Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Euskal Herria eta Unama'kiren artean harreman estua dago"

Dokumentuaren akzioak

"Euskal Herria eta Unama'kiren artean harreman estua dago"

Egilea
Erkuden Ruiz Barroso
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Etxarri Aranatz
Mota
Albistea
Data
2023/09/27
Lotura
Guaixe
Maddi Beltza Beristain Louisbourgen. © XABI OTERO-JAUZARREA

Maddi Beltza Beristain etxarriarra bi hilabetez Kanadako Cape Breton Islandgo Louisbourg leku historikoan egon da, euskal hizkuntza eta kultura zabaltzen.

Louisbourg Kanadako Eskozia Berriko Cape Breton Islanden dagoen leku historiko bat da. Gotorleku honetan, 1744 urtera atzera egin dute eta garaiko bizitza islatzen dute bertan lan egiten duten 300 bat antzezlek eta langilek. Urtero 150.000 bisitari izaten ditu.

Jauzarrea euskal jakintza aztertu eta zabaltzeko bideak Unama'ki College - CBU Cape Breton Universityrekin eta Parks Canadarekin batera Unama'ki programa martxan jarri zuten duela bost urte, 2018an. Unama'ki Mi'kmaq Nazio indigenaren lurralde historikoa da. Programa honen bitartez, Euskal Herriko ikasle boluntarioak Louisbourgera joaten dira bi hilabetez euskal hizkuntza, musika, dantzak eta abar erakustera, XVIII. mendeko herritarren paperean sartuz. Programaren helburuak, besteak beste, Mi'kmaq Nazio indigena eta Euskal Herrien artean harremana egitea eta euskal kulturaren sustapena egitea da, izan ere, duela hiru mende biztanleriaren %20 euskaldunak ziren eta bigarren nazionalitate jendetsuena zen, frantsesen ondoren. 


Louisbourgeko aktoreak eta boluntarioak. © XABI OTERO-JAUZARREA

2023ko udan etxarriar batek parte hartu du Jauzarrearen Unama'ki programan: Maddi Beltza Beristain 17 urteko gaztea, eta bi hilabetez XVIII. mendean Louisbourgera iritsi zen Hendaiako familia bateko alaba izan da; besteak beste, XVIII. mendeko txistu baten birsorkuntzarekin euskal musika tradizionala jo du eta bertako langileak jauziak irakatsi dizkie. 

Zer da Jauzarrea?

"Jauzarreak euskal hizkuntza eta kultura babestu egiten ditu"

Jauzarrea Euskal Herriko elkarte bat da. Euskal hizkuntza eta kultura babestu egiten du.

Eta zertan datza Unama'ki programa?
Proiektu hau sortu zen konturatu zirelako bazela harreman oso estua Euskal Herriarekin eta Unama'kiren artean. Unama'ki Mi'kmaq Nazio indigenaren herria da. Euskaldunekin harreman estua dute. Antza denez, Colon ameriketara iritsi aurretik euskaldunak Ipar Amerikara iritsi ziren; hain zuzen, Ipar Ameriketako kostaldera bisitak 1342an hasi ziren azal salerosketekin. Ondoren, baleak ehizatzera joaten ziren eta, aldi berean, bakailaoa arrantzatzen zuten. Louisbourgen, egon nintzen herrian, gotorleku bat dago eta leku historiko bat da. Parks Canada Kanadako gobernuaren beste erakunde batek kudeatzen du, parke nazionalak eta toki historikoak kudeatzen dituena. Leku historikoan birsortutako etxeak daude, eta Xabi Otero Jauzarreako zuzendariari interesgarria iruditu zitzaion beraiekin kontaktuan egotea eta euskaldunak hara joatea euskal kultura eta hizkuntza azaltzeko: Euskal Herria non dagoen, euskaraz hitz egin, euskal musika eta dantza erakutsi... 

Nola hasi zinen Jauzarrean?
Nire amona Jauzarrean zegoen, eta beragatik sartu nintzen.

Nola sortu zitzaizun Kanadara joateko aukera?

"Jauzarreako kide naiz, eta Kanadara joan behar nintzela esaten zidaten"

Duela lau urte inguru amonak esan zidan Kanadara joan behar nintzela. Amona aurretik egon zen, 2018an proiektuarekin hasi aurretik lekua ikustera joan zirelako. Xabi Otero Jauzarrako zuzendaria da, eta bertan Atlantiar kongresua egin zuten. Bertan hasi zen programa. Bueltan amonak esan zidan bai ala bai joan behar nintzela.

Noiz joan zinen?
Aurtengo udan, bi hilabetez. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra. Aurreko urtean joan behar nintzen, baina Covid19 zela eta urte honetara atzeratzea erabaki genuen.

Zer egin duzue bertan? Zein izan da zure lana?

"Gotorlekuan etxe birsortuak daude, eta horietako bat euskaldunen etxea da"

Gotorlekuan XVIII. mendeko hogei bat etxe birsortuta daude, eta haietako bat euskaldunen etxea da: Maison DesRoches. Toki historikoan sartzean ikusten den lehenengo etxea da. Bertan pasatzen genuen denbora gehiena, eta euskal kulturari buruz hitz egiten genuen, euskal musika eta dantzak interpretatzen genituen, azalpenak ematen genituen eta abar. Euskal kultura azaltzen hasi ginen eta denak begira gelditzen ziren, non dagoen galdetzen zuten, Espainia edo Frantzia den... Pertsonei historia kontatzea da, eta oso polita izan da. Etxe horretako historia ere kontatzen genuen. Kontatzen dena egia da. Oso dokumentatuta dago. Gotorlekua garai batean bezala dago, baina herria birsortu zuten. Turistek bertan lo egin dezakete, eta guk egun batean ere kartzelan lo egin genuen. Mamuak zeudela esaten zuten, eta esan genien agian euskaraz hitz egiten bagenien erantzuten zutela. Esperientzia berezia izan zitekeen, baina ez. Militarren eraikina ere badago eta 12:00etan eta 17:00etan kanoiekin tiroak botatzen dituzte, eta botatzeko aukera izan genuen ere.


Emma Goyetche, Maddi Beltza eta Elaia Inchauspe. © XABI OTERO-JAUZARREA

Garaiko jantziekin, gainera.

"Arropa ere artxiboetatik egin dute, eta XVIII. mendeko jantzi bat osatu dute"

Bai, egunero. Bost egunez janzten ginen. Jantziak Maritzuli konpainiakoak dira, Claude Iruretagoyena eta Jon Olazcuagarenak. Miarritzekoak dira eta euskal jantziak egiten dituzte. Dena dokumentatuta dago. Haiek dituzten artxiboetan begiratu dute eta horren arabera XVIII. mendeko euskal jantzi bat osatu dute, baita ehunak ere.

Zer egin duzu prestatzeko?
Historiaren informazio guztia pasa ziguten, eta han, euskaldunen etxean, hango bi pertsonekin geunden eta beraiei entzuten ere asko ikasi genuen. Alde batetik, historia ikasi genuen eta gero dena ongi begiratzen genuen eta bertan esaten zutenarekin ziurtatzen genuen. 

Zein zen zure historia? 
Elaia Inchausperekin joan nintzen, Baionakoa da, eta gotorlekuko epailearen alabak ginen. Epailea Euskal Herrikoa zen, Hendaiakoa, eta han ezkondu zen. Hasieran arrantzalea zen, gero merkataria eta ikasten aritu zen epaile izatera iritsi zen arte. Gu han jaio ginen eta nik 13 urte nituen eta lagunak 18 urte. Klase ertainekoak ginenez eskubide gehiago genituen, izan ere, baziren langile asko behe klasekoak zirenak eta beste batzuk goi mailakoak. Dendena oso dokumentatuta dago eta guk errealitatera eraman dugu.


Maddi Beltza, Elaia Inchauspe eta Emma Goyetche. © XABI OTERO-JAUZARREA

Parte hartzeko zerbait berezirik egin behar izan duzu? 
Egia esan ez. Jauzarrea talde txikia da eta nik lau urte daramatzat bertan. Xabik beti esaten zidan parte hartu behar nuela, joan behar nintzela. Jauzarrea nondik datorren eta egiten duen lan guztia ezagutzen dut. Orduan, aurreko urtean joan behar nintzen baina atzeratu genuen eta aurten joan naiz. Jauzarrearik gabe ez zen Unama'ki programa existituko, eta azkenean esfortzu handia egiten dugu. 

Esperientzia ona izan da? 
Oso ona. 

Eta errepikatuko duzu? 
Posible bada, bai. Gainera, lagun pila bat egin ditugu, tartean apirilean Euskal Herrira etorriko den bat. Aurreko urtean joan zirenak berarekin egon ziren eta Goyetche zenez bere abizena euskalduna zela esan zioten. Bera baietz, kontatu ziotela bere aitonak izan zuela aurretik euskaldunen bat eta interes handia zuen bere familiaren historia ezagutzeko eta etorri behar ziren. Goietxe familia oso ezaguna da irla guztian, eta euskaldun abizen asko dago ere. 

Leku historikotik ateratzeko denbora izan duzue? 
Bai, boluntarioak ginen eta bagenuen denbora librea. Guztira, 1200 ordu inguru egin behar genituen. 

Kanada horrela izatea espero zenuen? 
Bai eta ez. Horrela espero nuen, baina Amerikako Estatu Batuetako eragin handia du. Baina badauka bere identitatea ere. 

Zer da gehien gustatu zaizuna?
Dena. Hango jendea, bereziki. Oso eskuzabalak ziren, Euskal Herriko jendearekin oso antzekoak; oso jatorrak. Agian euskaldunen jatorria nabaritzen da. Kalen gindoazela jendeak ezagutu gabe agurtzen gintuen, haien etxeetara afaltzera gonbidatzen gintuzten... 

Eta gutxien gustatu zaizuna?
Agian gauzak ingelesez azaldu behar izatea. Azkenean, hemen Euskal Herriko historia osoa nahiko barneratuta dugu, euskaraz, baina gero ingelesez azaldu behar izatea zaila izan zen. Hasieran ere ulertzea zaila zen, guk ingelesa formala ikasi dugulako eta han erabiltzen dutenak ez du zerikusirik. Ez da ulertzen.

Espero ez zenuen zenuen zerbait ikasi duzu? 
Hemen oso janari ona dugula, oso gaizki jaten dutela han. Hemengo janaria baloratzen ikasi dut. 

Zertan lagunduko dizu horrelako esperientzia batek?

"17 urterekin bi hilabete bakarrik Kanadan egotea... Esperientzia oso ona izan da"

Azkenean, 17 urterekin bi hilabete bakarrik Kanadara joatea, etxe batera bakarrik bizitzera, etxeko gauza guztiak egin behar izan ditut. Elaiarekin egon naiz etxean eta aurten, gainera, urakan bat egon zen irlan eta etxe guztiak hautsi ziren, beraz, biztanleak apartamentuetara joan behar izan dira bizitzera eta ez zegoen apartamentu librerik. Gotorlekuko lankide batek esan zuen berarekin bizitzera joan ahal ginela eta emakume horren etxean egon gara. 

Espektatibekin joan zinen? 
Bai. Aurreko urtean joan zirenekin hitz egin nuen eta oso esperientzia polita zela kontatu zuten. 

Eta bete dira? 
Eta gainditu ere, bai. 

Zein da proiektuaren hurrengo urratsa?
Programarekin jarraitzea. Hiru edizio egin dira: 2019an, 2022an eta aurtengoa. Jazaurreatik nahi dute mutikoak animatzen saiatu. Beti neskak joan gara, bi neska urtero. Beraz, programa egiten jarraitu nahi dute eta geroz eta jende gehiago joatea. 

Eta orain zein da zure lana?
Hurrengoetara joango direnak lagundu eta edozer gauza jakin behar badute azaldu. Jendea behar badute, joango naiz.

Jauzarreak programa gehiago ditu?
Bai, ez dira horrelakoak baina gehiago ditu. 

Dokumentuaren akzioak