Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantza taldeak saretzea», Abadiñok larunbatean hartuko duen Ezpatadantzari Egunaren erronketako bat

Dokumentuaren akzioak

«Dantza taldeak saretzea», Abadiñok larunbatean hartuko duen Ezpatadantzari Egunaren erronketako bat

Ezpatadantzari Eguna berreskuratuko du Durangaldeak larunbatean. Abadiñon izango da, Zelaieta auzoan. Ondarea kontserbatzeaz gain, eskualdeko dantza taldeak elkar ezagutu eta saretzeko ahalegina izatea nahi dute.
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Abadiño
Mota
Albistea
Data
2023/09/18
Lotura
Naiz

Durangaldeko Ezpatadantzari Egunaren aurkezpena, Abadiñon.

Durangaldeko Ezpatadantzari Egunaren aurkezpena, Abadiñon. (Gerediaga Elkartea)

Sei herritako hamar dantza taldetako dantzariek eta txistulariek parte hartuko dute larunbatean, Abadiñon, Zelaieta auzoan egingo den Ezpatadantzari Egunean. Hitzordua indartu nahi dute, dantza taldeen arteko harremanak sendotzeko baliatu eta ondare hori kontserbatzearen garrantziaz kontzientziatu nahi dute.

Hainbat dantza taldeko dantzarik eta Gerediaga Elkarteko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur Abadiñon, larunbatean izango den ekitaldia aurkezteko. Bertan gogoratu dute 2022an egin zela azkenengoz Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna.

Gerediaga Elkarteak antolatu zuen ospakizuna 50 urtez, ondoren dantzariak arduratu ziren antolaketaz, eta 2018an Berrizen egin zuten. Pandemia etorri zen ondoren eta haren ondorioz eten, 2022an Otxandion hainbat dantza talde elkartu ziren arte.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «ez da egon eta ez dago eskualdeko dantzariak elkarren berri izateko sarerik Durangaldean» eta herri gehienetan «zailtasunak dituzte plazara aterako den talde bat eratzeko».

«Gainbeheran dago Dantzari-Dantza Durangaldean», azpimarratu dutenez. «Kontrastean –azpimarratu dutenez– Dantzari-Dantza ondare inmaterial aberatsa da». «Adituen ustez, lurralde zabalago batean egiten ziren dantzen ondorengoak dira, baina XIX. mendean Durangaldeko herri batzuetan baino ez ziren gorde».

Kontserbazioak duen garrantziak bultzatuta, dantzari batzuek Gerediaga Elkartera jo dute, antolaketan laguntza eskatzeko, eta horrela jaio da aurtengo deialdia, ospatzeko eta hausnartzeko parada ere izan nahi duena.

Irizpideak malgutu eta hausnartzeko deia

Zehaztu dutenez, eskualdeko dantza talde guztiei egin zaie parte hartzeko gonbitea eta parte hartzeko irizpideak malgutu dituzte: «Adibidez, Dantzari Dantza izenagaz ezagutzen den dantzen multzoko pieza guztiak jakin barik ere egongo dira plazan dantzariak eta bakoitzak bere aldaerak erakutsiko ditu», zehaztu dutenez.

Zonaldeko dantza taldeen arteko harremanetan sakontzearen beharra aipatu dute bigarren helburu gisa. «Herriaren ondarea den heinean bere garrantzia nabarmen azaleratzea nahi da, eta eskualdeko herritarrek eta erakundeek merezi duten arreta eskaintzea».

«Aurtengo ekitaldia dei bat ere bada, gertu daukagun ondarea ezagutu, zaindu eta zabaltzeak duen garrantziaz konturatzeko», nabarmendu dute.

San Trokazen, 17.30ean

Abadiñoko San Trokaz plazatik irtengo den kalejirak zabalduko du ospakizuna 17.30ean. Egitarauari dagokionez, aurreratu dute probaleku aurreko parkinerako bidea egingo dutela dantza taldeek Zelaieta zeharkatuz.

Bertan, Dantzari-Dantzako bederatzi piezak dantzatuko dituzte: ‘Agintariena’, ‘Zortzinangoa’, ‘Ezpata joko txikia’, ‘Banangoa’, ‘Binangoa’, ‘Ezpata joko nagusia’, ‘Launangoa’ ‘Makil-dantza’ eta ‘Txotxongiloa’.

‘Soka-dantza’ edo ‘erregelak’ izango dira ospakizuna ixteko, eta ondoren, 20.30ean hasita poteo musikatua egingo dute Oxabi taldearekin.

Dokumentuaren akzioak