Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Historiaren eta dantzaren muinera

Dokumentuaren akzioak

Historiaren eta dantzaren muinera

‘Izan baita’, Arrola dantza taldeak iaz eman behar zuen dantza ikuskizuna, ekainaren 20an aurkeztuko dute, Baigorrin, kulturaldiaren karietara. Nafarroaren konkista eta Etxauzia jauregiaren historia izan dute oinarri gidoiaren egiteko. 50 hamar dantzari, musikari, antzerkilari eta kantari dira.
Egilea
Iñaki Etxleku
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2021/05/25
Lotura
Iparraldeko Hitza

Duela urte bat ematekoa zuen Arrola dantza taldeak Izan baita ikuskizuna. Pandemiagatik ez zen eman, eta maiatz honetako hetsialdi bururatzeaz baliatuko da Baigorriko Kulturaldiaren karietara aurkezteko, ekainaren 20an, Baigorriko ezkerparetan, 16:00etan. Arrola eta Garaztarrak taldeetako 33 dantzarik, hamahiru musikarik eta bi antzerkilarik parte hartzen dute. Nafarroako konkistaren eta Etxauzia jauregiaren historian girotu dute gidoia.

Eñaut Zaldunbide (Anhauze), izan Baita dantza emanaldiaren zuzendaria

Eñaut Zaldunbide (Anhauze, 1995) dantzari eta musikariak zuzendu du Izan baita. “Duela lau urte abiatu zen ideia”, gogoratu du Zaldunbidek. “Arrolaren azken ikusgarri handia Mihimena izan zen, duela hamabi urte. Nahi genuen ikusgarri berri batez zerbait markatu gure belaunaldiarekin”. Ordu berean hasia zen Etxauzia herritar ekimenez erosteko diru bilketa.

Zenbait denbora iragan zen argi bat ukan arte: “Gilen [Zaldunbide] anaiarekin Argia dantza taldearen Martin Zalakain ikusi genuelarik, pizgailua izan zen. Formatua maitatu genuen: antzerkilari batek hari gorria atxikitzen zuen istorio bat kontatuz. Pertsonaiak segitzen genituen; ez ziren dantzak justu dantzan aritzeko publiko aitzinean”.

Dantza ideia batzuk bazituen buruan Zaldunbidek, eta Etxauziarekin lotuz zerbait muntatzea proposatu zion taldeari.

Loralditik histera

Antton Kurutxarri historia irakaslearengana joan ziren, Nafarroako erresumaren historiari lotu nahiz Etxauziarena. “Nahi genuen Etxauzia aipatu Nafarroako konkistan”, dio Zaldunbidek. Historiaren errepaso bat egin zuten. “Aipatu zizkigun mendeetan iragan garai nagusiak. Etxauziaren loraldia, eta gainbehera”. Bi parte jalgi dituzte emanaldirako: garai joriak eta gainbeheratzea. “Lehen partean, pertsonaia nagusietan bada Etxauzeko Joan —Nafarroako pertsona inportantea, erregeren lehen zaldunetan—. Urte ederren parte uros bat”.

Garai ilunagoak jorratzen dituzte bestean. “Baxenabarren eta Baigorri aldean, agaramontarren eta beaumontarren artean izan zen gerla zibila. Hor hasi baitziren urte txarrak”. Makurtuen arteko harremanak berriz josi zituen Katalina erregina ere agertu dute pertsonaietan. Harekin, Etxauzeko Gexan eta Gaztelako erregina Isabela. “Hortik goiti, borroka dantzak dira gehienbat, non espainolak sartzen diren Nafarroan. Gainbehera segitzen da”.

Bukaera lazgarria izan zen bezala atxiki nahi izan dute, eta ez dena airos eta handios bukatu, ikuslea biltzeko. “Ez dut nahi ikusgarri bat non denek sokadantza alai batekin bukatzen duten. Martin Zalakain bukatzean, hunkia nintzen; maitatu nuen, ez baitzuen egiten ikasturte hondarreko ikusgarri bat”.

Estetikaren errora

Asmakuntzarik ez zuen nahi Zaldunbidek, eta tokiko dantzen oinarrira jo du estetikaren bila. “Ez da sorkuntza; ez dut batere maite sorkuntza hitza. Dantzetan, nahi izan dut atxiki estetika bat gurea dena, non lasai garen: lurrean dantzan. Ez gara joan dantza bizkaitar edo gipuzkoarren bila, harrigarri edo ikusgarriagoak liratekeelakoan”. Dantza jauzi, mazurka edo soken tokiko urratsen egiteko moldea bilatu du. “Gure urratsetarik partituz, koreografiaturik; dantzek zerbait konta dezaten. Ez dugu egiten fandangorik publikoaren parean, lehiaketa batean bezala”. Lur gainean dantzatzeko eta urratsen josteko manera berezi baten xerka joan dira berriz. “Landu dugu dantzatzeko manera bat lurrean, musika zinez entzunez, Baigorrin duela urteak bazen urratsen mozteko manera bereziarekin”.

Aski kontent da emaitzarekin anhauztarra. Dantzen soiltasuna azpimarratu du. “Ez da beste munduko ikusgarri harrigarri bat ikusteko usaia dugun bezala. Ez da konpainia baten ikusgarria, baina dantza talde batena. Duen indarra da dantzari guziak ari direla estilo batean non goxoan diren, ezinez eta teknika ikaragarri baten erakustaldian”.

Musiken moldaketa

Ekhi Lambert (Irulegi, 1990) musikagile eta kantariak ditu moldatu Izan baita dantza emanaldirako dantza eta kantu zatiak. Egitasmorako osatu orkestra zuzendu du. Oholtzan izanen da gitarra jotzeko eta kantatzeko.

Eñaut Zaldunbidek deitu zuen, 2019an, musika zatien moldaketak egin eta musikarien kudeatzeko. Dantza eta kantu batzuk bazituen jadanik, besteak beste Oskorrirenak. Musikariak Arrola dantza taldekoak izanen ziren, eta musikari profesional batzuk. Denetarat, hamabost bat, bakoitza bere instrumentuarekin. “Horren arabera idatzi ditut moldaketak”, esplikatu du Lambertek. “Estetika tradizionala da, baina hautuen aldetik banuen askatasun osoa ene proposamenen egiteko. Egia erran, izugarri plazer hartu dut”.

Tradiziozko dantzak eta kantuak izan ditu oinarri Lambertek. Horien lerro nagusiari jarraikiz egin ditu moldaketak.

Ekhi Lambert, musikagile eta kantariak ditu moldatu Izan Baita dantza ikuskizunerako musikak

“Dantza tradizionalean, baduzu partitura bat eta instrumentu nagusi bat: txistua edo gaita, adibidez. Demagun jota bat bi gaitak jotzen dutena; beraz, bi bozetan idatzia. Boz nagusia da errespetatu behar”. Dantzatua izateko egina da; beraz, dantzariek aise markatzeko erritmoan. “Erritmoa dantzak inposatzen du. Musika idaztean, behar da beti dantzari pentsatu; erritmo azkarretan, gauzak ontsa markatu dantzarientzat. Gauza argi eta ozenak behar dira batzuetan, indarra emateko dantzariei”.

Zaldunbiderekin mintzatuz, Nafarroa eta Etxauziako historiari lotu dantza musikentzat giroak bilatu dituzte. “Eñautek eman dizkit jarraibideak: ‘Hor da pertsonaia gaiztoen sartzea’; edo ‘hor ezkontza da’. Musika idaztean, laguntzen du jakiteko zer intentzio eman”.

Bi hilabetez idatzi zituen musikak Lambertek, eta errepikatzen hasi ziren. Beste urrats bat. Idatzi guzia igorri zien musikariei: bakoitzari bere tresnaren araberako partitura; partiturak tresna guziekin, eta ordenagailuz egin grabaketak. “Ene ustez, idazketa lana osoki pentsatu eta bukatu behar da, eta gero errepikak hasi; nahiz gero gauzak alda daitezkeen koherentzia aurkitzeko proiektu osoarekin”.

Soinu tresna andana ukan du harmonizatzeko: perkusioak, bi akordeoi, bi arrabita, kobreak —eufonioa, saxofoi altoa, saxofoi tenorra, tronpeta, tronboia—, gitarra apala, gaitak, txistuak, txirulak, gitarra eta kantarien bozak. “Ukan ditudan sorpresen artean, txistuaren, txirularen eta kobreen arteko jokoa izan da. Berridazketa batzuk egin ditut”. Batasun bat bilatu du, baina instrumentu bakoitzari bere lekua bermatuz. Nahiz eta soinu anplifikazioa ukanen duten emanaldian, Lambertek entzumen akustikoari pentsatu dio lehenik: “Entseatua naiz anplifikatu gabe ozenaraztera”.

Emanaldian, orkestrak zuzenean joko du. Xendarineko ahizpak ariko dira kantuz, Lambert eta Jokin Irungaraiez gain. Argi eta soinu muntadurak izanen dituzte. Buxet gotorra dute: 30.000 euro. Horretarako diru laguntzak eskuratu ditu Arrolak.

Dokumentuaren akzioak