Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bost ikuskizun izango dira Donostiako II. Iturritik jaialdian

Dokumentuaren akzioak

Bost ikuskizun izango dira Donostiako II. Iturritik jaialdian

Gaurtik igandera bitarte izango dira emanaldiak Victoria Eugenian eta Okendo Plazan.
Komunikabidea
Gaztezulo
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2023/10/19
Lotura
Gaztezulo

Bost ikuskizun izango dira Donostiako II. Iturritik jaialdian

Donostiako Iturritik jaialdiaren bigarren edizioa hasiko da gaur eta igandera bitarte iraungo du. Guztira, aretoko lau dantza-ikuskizun eta kaleko emanaldi bat izango dira. Iturritik zuzenean edaten duten sorkuntzak dira jaialdi honen protagonista. Iturria, jatorria, sustraia… inspirazio iturri da sortzaile ugarirentzat, eta jaialdi honek joera horren lekuko izan nahi du. Tradiziotik abiatuta, sorkuntzaren bidetik, artistek identitatearen inguruko lanketa jorratuko dute.

Jaialdiaren bigarren edizio honetan Euskal Herriko eta Andaluziako proposamenak izango dira: Compañía Antonio Ruz, La Phármaco, Kresala Dantza Taldea, Kukai Dantza eta Marcos Morau. Ikuskizunez gain, pentsamendu zein formazioari bide emango dioten artistekin elkarrizketak eta topaketak ere izango dira.

Gaur, hilak 19, Kukai Dantza eta Marcos Morauren Oskara dantza ikuskizuna izango da, Victoria Eugenian, 19:30ean. Oskara instalazio moduko lan bat da, euskal kulturaren eta mitoen hainbat ataletatik igarotzen dena, bere jatorritik aro garaikidera. 

Bihar, ostirala, Antonio Ruiz Konpainiak La Noche de San Juan eskainiko du Victoria Eugenian, 19:30ean. Maitasuna da istorioaren gai nagusia. San Juan eguneko esnaldian, gauean eta goizean gertatzen da, eta Isilen kokatzen da, Pirinioetako herri txiki batean. Roberto Gerharden musikarekin eta Joan Junyerren dekoratu eta figurinekin Ruzek egungo dantza pieza bat eraiki du.

Kresala dantza taldeak Hitaz Orhoit taularatuko du larunbatean, Victoria Eugenian, 19:30ean. Basakeriaren eta zentzugabekeriaren biktima ikusezinen oroimenez sortutako lana da, gehienetan emakumeak protagonista dituena. Azken batean, zentzumenen pertzepziora zuzendutako antzezpen koreografiko bat da.

Egun berean, 18:00etan eta 19:00etan, Kukai Dantza Taldeak Giza ikuskizuna plazaratuko du Okendo plazan. Giza Eskubideen Deklarazioaren 75. urtemugaren karietara, hamabost minutuko pieza laburra osatu dute Kukai Dantzak eta Martin Harriaguek, Maite Larbururen parte-hartze bereziarekin. Eskuz esku, elkartasunez eraikitako bide baten gisa marrazten dute Giza

Azkenik, igandean, La Pharmacok Trilla obra erakutsiko du Victoria Eugenia Clubean, 17:30ean eta 19:00etan. Le Parody eta Luz Arcas elkartzetik sortua da lana. Folka eta elektronikaren ikerketa da, historikoki menderatzen gaituzten egitura bertikalak zalantzan jartzeko beharra aditzera emateko. Proposamen zeharo intuitiboa da, irudi, dantza eta paisaia soinudunen segida bat, aieneekin, gerrarekin eta ikuspegi pagano batetik Andre Mariaren erreferentziekin lotuak.

Dokumentuaren akzioak