Londresko areto entzutetsua da Royal Albert Hall izenekoa, eta bertan beste era bateko kontzertu eta emanaldiekin batera, dantza tradizional emanaldiak antolatu zituen XX. mendean English Folk Dance and Song Society (EFDSS) elkarteak. Morris federazioan bidez eskuratu dugun film honetan euskal dantza talde bat ageri da Albert Hall-en dantzan. Baina ez dakigu zein talde den. Inork laguntzerik?
Dantza emanaldiaren ezaugarriak
Zuberoako dantzak egiten dituzte lehenengo, ondoren durangaldeko dantzari-dantzan oinarritutako moldaketa bat, eta gero dantzari batek aurreskua edo gutxienez bakarkako dantza agerraldia egiten du. Azkenik Xemeingo ezpata-dantzan oinarrituta sortutako koreografia bat egiten dute. Koreografiak eta dantzakera ikusita, akaso Etorki izan liteke? Dantzari bakarlariak prestakuntza klasikoko zenbait postura ditu, eta aipagarria da airean jirak egiten dituenean bi buelta egiten dituela beti.
Ondoko bi argazkiak EFDSSren artxiboetan jasotakoak dira, eta datarik eta erreferentziarik ez badute ere, emanaldi berekoak izan daitezkeela iruditu zaigu. Filmean ageri diren dantza taldearen tankera eta figurak dituzte argazkikoek eta tokia Albert Hall bera dela dirudi.
Badira argazki hauetan aipatzeko moduko kontu batzuk. Txotxongiloan altxatuta daukaten dantzariak besoak gurutzean jarrita ditu, filmean ageri den moduan. Argazkiek jantziak xeheago ikusteko aukera ematen du, eta adibidez, oinetakoak ez dira abarketak, dantzarako balleteko txapin tankera dute. Txotxongiloan dantzaria sorbaldetatik altxatzen dagoen dantzaria emakumea izan daitekeela iruditu zaigu.
Dantzakera eta janzkera (ballet arrastoak), nazioartean ibiltzea eta emakumea dantzari-dantzan izan daitekeela kontuan hartuta, Filipe Oihanburuk zuzendutako Etorki izan daitekeela pentsatu dugu, baina ez dugu inolako datarik hori berresteko. Oihanburuk idatzitako De Biarritz a Tbilissi en passant par Bogota liburua aztertu dugu, baina ez dugu emanaldi honen arrastorik aurkitu bertan. Hala ere, 1967an biran ateratzeko taldea berrantolatu zuen Oihanburuk eta Aingeru Ezkurra eta Periko Zabaletak, suite guerriere piezan airean bi buelta egiten zituztela dio.
Inork ba al daki zein euskal dantzari taldek dantzatu zuen Londresko Albert Hall-en 1967an?