorri umoretsuan, bertaratutakoen bihotza harrapatu zuen. Lotsagabekeria, atrebentzia eta ausardiarekin folklore asturiarra musikatzen eta performatzen du, moderno bilakatu arte. Tradizioan oinarritutako musikarekin lurralde aldarrikapen argian kokatzen da, eta jota, txotisa, kuplea, fandangoa tekno eguneratuarekin osatzen du ekitaldi musikala, landa lurrarekin lotutakoari purpurina erantsiz. Lurraldea du mintzagai eta landa lurraren defentsari kantatzen dio konplexu eta lotura erromantikorik gabe, maitasunetik. Seguru kritika zorrotzak jasoko dituela marika iruditeria eta show-a darabilelako, serioegia den tradizio-identitarioaren eraldaketarako. Ja! Baina kalitatezko maila artistikoarekin publiko gazte eta heldua tradiziozko abesti eraldatuekin dantzan eta abesten jarri ditu.

Inbidiaz begiratu ahal zaio arkitekturatik musika tradizionalarekin Rodrigo Cuevasek egiten duen lan eta arrakastari, folklorea gai bizi bat dela defendatu eta praktikatzen duelako eta ez delako erdibidean gelditzen. Musikarekin irekitasuna duten horiek arkitektura tradizionalaren errebisioarekin jarrera berdina balute, kokapen puristak mugitzeko bidexkan ginateke.

Dokumentuaren akzioak