Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Iurretan Dantzari Dantza beti izan da lehenengo, Gorulari espeziala izan arren”

Dokumentuaren akzioak

“Iurretan Dantzari Dantza beti izan da lehenengo, Gorulari espeziala izan arren”

Egilea
Ekaitz Herreira
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Iurreta
Mota
Albistea
Data
2023/09/15
Lotura
Anboto
Ezkerretik hasita, Miren Txabarri, Maitane Totorika eta Jose Jabier Abasolo 'Tiliño'

Aurten 50 urte bete dira Iurretako taldea Gorulari dantzak egiten hasi zela. Urteurren borobil hori baliatuta, ekitaldi berezia antolatu dute jaietarako. Miren Txabarri Zuazo (Iurreta, 1947), Maitane Totorika Del Amo (Iurreta, 1999) eta Jose Jabier Abasolo Uribe 'Tiliño' (Iurreta, 1946) batuta, dantza hauen sorreraren eta bilakaeraren inguruko gogoeta egin du ANBOTOk.

Miren, orain 50 urte Gorulari dantzak dantzatzen hasi zen talde hartakoa zara. Zelan gogoratzen duzu momentu hura?
Miren Txabarri: Dantzariak egon bazeuden, eta gu eurekin ibiltzen ginen. Baina Durangon, Euskal Jaietan, Gorulari Dantzak egin ziren. Hortik aurrera pentsatu genuen hemen ere berreskuratu zitekeela.
Jose Jabier Abasolo 'Tiliño': Iurretan Dantzari Dantza egiten zen. Baina dantza asko galduta genituen. Iñaki Irigoienek eta beste batzuek bultzatu zuten guk geure dantzak berreskuratzea. Aurreskua barik, soka antzeko bat egiten genuen. San Salbadoreko hurrengo domekan, Txonpolo arboladian dantzaririk onenak batzen ziren, euren artean aukeraketa bat egiteko, eta auzo denetatik etortzen ziren. Txistularia eta banderaduna etortzen ziren aukeraketa egitera. Hortik hasi ginen datuak batzen. Guk aurreskua egiten ikasi genuen. Errotari maisua gurpildun aulkian zegoen eta bere alaba Mirenegaz ikasi genituen aurreskuko pausoak. Bagenekienez Euskal Jaietan Gorulariak egin zirela, Iurretan ere gizon eta emakumeak batzea erabaki genuen dantza horiek ikasteko. Prozesu horren barruan izan zen. Elkarrizketa asko egin genuen dantza hauek berreskuratzeko. Magnetofoiagaz ibiltzen nintzen grabazioak egiten. Leopoldo Zugazarengana jo nuen. Julian Altuberengana joateko esan zidan, Barrenkalen bizi zen. Harek datu piloa eman zidan. Salbazioa izan zen. Dokumentu bat topatu genuen, Domingilloa zelakoa zen azaltzen zuena. "Era la irrisión del pueblo" zioen idatzi hark Domingilloari buruz. Blanca Ellakuriak ere lagundu zigun.

Zelakoa izan zen ikasketa prozesua?
M. Txabarri: Iurretako dantzari bizimodua plazan egin dugu beti, eta bertan ikasi genuen. Gorulari, Arku Dantza eta Domingillo dantzak ikasi genituen. Arropak eta hori guzti hori ere prestatzen ibili ginen.
Jose Jabier Abasolo 'Tiliño': Estreinaldia baino lehenago, entsegu orokorra egin genuen plazan, eta Julian Altube etorri zen dena zuzen zegoen jakiteko. Baietz esan zigun.

Gogoratzen duzue Gorularien estreinaldia zelakoa izan zen?
M. Txabarri: Lehenengoz Donostiako udaletxean dantzatu genituen. Goizaldi dantza taldearen urteurren batera gonbidatu gintuzten eta bertan egin genuen estreinaldia, udaletxeko pleno aretoan. Ia kabitu ere ez ginen egiten. Zortziko taldeak barik, launaka dantzatu behar izan genuen. Hortik aurrera, San Migeletan ere Gorulari dantzak dantzatzen hasi ginen.
Jose Jabier Abasolo 'Tiliño': Merindadeko dantzak izanda, beste herrietako banderak ere eskegi genituen Donostiako estreinaldian. Biharamunean egunkarietan ere agertu zen. Handik aurrera, leku askotatik deitu ziguten.

Zelan prestatu zenuten arropa?
M. Txabarri: Mikel Lizartza donostiarrak ere lagundu zigun dantza arloan. Jantzien arloan Karmele Goñi bilbotarrak lagundu zigun. Berak azaldu zigun zelako jantziak egin, eta guk geuk josi genituen. Telak erosi eta Bego Belarren etxean batzen ginen arropak eskuz josteko. Atorra, gainean gona, azpikogona, txalekoa, kopetak eta painelua. Goiuria ikastolara ere eramaten genituen makinak arropak josteko. Urteetara, gonak eta paineluak berriztu ere egin izan ditugu, birritan edo horrela.

Emakumeek aurretik ere dantzan egin izan zenuten?
M. Txabarri: Jose Mari Zarrabeitia dantzari amorratua zen eta haren taldea eta neska talde bat dantzan aritzen ginen. Paseo de San Roke dantza, esate baterako. Presentazioa egin genuen Mendizabalen txaleteko frontoian. Entseatu ere bertan egiten genuen. Gero, Iurretan dantzatu genuen. Neskak gona gorriekin eta blusa zuriagaz. Hamabost bat urte izango genituen. Baina gero, utzi egin genuen. Dantzari dantza lehiaketak ere egiten ziren. Erandion kopa irabazi genuen.

Maitane, zu belaunaldi gazteeneko dantzaria zara. Zelan baloratzen duzu Gorularien ibilbidea?
Maitane Totorika: Gu 2016an hasi ginen plazan entseatzen. Aldaketa urtea izan zen. Erabaki zen Dantzari Dantza ez zela bakarrik mutilentzat izango. Dantzan hasten ginen denok ikasiko genuela erabaki genuen. Hasieran Dantzari Dantza ikasi genuen, eta gero Gorularienak. Esango nuke gure belaunaldian bigarren plano batan izan ditugun dantzak direla.
Miren Txabarri: Iurretan Dantzari Dantza beti izan da lehenengo, Gorulari espeziala izan arren. Estra baten modukoa.
M. Totorika: Guk ere gogoeta hori egin izan dugu taldean. Adibidez, azkenengo Urrijenan gure taldeko batzuek esan zuten gurago zutela Gorularin parte hartu, Dantzari Dantzan barik. Lagun bik horixe esan zuten taldean. Gero, Dantzari Dantza ere egin zuten, talde parekidearen aldaketa gertatu zela baloratu genuelako, eta hori ere garrantzitsua zela. Izan ere, aurreko belaunaldietako emakumeekin berba egin izan dugunean, batzuek esaten dute beti sentitu dutela Gorulariena bigarren plano batean egon dela.

Zein garapen izan dute dantza hauek?
M. Totorika: Gure belaunaldian Gorulari dantzei beste buelta bat eman diegu. Dantzari Dantzan talde parekidean irten garen legez, berdin da neska zein mutil, Gorularietan ere berdin egin dugu. Bilboko Aste Nagusian, esate baterako, Iurretako dantza taldeko mutilek gona jantzita eta neskek prakak jantzita dantza egin dute, dantzaren arabera. Taldean gai hau luze eztabaidatu da. Iazko San Migeletan, Ibai taldekideak gonagaz irten zuen plazara Gorulari dantzak egitera. Ez dakit jendea asko fijatu zen eta horixe da helburua. Eta oso ondo hartu zen. Guk prakekin irten genuenean komentario gehiago egon zen.

Zelan baloratzen duzue bilakaera?
M. Txabarri: Bilakaera hori oso ondo ikusten dut.


Hainbat belaunalditako Gorulariak elkarregaz dantzan.


Gorulariak berreskuratu zituen taldea, orain 50 urte.


Iurretako dantza taldearen belaunaldi berria Gorulari dantzak egin zituztenean San Migeletan.

Dokumentuaren akzioak