Zarauzko Mollarri eta Iratzarri dantza taldeek bat egin dute

2012/10/22
Zarauzko Mollarri eta Iratzarri dantza taldeek bat egin dute

Gari Berasaluzek, Zarauzko udaleko kultura zinegotziak kontatu du bere blogean: "Argazki eta agerraldi historikoa eskaini dute gaur Mollarri eta Iratzarri dantza taldeek. Izan ere, urte askoan Zarauzko bi dantza talde nabarmenenak izan direnek bat egin dute, eta aurrerantzean talde bakar bat bezala ariko dira, elkarrekin."

Azpiegitura aldetik une latzean gertatu da batzeko erabakia. Bai Iratzarri eta bai Molarri entseguetarako lokalik gabe geratu dira aurten, eta Zarauzko kultur azpiegituren inguruko gogoetarekin batera gertatu da hori. Zarauzko udalak pentsatu du Ebro Etxea kultura ekimenetarako bideratzea, eta bertan izango du talde bateratuak "entseguetarako eta dantza taldeen materiala eta arropak gordetzeko" tokia. Izena erabakitzea falta omen zaie bakarrik.

Taldeetako ordezkariek honela azaldu dute batzeko erabakia: "Iratzarriko gehienek Zarauztik kanpo ikasten zuten eta beraz talderik ezin izan dute hartu urte hauetan. Mollarrin, aldiz, haur talde asko genituen eta ez ginen guztiei irakastera iristen. Hau ikusirik, eta buruari nahiko buelta emanez, bi dantza taldeak mahai berean eseri eta irtenbide hauxe ikusi genuen: Zarautzen dantza talde bakarra eta eraginkorra egotea. Finean, gaur egun bi talde hauetan gauden irakasleon helburuak berdinak baitira; esate baterako, euskal kulturaren bultzatzaile izatea, azken batean haurrek herriko festetan euskal dantzak egiteko gaitasuna izan dezaten."

Oier Araolaza
Oier Araolaza
2012/10/22 10:55

Albiste ona! Zenbat herritan dauzkagun bi (edo hiru eta lau!) dantza-talde, lan berdina egiten, eta denetan arazoekin taldeak osatzeko, eskolak emateko, e.a. Eta talde askotan gaur egun dauden dantzariak ez dakite zergatik sortu (edo banatu) ziren bere garaian bi talde.

Aritz Ibañez Lusarreta
Aritz Ibañez Lusarreta
2012/10/22 11:29

Berri ona!! Taldeak banatzea ezagutu izan dugu bereziki, baina kontrako bide aberasgarriagoa ere posible dela erakutsi duzue!

Patxi Laborda
Patxi Laborda
2012/10/22 15:35

Zorionak, ezbaita erraza desadostasun historikoetatik haratago begiratzea eta herriak behar duenari erantzuteko indarrak metatzea. Biba zuek eta aurrera!

Izaskun Salazar
Izaskun Salazar
2012/10/23 09:55

Poz handia ematen dute holako berriek. Zorionak!!