Dokumentuaren akzioak
Zarauzko Mollarri eta Iratzarri dantza taldeek bat egin dute
Iratzarri eta Mollarriko kideak elkarrekin, Zarauzko udaleko ordezkariekin batera. "Kalaportu, itsasontzi gorri bat" blogetik jasotako argazkia. http://gari2017.wordpress.com/
Gari Berasaluzek, Zarauzko udaleko kultura zinegotziak kontatu du bere blogean: "Argazki eta agerraldi historikoa eskaini dute gaur Mollarri eta Iratzarri dantza taldeek. Izan ere, urte askoan Zarauzko bi dantza talde nabarmenenak izan direnek bat egin dute, eta aurrerantzean talde bakar bat bezala ariko dira, elkarrekin."
Azpiegitura aldetik une latzean gertatu da batzeko erabakia. Bai Iratzarri eta bai Molarri entseguetarako lokalik gabe geratu dira aurten, eta Zarauzko kultur azpiegituren inguruko gogoetarekin batera gertatu da hori. Zarauzko udalak pentsatu du Ebro Etxea kultura ekimenetarako bideratzea, eta bertan izango du talde bateratuak "entseguetarako eta dantza taldeen materiala eta arropak gordetzeko" tokia. Izena erabakitzea falta omen zaie bakarrik.
Taldeetako ordezkariek honela azaldu dute batzeko erabakia: "Iratzarriko gehienek Zarauztik kanpo ikasten zuten eta beraz talderik ezin izan dute hartu urte hauetan. Mollarrin, aldiz, haur talde asko genituen eta ez ginen guztiei irakastera iristen. Hau ikusirik, eta buruari nahiko buelta emanez, bi dantza taldeak mahai berean eseri eta irtenbide hauxe ikusi genuen: Zarautzen dantza talde bakarra eta eraginkorra egotea. Finean, gaur egun bi talde hauetan gauden irakasleon helburuak berdinak baitira; esate baterako, euskal kulturaren bultzatzaile izatea, azken batean haurrek herriko festetan euskal dantzak egiteko gaitasuna izan dezaten."
- Mollarri eta Iratzarri dantza taldeek bat egin dute (Kalaportu, itsasontzi gorri bat.... blogean).
Dokumentuaren akzioak