Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 46. edizioa, larunbatean zuzenean

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 46. edizioa, larunbatean zuzenean

Izaro Iraetak, Imanok Artolak eta Ainhoa Urretabizkaiak gidatuko dute emanaldia eitb.eus-en zuzenean (18:00etan) eta ETB1eko "Oholtzan" saioan, 21:30etik aurrera.
Komunikabidea
EITB
Tokia
Segura
Mota
Albistea
Data
2022/10/19
Lotura
EITB
46. Euskal Herriko Dantza Txapelketaren aurkezpenaren irudia.

46. Euskal Herriko Dantza Txapelketaren aurkezpenaren irudia.

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 46. edizioa jokatuko da datorren larunbatean, urriak 22, Seguran. Bizkaia eta Gipuzkoako bederatzi bikote onenak arituko dira nor baino nor gehiago Baratze pilotalekuan 18:00etan. Jaialdia zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en streaming bidez, eta gauean, 21:30ean, ETB1eko "Oholtzan" saioan eskainiko da. Izaro Iraetak, Imanol Artolak eta Ainhoa Urretabizkaiak gidatuko dute emanaldia, eta dantza aditu lanetan Xabier Artola arituko da.

Txapelketan parte hartuko duten bikoteak honako hauek dira: Maren Galvez-Gorka Granado (Sopela), Katerin Artola-Iker Belintxon (Lezo), Leire Urrestilla-Iker Urrestilla (Zestoa), Ane Jaunarena-Endika Osa (Lezo), Elaia Elortza-German Aranburu (Azpeitia), Alaia Amubieta-Amets Amubieta (Azpeitia), Irati Uzkudun-Ekain Uzkudun (Azpeitia), Saioa Galarraga-Julen Murgiondo (Bergara) eta Nora Aizpuru-Iker Zabala (Azpeitia).

Dantzariek zortzi pausoko fandangoa dantzatuko dute, txistuz lagunduta, Isilkara txistulari taldearen musikarekin, eta ondoren arin-arina trikitiaz, Estanga Anai-arrebak trikitilarien piezarekin.

Gaur, urriak 19, txapelketaren aurkezpena egin dute EITBko Miramongo egoitzan, eta ekitaldian parte hartu dute, besteak beste: Izarra Urdalleta Iraola, Segurako alkatea; Antton Mendizabal, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko dantza sueltoko koordinatzailea; Luisma Laboa, EITBren ordezkaria; eta Luis Alberdi, Azpeitiko Luis Beltza eskolako irakaslea.

Prentsaurrekoaren irudia.

Prentsaurrekoaren irudia.

Epaimahaia Euskal Dantzarien Biltzarreko bost adituk osatuko dute: Gabriel Alonso, Idoia Besada, Karlos Sarriegi, Koro Sarasola eta Xabier Mendizabal. Bikote irabazleak Segurako Udalaren sari nagusia eramango du, Aitor Ruiz de Egino hernaniarraren aluminio galdatuz eginiko eskultura, hain zuzen ere. 2021eko irabazleak Maren Galvez eta Gorka Granado izan ziren, Bizkaiko Sopela herria ordezkatuz.

Izaro Iraetak eta Imanol Artolak aurkeztuko dute txapelketa, eta Ainhoa Urretabizkaiak protagonistak elkarrizketatuko ditu. Halaber, Xabier Artolaren ahotsa entzungo dugu dantzariek egindako lanaren inguruko balorazioa egiten.

Dokumentuaren akzioak