Dokumentuaren akzioak
Zuberoako Maskaradak 2022 egutegia
Atharratze eta Alozeko maskaradak, Arrokiaga, 2008-03-16. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA
Urtarrilaren 16an, igandea, abiatuko dituzte Atharratze-Alozeko maskaradak. Ondo bidean, urtarrilaren 16an Atharratzen hasi eta apirilaren 17an Gamere Zihigan bukatuko dira 2022ko maskaradak. Kasik lau hilabetean zehar Zuberoako hamabi herri bisitatuko dituzte Atharratze eta Alozeko gazteek.
Ohikoa ez bada ere, 2022ko maskaradak hasi baino astebete lehenago amaituko dira 2021ekoak. Izan ere, pandemia dela eta 2021eko neguan ospatu beharrean inauteriak udan hasi ziren maskaradekin Barkoxeko gazteak, eta gaurdaino luzatu dituzte. Beraz, astebeteko tartearekin hartuko dute Atharratze-Alozekoek Barkoxtarren lekukoa.
- Urtarrilak 8, larunbata: Barkoxe. 9:30ean hasiko dira barrikadak eta 14:00etan plazan ofizioak.
Hemen duzue 2022ko maskaraden egutegia herriz herri eta asteburuz asteburu:
- Urtarrilak 16, igandea: Atharratze
- Urtarrilak 22, larunbata: Pagola
- Urtarrilak 30, igandea: Lexantzü
- Otsailak 6, igandea: Barkoxe
- Otsailak 13, igandea: Altzürükü
- Otsailak 26, larunbata: Santa Grazi
- Martxoak 6, igandea: Muskildi
- Martxoak 12, larunbata: Idauze
- Martxoak 19, larunbata: Ainharbe
- Martxoak 26, larunbata: Aloze
- Apirilak 3, igandea: Maule
- Apirilak 10, igandea: Liginaga (aldaketa egon da, berez Irurin egitea aurreikusten zen)
- Apirilak 17, igandea: Gamere-Zihiga
- Maiatzak 1, igandea: Iruri
Urtero Allande Sokarros kazetari xiberotarrak maskaradako arizaleen eta prestaketen inguruko informazio mamitsua eskaintzen zigun Berrian. Orain hilabete zendu da Sokarros eta bere hutsunea are nabarmenagoa zaigu maskaradak abiatu bezperetan. Mila esker eta ez adiorik Allande!
Joimo Aranzet ari da maskaradako gazteekin errejenta eta dantza irakasle lanetan eta berak igorri dizkigu 2022ko maskaradetako arizaleen izen-abizenak eta beteko dituzten paperak:
Gorriak
- Jauna: Frank Berhouet
- Andereak: Kattalin Errezarret eta Lisa Loustau
- Laborariak: Clément Hastoy eta Maika Lafont-Etxeberri
- Laborarisa: Laurie Sagardoiburu
- Entseinaria: Marina Butturini
- Zamaltzaina: Antton Aranzet
- Txerreroak: Kati Etxebarne eta Sarah Baudry
- Gatuzainak: Maritxu Olestiarte eta Joana Sagardoiburu
- Kantiniersak: Teja Laborde eta Cécile Berzetxe
Beltzeria
- Xorrotxak: Clément Errezarret eta Mathilde Baqué
- Kerestuak: Marina Oskunegarai eta Laure Oskunegarai
- Kabana: Guillaume Rekalt
- Pitxu: Bixente Baqué
- Kauterak: Patrick Jonet, Nicolas Arhie, Jérôme Garicoix, Anna Iraola
- Buhame Jauna: Johañe Iriart
- Buhameak: Thomas Iriart, Laurentx Eliçabe, Yan Karrikiriborde, Bettan Arhie
- Hartza: Olivier Larrandaburu
- Bedezia: Guillaume Hastoi
- Marexalak: Txelina Aranzet, Inès Casanave, Léa Bordaxar, Romane Laborde-Maskiaran
- Küküleroak: Bettan Oskunegarai, Léo Berzetxe, Loula Baudry, Luisa Tauzin
Maskaradak inauteriak izanik asko du inprobisaziotik, beraz, ordutegiak egunaren arabera izaten dira, bertaratu aurretik ezin jakin ezer segururik. Ohikoena lehen barrikada 9:00-10:00 bitarte hastea izaten da, baina lasai, ordu horretarako ez bazarete iristen goizean zehar beste hiru edo lau bat egiten dituzte herriko hainbat auzunetan. Emanaldi nagusia edo ofizioak, berriz, bazkal ondorenean hasten dira; herriko plazan edo frontoian normalki, eta aterpe, karpa edo biltegiren batean eguraldi txarra badago. Arizaleen mahai buelta zenbat luzatzen den, horren araberakoa izaten da saioa hasteko ordua. Normalki, 15:00-16:00 bueltan, eta hiru bat ordura luzatu ohia da arratsaldeko emanaldia.
Maskaradetara joan aurretik ez ahaztu irakurtzea:
Dokumentuaren akzioak
- 2022ko Zuberoako Maskaraden egunak (Gaztezulo, 2022-01-03)
https://www.gaztezulo.eus/[…]/2022ko-zuberoako-maskaraden-egunak
- Barkoxen agur erran ondotik, Atharratzen abiatuko dituzte aurtengo Maskaradak (Kazeta, 2022-01-04)
https://www.kazeta.eus/eu/i[…]dituzte-aurtengo-maskaradak
- Asteburu honetan maskaradei agur Barkoxen, eta hurrengo astean ongi-etorri Atharratze-Alozen (Argia, 2022-01-04) https://www.argia.eus/albis[…]gi-etorri-atharratze-alozen