Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Estela Atorrasagasti: "Aurtengo txapelketa azken urteetako lehiakorrena izan da"

Dokumentuaren akzioak

Estela Atorrasagasti: "Aurtengo txapelketa azken urteetako lehiakorrena izan da"

Egilea
Aiora Larrañaga Solaberrieta
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Tokia
Orio
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/10/26
Lotura
Urola Kostako Hitza
(Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Estela Atorrasagasti (Orio, 1994) Segurako Euskal Herriko Dantza Txapelketako epaimahaikidea izan zen pasa den larunbatean, eta aurtengo lehiaren balorazioa egin du.

Seguran (Gipuzkoa) jokatutako Euskal Herriko Dantza Txapelketan epaimahaiko kide izateko aukera izan duzu. Lehen aldia izan al da?

Ez, duela bizpahiru urte ere hots egin zidaten Segurako txapelketan epaile izateko, eta niretzat ohorea da. Dena dela, urtean zehar beste hainbat txapelketatako epaimahaikide ere izaten naiz.

Berezia al da Segurako txapelketa?

Bai, berezia da arrazoi askorengatik. Euskal Herriko txapelketa denez, ikusmin handia sortzen du. Telebistaz ere ematen dute, eta bikoteek lehia horretarako dantza pauso berriak moldatzen dituzte, aurkariengandik bereizteko.

Aurtengo txapelketak izan al du berezitasunen bat?

Aurtengoa azken urteetako lehiakorrena izan dela uste dut. Ez ninduen ezustean harrapatu, urte osoan zehar ikusi dudalako txapelketetan oso maila handia, eta bospasei bikoteren artean lehia oso estua dagoelako. Bagenekien hasieratik xehetasun txikiek emango ziotela garaipena bikote irabazleari. Aipatutako bikote horiek oso maila altua dute, urte asko daramatzatelako txapelketetan. Aurten lehia hori estutu egin da, eta Euskal Herriko txapelketan ikuskizun bikaina eskaini zuten.

Dantza txapelketetako maila handitzen ari al da urtez urte?

Garaiaren araberakoa izaten da. Faktore askok eragiten dute, eta txapelketetan parte hartzen ari diren bikoteen eskarmentua oso garrantzitsua da. Gaur egun, 16 urtetik gorako txapelketetan hamahiru bikote inguru ari dira parte hartzen, eta hori ez da ohikoa, normalean, hamar bat izaten direlako. Beheko mailatik igo diren hiruzpalau bikote daudelako gertatu da hori aurten. Horiek ere oso maila ona ematen ari dira, eta hemendik urte batzuetara gorenera iritsiko dira. Beraz, gaur-gaurkoz oholtzan dabiltzan bikoteek aurrera jarraitzen badute, datozen urteetako txapelketak ere oso lehiakorrak izango dira.

Xehetasunak aipatu dituzu. Zein dira ezaugarri horiek?

Dantzariek prestaketa lan handia egiten dute. Teknikoki guztiek dute oso maila ona, baina besteengandik bereizteko eta bikaintasuna lortzeko pausoak moldatzen dihardute. Pausoen zailtasuna, bikoteak oholtzan duen elkarrekiko ulermena, erritmoa edo mugimendua garrantzitsuak dira. Egun guztiak ez dira berdinak izaten, eta batzuetan bikoteren bat nabarmentzen da besteen gainetik, gehiago transmititzen duelako.

Epaile bezala, zaila izaten al da xehetasun horiei guztiei erreparatzea?

Larunbateko lehian hamahiru bikote juntatu ziren, eta oso zaila izan zen epaimahaikide guztiok ados jartzea. Bikote bakoitzaren proposamena aztertu eta indarguneetan erreparatu genuen sariak erabakitzeko.

Jantziak ere hartzen dituzue kontuan, ezta?

Bai, epaimahaia sei lagunek osatzen dugu Segurako txapelketan. Bostek dantza eta teknika aztertzen ditugu, eta beste batek jantzien inguruko epaia ematen du espresuki.

Urte askotan parte hartu zenuen dantza txapelketetan. Nola eman zenuen epaile izateko saltoa?

Erabaki nuen txapelketetan dantzari gisa parte hartzen ez jarraitzea, baina nahi nuen beste moduren batean harreman hori mantentzea. Dantza asko gustatzen zait, batez ere fandangoa eta arin-arina. Dantzarien Biltzarrarekin harremanetan jarri nintzen, eta epaile izateko aukera eman zidaten. Praktikaldia egin nuen txapelketetan zer baloratu behar den ikasteko, eta pixkanaka herrietako txapelketetan epaile lanak egiten hasi nintzen. Urtean zehar bospasei lehiatako epailea izan ohi naiz. Segurako dantza txapelketan epaile izateko deitu zidatenean, ordea, oso pozik jarri nintzen, nigan konfiantza hori izatea garrantzitsua iruditzen zaidalako.

Nola ikusten duzu txapelketen etorkizuna?

Beste garai batzuetan, gaur egun baino hobea izan da egoera. Gaur egun gazteek aisialdirako eta kirola egiteko eskaintza zabala dute, eta izurritearen eraginez, etenaldia ere izan zen. Hala, antzematen dugu ez direla lehen adina bikote berri sortzen haurren mailan, eta hori ezinbestekoa da dantza txapelketek aurrea jarraitzea nahi badugu. Gustatuko litzaidake umeak berriz ere fandangoan eta arin-arinean trebatzea eta horiek txapelketetan parte hartzea.

Dokumentuaren akzioak