Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Lasa: Kontra-dantzak 1950

Dokumentuaren akzioak

Lasa: Kontra-dantzak 1950

2016/04/20 09:05

Aurreko batean Lasan 1950ean egindako dantza-jauzi ederrez gozatzeko aukera izan bagenuen, ez da gutxiago orain ikusteko aukera duguna. Kontra-dantzak, Lasako plazan, 1950ean. Erabat ez-ohikoak dira irudi hauek. Ez dugu era honetako irudien konstantziarik. Ez dugu ezagutzen hain filme zaharrik kontra-dantzak plazan, festetan, kabalkada eta emanaldietatik kanpo, erromeria giroan eta disfrutatzen dantzatzen erakusten dituenik. Tarteka irudiak ez dira ongi ikusten, baina antzamen daiteke fandango, oinbiko edo pasodoble, kontra-dantza eta balsak dantzatzen dituztela herritarrek.

Jakinekoa da XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran ohikoak zirela kontra-dantzak plazetan. Horren aztarnak egonkortuta, ikuskizun eran ezagutu ditugu zenbait dantzetan, Luzaideko kontra-dantzetan adibidez, kontra-dantza izena bera gordez, beste hainbatetan, izena eta izana nahiko diluituta. Dantzatu direla bagenekien, dantza-maisuek, musikariek, kontra-dantzetako figurak ahoz esan eta herritarrek, olgetan, dantzatzen zituztela jakina zen. Baina ikusi, aspaldi ez da horrelakorik ikusten euskal plazetan, eta filmetan ere ez dugu orain arte askorik ikusteko aukera izan.

Xabier Itzainak berriz ere irudiok balioan jartzeko gakoak eskaini dizkigu: "Kontrajantzak: batzu  ezagunak dira (“Garaziko kadrillak” bezala ezagutzen ditugu), bainan bertze figura berezi batzu badira – adibidez errondan jartzen direlarik– gehiago ikusten ez direnak, ene ustez hasteko. Merexi luke bariante horien biltzea, ez da behar bada berantegi".

Musikari begirada erne du beti Itzainak eta hauxe gehitu digu irudietan ageri diren  musikariei buruz: "Soinulariak: nago akordeoi joilea ez ote den Beñat Irigoien “Galtxetaburu”. 1934an sortu zen, beraz hogoi bat urte zituzken. Saxofoi joilea ez dakit nor den, bainan hain segur “Garaziko musika” (Piarresteguy orkestra edo “Ramuntxo” orkestra) famatuari lotua. Eta ze pena soinurik ez beita!". Bai, horixe da irudi zaharrekin behin eta berriz sortzen zaigu pena. Musika ezin entzutea. Soinuaren falta zer nolako hutsune handia den!

Aurkikuntza zoragarria da beraz honako hau. Aurrekoan argitaratutako dantza-jauzien irudien sortarekin batera zeuden hauek, eta beraz, haien jatorri bera dute. Luzien Aragon-ek filmatu zituen irudiok Lasan, 1950ean. Bere seme Beñat Aragon-ek digitalizatu ditu eta Maria Agnes Gorostiaga, Irulegi irratiko esatariak jarri ditu dantzan.eus-en eskutan. Esker mila deneri!

Lasa, kontra-dantzak plazan, Luzien Aragon, 1950.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean

Dokumentuaren akzioak

2016/04/20 11:25
Badirudi kontradantzak ezberdinak egiten zirela Bentaberry baino lehen, eta bere orkestrak batez ere modan jarri zituen ezagutzen ditugun kadrileak. Gauza bera topatu dezakegu hainbat tokitan. Luzaiden, adibidez, kontradantza sorta ezberdinak egiten ziren dantzaldi arruntetan, beti launaka, omen.
2016/04/21 13:27
Egia da gaur egun plaza gehienetan ez direla kontradantzak apenas erabiltzen. Estandar bihurtu diren gutxi batzuk bai: chapelloise, borobila, 'iturria' esaten zaion hori... Baina hauez gain, apenas.
Aldiz, kontradantzak oso dantza-molde egokia era aberatsa da plazarako. Oso errazak izan litezke, ludiko-jostagarriak... Gure kulturan ez zaigu molde arrotza, eta herritar dantzariek ondo onartu ohi dituzte (musika eta proposamen koreografiko egokiak proposatuta).
Nire dantzaldietan (Herrixa Dantzan eta beste) beti erabili ohi ditut kontradantzak, emaitza onaz: korruan, kadrilean... Batzuk estandarrak, beste batzuk nonbaiten jasotakoak, beste batzuk neronek moldatu edo sortutakoak...
Hori bai: plazara kontradantzak eramatea, ez du esan nahi 'Luzaideko kadrileak' edo antzeko eredu itxiak erreproduzitzea.
Aupa bideo hau!!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.