Dokumentuaren akzioak
Karaktere dantzen inguruan arituko da Yves Guillard aditua Hiriburun
Dantzan
Yves Guillard dantza-maisu eta antropologoaren hitzaldi eta dantza ikastaroa antolatu ditu Leinua taldeak martxoaren amaierarako Hiriburun, “Hiruak Dantzan” euskal tailer eta dantzaldi zikloaren barruan. Guillard-ek interes berezia erakutsi izan du Euskal Herriarekiko, eta bereziki Zuberoako dantzekiko. Izan ere, bere ikerketetan aztertu du nola aberastu zituzten akademia militarretan landutako oinarrizko dantza puntuek zuberotar dantzaren teknika XIX. mendearen amaieran.
1947an Berry Frantziako eskualde historikoan jaioa, Yves Guillard gizarte eta kultura antropologian doktorea da, eta 1995ean defendatu zuen doktorego tesian "Dantza eta soziabilitatea" aztertu zituen. Ikerketa lan horretan karaktere dantzak sustatzen zituzten elkarteak ikertu zituen, bereziki Sarthe eta Loira eskualdeetakoak. Lan hori berrikusi eta osatuta argitaratu du 2024an Les danses de caractères et les sociétés chorégraphiques de l’Ouest de la France izenburupean.
Hitzaldia eta tailerra Yves Guillard-en eskutik
Guillard-en bisitarekin lotuta, bi jarduera antolatu dituzte Hiriburun. Lehenengoa Guillard-en hitzaldia izango da, martxoaren 27an, ostirala, 18:30ean, Leinuako Batzokian. Eta bigarrena dantza tailerra; martxoaren 29an, igandea, 10:00etan, Biltoki aretoan. Yves Guillardek berak eta Catherine Thuardek gidatuko dute.
Tailerra dantza taldeetako dantzariei zuzenduta dago, eta parte-hartzaileek gutxienez 15 urte izan beharko dituzte. Horrez gain, zuberotar dantzaren teknikaren inguruko oinarrizko ezagutza izatea eskatzen da.
Bi jardueretarako sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da leinua@gmail.com helbidean, leku kopurua mugatua baita.
Dokumentuaren akzioak


