Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Legazpiarrak prest daude aurresku txapelketaren edizio berrirako

Dokumentuaren akzioak

Legazpiarrak prest daude aurresku txapelketaren edizio berrirako

Larunbatean abiatuko da gazteen gipuzkoar erako aurresku txapelketa berria, Latxartegi aretoan. Partaideen artean, zazpi legazpiar daude, Goierriko bakarrak.
Egilea
Tere Madinabeitia
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Legazpi
Mota
Albistea
Data
2024/01/10
Lotura
Goierriko Hitza
Legazpiko dantzarik eta irakasleetako batzuk, Sustraiak taldearen entsegu lokalean. ARGAZKIA: Tere Madinabeitia

Sustraiak dantza taldea da antolatzaileetako bat, udalaren laguntzarekin, eta herriko bi taldeetako dantzariak dira lehiakideetako batzuk, Goierriko ordezkari bakarrak gainera. Araitz Berasategi, Irune Azpeitia, Jon Alberdi, June Osinalde, Maria Sanchez, Nora Escudero eta Eider Carballo dira Legazpiko partaideak. Dantzariak entseguetan murgilduta dabiltz azken asteetan Amaia Azpeitia, Maider Encina, Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola irakasleen aginduetara

Guztira, 70 dantzari
Txapelketa ligaxka eran jokatuko da, eta hiru ataletan dago banatuta, partaideen adinaren arabera. Guztira 70 dantzari izango dira: A sailean 7-10 urteko 23 dantzari arituko dira, B sailean 11-14 urte bitarteko 26 dantzari, eta D sailean, 15-16 urteko 21. Legazpiarrak B eta D sailekoak dira.

Dantzari zaharrenen bi kategoriak Latxartegin hasiko dira lehiatzen, eta maiatzean amaituko dute, bakoitzak hiru saio egin eta gero. A saileko gazteenak otsailaren 25ean hasiko dira, Oiartzunen, eta bakoitzak bi saio egin ondoren, horiek ere maiatzean amaituko dute txapelketa.

D finala, Legazpin
Legazpiko larunbateko saioarekin B eta D sailekoen ligaxkak abiatuko dira. Guztira 30 dantzari arituko dira lehian, hamabost kategoria bakoitzean. Legazpiarren artean, B sailean jardungo dute Berasategik, Alberdik, Osinaldek eta Escuderok, eta Azpeitia, Carballo eta Sanchez D sailean lehiatuko dira.

B sailekoek Hondarribi handia eta Zortzikoa dantzatuko dituzte, eta D sailekoek, Betronio handia eta Aurkez aurke edo Desafioa. Epaimahaia Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko Idoia Besada, Katerin Artola eta Nahikari Vizuete kideek osatuko dute. Musika jartzen, ohi bezala, Goiz Deia bandako txistulariak arituko dira.

Ligaxka amaitutakoan, sail bakoitzean puntuazio gehien lortu duten dantzariek finala jokatuko beharko dute. D sailekoa izango da lehena, Legazpin, maiatzaren 18an. Hurrengo astean, maiatzaren 25ean, Errenterian kokatuko dira A eta B sailetako finalak.

Dokumentuaren akzioak