Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gau Beltzaren itzala handituz doa, Halloween kari banatzen diren litxarrerien prezioaren gisara

Dokumentuaren akzioak

Gau Beltzaren itzala handituz doa, Halloween kari banatzen diren litxarrerien prezioaren gisara

Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2023/10/26
Lotura
Naiz

Baionatik Urruñara, Areatzatik Pasaiara. Gau Beltza ospatzeko ohitura zabalduz doa Euskal Herrian. Izan ere, euskal tradiziotik baino globalizazioaren eraginez hedatu den Halloween besta ospatzen dutenentzat kezka agertu da aurten, inflazioak gozokien prezioa aski garestitu baitu.

Arrasateko gazte koadrila bat Gau Beltza ospatzen.
Arrasateko gazte koadrila bat Gau Beltza ospatzen. (Ane ZUBIZARRETA)

«Arimen gaua zer da?». Galderari erantzuteko hitzaldia antolatu dute Kanbon, ostiral honetan, Jaime Ramirezen laguntzaz. Egun berean, Gau Beltza ospatuko dute Baionan. 19.00etan desfile alaitu batekin hasiera emanen diote ospakizuna Espainiako Atean. Joaldunak, kantuak, dantzak, sua... Animaziorik ez da faltako Lapurdiko hiriburuaren karriketan.

«Beldurrak sutara, maiteak gogoan! zatoz gau beltza gurekin ospatzera eta euskaraz gozatzera!» irakurri daiteke bestaren karietara plazaratu duten afixan.

Gaubeltza.eus webgunean azaltzen denez, «Gau Beltza urriaren 31ren bueltan ospatzen da Euskal Herrian, eta ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen ari dira herriz herri».

Gau Beltza antolatzeko baliabide kutxa proposatzen ditu aipaturiko webguneak, beti ere herri bakoitzak bere tradizioari helduta hildakoen inguruko ospakizuna antolatzera animatuz.

Aretxabaleta, Pasai Donibane, Areatza, Errenteria, Arrasate, Zabalgana-Gasteiz, Oiartzun... Txoko ezberdinetan ekin diote azken urteotan euskal tradizioan arakatzeari eta, bide batez, globalizazioaren bidez azkarki hedatu den Halloweenekin talka egin gabe ere, «kilometro 0»-ko besta euskalduna berrasmatzeari.

Ipar Euskal Herrian, Baionan ez ezik, Urruñan eta Hendaian ospakizuna errekuperatzeko bidean dira ere.

Urriaren 31an, 17.00etatik landa makilaje atelierak eginen dituzte Urruñan eta iluntzean «bizitza eta heriotzaren arteko pasabide naturala» aditzera emanen duen besta borobiltzeko desfilea antolatu dute.

Hendaiako herriak iaz berreskuratu zuen Gau Beltza. Gaztelu Aretoaren plazan sorgin dantza eginen dute, egun berean, 16.30etik aurrera. 18.30ean hasiko da sua animazioa.

Halloween bestaren garestitzea

Edonola ere, kalabazek, amuek, punta zorrotzeko kaperak eta sorgin jantziek dendetako erakusleihoak betetzen dituzten egunetan bolo-bolo dabil bestaren garestitzea.

Sentsazioari xifrak jarri dizkio ‘UFC-Que Choisir’ frantziar kontsumitzaile elkarteak

Halloween gozokiak. (AFP)

 

Ohiko elikagaiekin alderatuta aipaturiko ospakizunetan ezinbestekoak bilakatu diren litxarreriak erostea dezente garestiagoa izanen da aurten.

2022ko urritik 2023ko urrira artean, gozokien prezioa %21 emendatu dela jakitera eman du aipatu elkarteak.

Oro har, produktu azukredunen prezioa asko igo da iaz geroztik. Txokolatea %12 garestiago da eta edari freskagarrien prezioa, ordea, %9.

Aipaturiko txostenaren arabera, iaz 122 milioi euro gastatu zituzten herritarrek frantses Estatuan Halloween garaian kopuru handian erosten diren litxarrerietan.

Ikusteke dago zenbateraino dar-dar jarriko dituen aurten prezioen gorakadak bestazaleak.

Dokumentuaren akzioak