Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Talde Batuak hilzorian egon da, baina gazteei eskerrak berpizten dabil”

Dokumentuaren akzioak

“Talde Batuak hilzorian egon da, baina gazteei eskerrak berpizten dabil”

Egilea
Maialen Zuazubiskar
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Abadiño
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/11/03
Lotura
Anboto

Hiru urtean itxaroten egon eta gero, hemen da Talde Batuaken urteurren jaia. Dantza taldeko kideak 50. urteurrena ospatzekoak ziren 2020an, baina pandemiak bete-betean harrapatu zituen. Kontuak kontu, azkenean hemen da urteurrena, 50+3, eta asteburu osorako prestatu dute egitaraua. 

Hiru urte geroago, baina, azkenean, hemen da Talde Batuaken urteurrena. Zelan zaudete?
Leire Pagonabarraga: Bai, ondo kostata, baina heldu da. Orain hiru urte dena prest geneukan, baina entsegu orokorra egin behar genuen egunean konfinatu egin gintuzten, pandemia zela eta, eta hor geratu zen dena. Eta orain asko kostatu da berriro antolatzea. Azken momentura arte ez dugu jakin egingo genuen ala ez, zalantzak izan ditugu egin ala ez. Baina, azkenean, gutxi batzuk dena antolatzen hasi, eta gazte hauei eskerrak hemen dugu 50+3. 

Antolatzea beti kostatzen da, eta aurten oraindino eta gehiago. Urteurren hau azken momentuan pentsaturiko zerbait da, eta denbora faltagaitik ez dugu belaunaldi guztietako dantzariok dantza egingo. Dantza taldeko umeek baino ez dute dantza egingo. Eta hor gogo falta ikusi dugu jendearen partetik. Ez dago jenderik antolakuntzarako. Egunean bertan parte hartzeko bai, baina aurreko lan horretarako ez.   

Gazteei eskerrak egingo ei da. Gazteek zelan hartzen duzue egun berezi hau, Elaia?
Elaia Abezia: Gogotsu, badakigu egun berezi bat dugula aurretik eta. Aurreko urteurrenean txikienak ginen eta ez daukat orduko akordurik. Aurten, txikien taldeko hutsuneak betetzeko dantza egitea proposatu ziguten, eta, beraz, plazara irtengo dugu. 
L.P.: Gainera, Elaiak paper garrantzitsua du zapatuan. Atzeskua egingo du soka dantzan.
E. A.: Eta oso urduri nago. Ezpata Dantzari egunean egin nuen lehenengoz, eta orduan baino hobeto irtetea espero dut. 

Zelan dago Talde Batuak gaur egun?
L.P.: Talde Batuak hilzorian egon da, baina gazteei eskerrak berpizten dabil. Zazpi bat urtean ez da inor hartu dantza taldean, ez delako egon nork erakutsi. Bagenituen umeak, baina ez arduradunik dantzak erakusteko, eta horri konponbidea ematea erabaki zen. Aurten arte, txikienak Lehen Hezkuntzako laugarren mailakoak izan dira. Lehenago, ostera, hiru urteko umeak ere bagenituen. Orduan erabaki zen Talde Batuak bertan behera uztea edo zerbait egitea aurrera ateratzeko. Eta gazteei eskerrak beste hiru talde sortu dira. Gazteak eurak hasi direlako dantza eskolak ematen.

Elaia, zuek zer dela-eta animatu zarate?
E. A.: Sasoi batean, gure taldea baino ez zebilen martxan, eta apurka-apurka guk ere dantza gutxiago egiten genuen; esaterako, ez ginen Euskal Jaietara joaten. Orduan, Leirek galdetu zigun ea gure ustez zelan berpiztu zitekeen dantza taldea. Egoera aztertu, eta ikasturte berriagaz batera dantzak erakusten hasi gara. Eta oraingoz oso gustura gabiltza.

Beste ezer gehitu gura duzue?
E. A.: 40. urteurrena egin zen moduan, 55.a egitea ere badarabilgu buruan. Ez dugu astirik izan 50+3 hau gura genukeen moduan prestatzeko, eta, beraz, jendea joan dadila hurrengorako prestatzen, antolatzen eta berotzen. 

Dokumentuaren akzioak